NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

HAUR LEPRADUNA

Anonimoa

Testu mota: Alegia

Garaia: 1892

Atala: Literatura

Gako hitzak: Eguberrietako ipuina

1. Egiptora ihesi. Egilea: Francisco de Goya (1746–1828).


Eskualduna astekaria, 1892ko urtarrilak 1

Ilun zen; izar bakar bat ere ez ageri zeruan; ortzia karraskaz, euria ari.

Holako aroarekin, gizon bat eta emazte bat, beren haurra besoetan asto baten gainean, bazihoazen oihan beltz batean, gizonak astoa zeramala kabestrutik, bridatik.Argi bat iduriturik etxola batean, hurbiltzen dira eta diote:

—Ireki, otoi, ireki!

Etxola hartan, supazterrean berotzen zegoen emazte bat noizean behin behatzen ziona tristerik ohako bati; han, haur bat sukarrarekin pleinuz ez lo, bai lo.

Berriz ere:

—Ireki, otoi, ireki!

Barnetik arrapostu:

—Nornahi izan zaitezten, aitzina. Hemen ez dugu nehor aloitzen.

—Abraham, Isaak eta Jacoben Jainkoaren izenean, ireki!

—Erran dizuet: kurri aitzina, zorigaitz hemen sartzen den arrotzari!

—Lehertuak gara, eta holako denbora!

—Azkenean, zer galdatzen duzue?

—Aterpea ene senarrarentzat eta ene haurrarentzat —ihardesten dio, gurtzen delarik, emazte gazte eder-eder batek.

—Baina galdatzen didazuna zuei emanez, zerbitzu baino kalte gehiago eginen dizut. Ohoin aipatu baten emaztea naiz, eta gaur biltzen bada etxerat, haren ukaldietarik ezin begiratuko zaituztet.

Hola mintzo zelarik, atea erdi irekia, zabaldu zuen osoki. Astoa ezarririk bazter batean, Jose sartu zen bere esposarekin eta Jesus Jainko Haurrarekin. Surat hurbildu ziren. Bere ohakoan haur eria atzartu zen eta Jesus ttipiari irri bat egin zion.

—Ez dakit nor zareten —dio ohoinaren emazteak—, baina, zuek hemen sartuz geroz, bertze bat egina naiz, dena alegera, eta beha ezazue nola ene seme eria irriz ari zaion zuen haurrari.

Bizkitartean, galerna gaitzen-gaitzenean zen, ortziak etxola zuen kordokarazten.

Hainbertzenarekin:

—Tan, tan.

—Nor da hor?

—Ni, irekidan berehala.

—Ene senarra —dio emazteak ahapetik—. Eta orain non gordeko zaituztet?

Mariak eman zion bere haurra, zutitu zen eta atea ireki zuen. Ohoina sartu zen firrindan, larruraino bustia, zernahi gauza ebatsiz kargatua. Maria ikustearekin urrats batez gibelerat egin zuen, bere emazteari idorki behatzen ziola.

—Jende erromes batzuk dituk, denbora ikaragarri honekin aterpea galdatu zidatek eta eman zieat. Agian aloimendu honen ordain, zorion zerbait ekarriko zigutek; gure haur gaixoak balikek zerbaiten beharra!

Ohoina eztitu zen eta atea itxi zuen, zioelarik:

—Hola denez geroz, izan bitez ongi etorriak!

Eta hitzik erran gabe, zoko batera jaurti zituen gauza ebatsiak, inarrosi bere soineko bustiak, eta surat hurbildu zen. Gero:

—Badugu, no, jatekorik gaur?

—Badiagu oraino ogi, fruitu eta pittika laurden bat.

Eta nola Mariari bihurtu nahi baitzion bere semea afariaren prestatzeko:

—Ez —dio Mariak—, nik zerbitzatuko zaituztet.

Orok jan zuten, eta ohoinaren emaztea sutondoan egon zen Jesusekin eta bere semearekin.

Ase zenean, ohoina hasi zen Joserekin solasean.

—Zer haur ederra duzuen! A! Enea holakoa balitz!

—Eri duzue beraz —dio Mariaren esposak, haurrak dituen zauriei behatzen diela.

—Bai, eri eta eri handi, lepraz betea da.

Bulta bat egon ziren isilik. Ohoinaren emaztea hasi zen negarrez, eta bere negarren artetik erran zuen:

—Jainkoak haurra du gaztigatzen, bere gurasoen krimenez haren baitan da mendekatzen.

Ohoinak so egin zion bere emazteari, baina behatze hartan ez zen deus idorrik, kasik eta iduri bere baitan zioela: “Arrazoi dun”.

—Jainkoak bere besoak zabaltzen dizkio bekatoros urrikituari —dio Mariak. Eta gau guzia iragan zuten solasean. Jesusen, Mariaren eta Joseren konpainian orenak zalu doaz.

Mariak hartzen du bere semea altzoan eta dio:

—Atertu da, argia hastera doa, emadazue ur xorta bat ene haurraren ikuzteko, garbitzeko, eta gero joanen gara.

—Ez oraino —ihardesten dio ohoinak, ezen, berak ez zekielarik nola, ez zertako, gau hartan aloitu zituen jende haiek maite zituen.

Josek dio:

—Bide luzea dugu egiteko.

—Eta norat zoazte?

—Egiptorat, bainan geroxeago itzuliko gara.

—Beraz orduan, faltarik gabe honat alderatuko zarete, eta lehen helan gure etxolaren atea irekia izanen zaizue.

Mariak garbitu zuen Jesus haurra, gero ohoinaren emaztea besarkatu eta erran zion:

—Zure haurra garbi ezazu ene semea garbitu dudan urean.

Eta joan ziren. Ohoinak eta honen emazteak urrunera begiz segitu zituzten. Itzali zirenean triste-tristeak gelditu ziren; haur lepraduna ere eman zen negarrez. Amak erran zion:

, haurra, haugi. Garbituko haut emazte arrotz maitagarri horren semea garbitua izan den urean.

—Ez din balio —dio aitak, sorbaldak uzkurtzen dituela.

—Ez duela balio!... Zer arriskatuko dugu?

Eta urean sartzen du haurra.

Lepradun ttipiak hunkitu du bai ura, horra non osoki sendatua den. Jainkoak beti ongi eginari ematen dio bere saria.

Denboraren buruan hemen aipatua den lepradun ttipia hil izan zen urrikitua Jesus gurutzefikatuaren eskuinean.

Deitzen dute ohoin ona.

2. Kristo Ohoin Onarekin gurutzefikatua.
Egilea: Francesco Allegrini da Gubbio (1587–1663).
3. Jatorrizko testua, hemen.

Irudiak

1 eta 2. , via Wikimedia Commons.

3. www.hemeroketa.eus

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper