NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

LEIREKO TXORIA

Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1997

Atala: Literatura

Gako hitzak: elezaharrakdenbora

San Birila lotan. Leireko monasterioa, Nafarroa.


Leireko San Birilaren eta bertako txoriaren legenda oso ezaguna da noski. Hala ere, tokian tokiko zer kontatuak eskaintzen ditugun sail honetan horri ere leku eman behar zaiola uste dugu.

X. mendea zen. Antso I.a Gartzeitz Nafarroako erregea; eta moroak artean Ebro inguruan zeuden.

Leireko fraideen nagusia Birila izeneko bat zen. Bertatik bistan dagoen Aragoiko Tiermas herrian jaioa. Haren izena garai hartako paper-agirietan azaltzen da. Bene-benetako gizona izan zen, beraz, hura; ez inoren irudimenak sortua. Santu izendatua gainera, hil ondoren. Beraren hezurrak Leiren gorde izan ziren urte askoan. Gaur lruñeko katedralean direla uste dut. Haren irudiak, irudi zaharrak, harrizkoak, badira Leireko komentuan. Baina berari erantsi zaion legenda kontatzen has gaitezen.

Elizgizon sutsua omen zen. Baina bazeukan zalantza gaizto bat, pipiak zura bezala barrua zulatzen ziona: betikotasuna zer izan zitekeen alegia.

Sarritan koruan fraideek kantatzen zuten salmo batek honela zioen: "Mila urte zure aurrean, Jauna, atzo pasa zen eguna bezalakoxeak dira".

Baina berak honela zioen bere kasa: "Hori ezinezkoa da. Jaungoikoa edertasun amairik gabea izanagatik, hura beste ikuskizunik ez dutela, azkenerako aspertu egingo dira zerutarrak".

Pentsamendu horrek ez zuen gizajoa bakean uzten. Udaberriko egun batez, bere kezka hori bihotzean zuela, atsedenaldi bat hartzera atera zen. Baso itxi batean sartu zen, eta ez zen gelditu iturritxo baten ondora iritsi arte. Hantxe atsedentzen zegoela, txori bat kantari hasi. Hari entzundakoan, Birilak:

—Hori txorrotxio liluragarria! Musika hoberik bai ote da inon?

Hobeto entzutearren, harri-konkor batean eseri zen, eta begiak itxi. Hura zoramena!

Txoria isildutakoan, etxerako bidea hartu zuen. Basotik atera eta komentua oso aldatua eta handitua ikusi zuen. Nola izan zitekeen hura?

Alderatu, fraide batekin topo egin eta honek:

—Nor zaitugu zu? Zer nahi zenuke?

San Birilak:

—Ni nor nauzuen? Komentu honetako nagusia, paseatzera atera eta orain etxeratzen naizena.

—Ez. Hori ezin daiteke. Komentuko nagusia Urlia da. Deituko dugu bera.

Nagusia deitu zuten, beste fraide batzuk ere inguratu ziren eta denak ezezagunak Birila gizajoarentzat.

Besteak, berriz, beren buruari galdezka: "Basotik agertutako fraide hau nor izan daiteke?". Baina batek komentuko liburu zaharrak ekarri zituen, eta han azterka hasi, bertako nagusi izandako fraideen izenak aztertuz. Halako batean:

—Bilatu dut! Orain hirurehun urte Birila izeneko bat zen hemengo nagusia. Baina basoan galdu eta ez omen zen gehiago azaldu.

Hara dena garbi. Horrenbeste denbora txoriari entzunez pasea izan hura. Fraideak oihuka orduan:

—Mirari! Mirari bat dugu hau!

Denak elizara zuzen, Jainkoari eskerrak ematera. Zera esaten duen salmo hura kantatu zuten: "Mila urte zure aurrean, Jauna, atzo pasa zen eguna bezalakoxeak dira".

Orduan txori bat hegan eliz barrura eraztun bat mokoan zekarrela, San Birilaren abade-eraztuna bera, eta honen behatzean sartu.

Denbora berean goiko ahots bat:

—Txoritxo baten kantua baino hobea ez al da izango milioika aldiz Zeruko Jaunaren edertasuna?

Legenda hau ez omen da Leirekoa bakarrik. Galizian eta Leonen ere kontatzen omen da. Baita Frantzian, Belgikan eta Ingalaterran ere. Alfontso X.a Jakitunak ere beraren berri ematen du bere cántiga batean. Baita aita Nieremberg-ek, Uhland Alemaniako olerkariak eta Valle Inclán idazleak ere.

Aurtengo maiatzean izan nintzen ni Leiren. Goiz eguzkitsu bat zen. Lehenengo bisita elizari eta elizpe zoragarriari. Gero mendian gora, Erronkariko artaldeen bidetik. Lurra margaritaz betea zegoan. Kukua eta kilkerrak kantari. Nire aurrean gailur harkaiztsuak goizeko eguzkiarekin dizdiz. Baita hostoberritutako pagadiak ere. Burua jiratu eta Esako urtegia, zeru urdinaren ispilu. Atzean, berriz, mendiak: Oroel, San Juan de la Peña, Santo Domingo, Sos, Peña, Uxue...

San Birilaren iturriko bidea ondo seinalatuta dago. Hari segika, basoan sartu nintzen. Arteak hemen nagusi. Baina ez nolanahikoak; ehunka urte izango dituzten arbola handi baldarrak. Baita gizon baten buruari eragiten dioten ezpel ikusgarriak ere. Harkaitz-konkor handiak ezker-eskuin, goroldioz jantzita. Lurra arte-orbelez estalia. Harkaitz batean hitz hauek idatzita: "Mil años en tu presencia son como el día de ayer que pasó". Beste batean Rabindranath Tagore-ren hitz hauek: "Hace siglos que compones colores y canciones, pero tu paraíso es aún sólo un mero proyecto".

Iturrira iritsi naiz. Ur tragoxka bat lehenengo. Hurrena, zuhaitz eta harkaitzez inguratutako txoko hartan, gizonaren betiko galderak nire buruan ere: Nola honatu ginen? Zer gara? Nora goaz?...

Halako batean, alboko artean erresiñol bat kantari hasi. Hura zen dotoretasuna. Hari entzuten geldi-geldirik egon nintzen, isildu zen artean.

Bueltako bidea hartu nuen. Pentsamendu bat orduan burura: "Nik ere hirurehun urte pasa ote ditut txoriari entzuten?". Alde batera gogoa banuen horrela gertatu eta hemendik hirurehun urtera mundu hau zer izango den pixka bat bederen ikusteko.

Baina ez. Basotik atera eta komentua lehen bezalaxe zegoela ikusi nuen. Erlojuari begiratu nion eta nire joan-etorria, erresiñolari entzutea eta guzti, ordu betekoa gehienez ere...

ZAVALA, Antonio (1997). Oiñez eta jakin miñez. Donostia: Auspoa Liburutegia 249. (212-215).

IKUS HAU ERE

IRIONDO, Josemari (2010). Antonio Zavala. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper