NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EUSKAL HERRIKO GAZTERIARI

Joanes Etxeberri “Sarakoa” (Sara, Lapurdi, 1668 – Azkoitia, Gipuzkoa, 1749)

Joanes Etxeberri sendagile saratarrak lan bakarra lortu zuen argitaratzea bizi artean: Lau-urdiri gomendiozco carta edo gutuna. Bertan, eskualdeko eskoletan euskaraz irakatsi ahal izateko eskaria egiten zion Lapurdiko Biltzarrari. Alferrik: ezezko erantzuna jaso zuen. Etxeberriren beste bi lanak ez ziren XX. mendera arte argitaratu. Bata, Eskuararen hatsapenak, euskararen apologia bat zen. Gabriel Arestiren hitzetan: “Apologia honek, euskarak dirauen bitartean, beti gordeko du freskotasun xarmagarri bat, enkantamendu gozagarri bat, espontaneitate delizios bat. Haren arrazoiek, haren armek, ez dute efikazia handirik, baina esgrimitzen dituen adore eta kemenagatik beti laudatu beharko dugu eskritore eta euskaltzale noble eta prestu honen entusiasmo miragarria” (1). Etxeberriren hirugarren lana, 1718. urte inguruan idatzia, euskaratik abiatuta latina ikasteko metodo bat zen. Haren zati da “Escual-herrico gazteriari” izeneko gutuna, zeinetan Etxeberrik, bere entusiasmo miragarriaz, jakitatearen aldeko hautua egitera gonbidatzen dituen gazte euskaldunak.

Testu mota: Saioa

Garaia: 1712

Atala: Literatura

Minervaren borroka Marteren aurka. Egilea: Jacques-Louis David (1748-1825).


“Gogoetan nengoelarican egun batez, cer perpaus hautatuco nuen gure gazteriari aippatceco, gogora citçaitan, hei guehienic agrada ahal daquioqueten gauça dela guerla: ceren gende gazteac, eta bereciqui Escualdunac bere baitharic emanac baitira gudura, eta gathazcara; eta nola gaztei eman behar baitçaje hequien disposicionari dagocan emplegua; hargatic bada nic-ere hautatu dut hei hemen aippatceco guerla…”

Gogoetan nengoelarik egun batez zer hautatuko nuen gure gazteriari aipatzeko, gogora zitzaidan haiei gehienik agrada ahal dakiekeen gauza dela gerla. Zeren jende gazteak, eta bereziki euskaldunak, beren baitarik emanak baitira gudura eta gatazkara; eta nola gazteei eman behar baitzaie haien disposizioari dagokion enplegua, hargatik bada nik ere hautatu dut haiei hemen aipatzeko gerla.

Ordea beharbada poztuko dira, ustez ezen gonbidatzen ditudala suzko eta garrezko joko eta harrabots izugarrietara. Ez; zeren nehork gonbidatu gabe berak baitira hartara asko emanak. Baina deitzen ditut, josteta ezti eta kanta-alosien bidez, inorantziaren kontra egiten den gerla ohorezkora, eta batbederak batere arriskurik gabe anitz abantaila eder erdiets dezakeenera. Hau da gerla eder eta miragarri hura, zeinetan jakintasunak nahi baitu gizona altxatu, eta abantailatu, hala nola inorantziak nahi baitu jaurti, eta ostikatu. Hauxe da bada nik aipatzeko dudan gerla. Halatan, beraz, arrazoi lukete gure gazteek laster egiteko ene deiadar honetara, ezen ez da munduan gizonik jakitea desiratzen ez duenik, zeren guztiok jeneralki baitugu geure baitarikako gutizia bat jakiteko, eta hargatik naturalki penduratzen gara jakintasunera, gure perfekziora bezala. […]

Jakintasuna eta inorantzia baliatzen dira bi arma diferentez: batak darabil nekea eta trabailua, bertzeak aisia eta alferkeria. Jakintasunak edo zientziak gerla egiten dio inorantziari nekearen eta trabailuaren bidez, arma hauetaz garaitzen du. Halaber inorantziak ere aisiaren eta alferkeriaren bidez kontra egiten dio jakintasunari, trabatzen du, eta irabazten dizkio anitz izpiritu gai eder, eta batzuetan, munduan diren adimendurik altuenak eta gairik hoberenak: batzuk, estudiatuko zuketelarik, aisia eta alferkeria dela kausa estudiatu gabez, eta bertzeak, estudiatu ondoan, halaber aisiari eta alferkeriari beren buruak emanez, eta ikasi zutena ahanztera utziz. Orain ikusten duzue beraz, gazteak, gerla honetan bataren eta bertzearen armak zein diren? Orain zuen baitan dago hautatzea.

DE URQUIJO E IBARRA, Julio (1907). Obras Vascongadas del doctor labortano Joannes d'Etcheberri (1712), con una introducción y notas por Julio de Urquijo e Ibarra. Paris: Paul Geuthner. (93 eta 96-97).

ERREFERENTZIAK

(1) ARESTI, Gabriel (1986). «Joanes Etxeberri Sarakoaren sentimendu soziala eta kontzientzia nazionala» in Artikuluak; Hitzaldiak; Gutunak. Gabriel Aresti-ren literatur lanak 10. Donostia: Susa. (122-129).

Irudia

, via Wikimedia Commons

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper