NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

AZKEN JUDIZIOAREN GAINEAN

Joan Piarres Duvoisin (Ainhoa, Lapurdi, 1810 – Ziburu, Lapurdi, 1891)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1856

Atala: Literatura

1. Azken judizioaren eguna, ca. 1853. Egilea: John Martin (1789 – 1854).


Gure lur hau bere akabantzara etortzen denean, zer da gertaturen? Zer ikusiko den, nork erran dezake? Ai nere Jaungoikoa, zuk bakarrik dakizu, eta ez bertzeek, noiz eta nola izanen den munduaren urratzapena. Ordu lazgarri haietan, alde orotarik goseteak, izurriteak, gerlateak, lurrikarak eta heriotzak, estura gaitzak eta etsimendu ihargarriak. Eta horiek akabantzako zafraldien abiadurak baizik ez dira. Azkenean, haize bunbada izugarrien artean, Jainkoaren haserredurako su bizi zorrotzak, diren gizon, abere eta bertze gauza guziak erre eta hauts beltzera bihurturen ditu.

Eman dezagun, munduaren aldarte izugarri honen erdian, bakarrik bizi gelditu zarela; eta estante dohakabe horretan ikusirik, erraten diozula: Oi, zorigaitzezko mundua! Zu zara bada Adamen semeak zorarazi eta engainatu dituzuna? Zugatik hainbat gudu, auzi, borroka, haserrego; zugatik hainbat armada altxatu dira, hainbat heriotza egin? Non dira orain, zer egin dira errege handiak? Hainbat neke eta galmenten erdian manatzen zuten aitzindariak? Non dira aberats eta boteredun, zure ontasunak gozatu dituztenak? Non dira diru-goseak multzotu dituen urre eta zilarrak? Non dira dorre gorak eta jauregiak, baratze eder eta lorategiak? Non dira maina guriak, atsegin eroak, hainbat gozakari sukar handirekin bilatzen zirenak?

Ai nola guziak hauts bihurtu eta kea bezala suntsitu eta hondatu diren! Errana da errege handi bat negarrari eman zela oroiturik bere armada ederra, urte gutirik barrenean, ezdeusetara itzuliren zitzaiola. Eta orain ikusteaz munduko armada, gizon eta gauza prezatu guziak, azkeneko gaztigu paregabe honetan hondatuak, nori ez zaio estaliko bihotza eta minez erdiratuko? […]

Hona non Jainkoaren suak munduaz egin duen hauts meta handi bat. Zatoz, nire arima, meta horretan bila itzazu zuri hainbat neke gosta zaizkizun ontasunak. Ikusazu non diren zure aitzinekoek utzi izan zizuten etxea, zure ondokoentzat altxatu izan zenuena, zure atseginetako lekuak, zuk gehienik laket zenituen tokiak. Ikusazu, begira ezazu ea gainazpikadura ikaragarri horretan zer aurkituren duzun. Guziak errauts eginak daude. Eskuan hauts puska bat har ezazu. Hori, beharbada, lehen koroa bat zen. Non da haren edertasuna? Beharbada makila bat zen. Non da haren larderia? Beharbada neskatxa eder bat zen. Non da haren berregintasuna? Ai guzia ilauna, haizea, hutsa, eta hautsa!

2. Heriotzaren garaipena. Egilea: Pieter Brueghel Zaharra (1525-1569).
3. Joan Piarres Duvoisin

DUVOISIN, Jean (1856). Liburu ederra, Cardaveraz jesuistak egina; Lapurdico escarara itzulia. Baiona: Andre Lamaignère Alhargunaren Moldiztegia. (249 eta 252-253).

IKUS HAU ERE

Joan Piarres Duvoisin Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

TOUYAROU PHAGABURU, Elena (2010). Jean Pierre Duvoisin. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

1, 2, eta 3. via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper