NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ZER NINTZEN? ZER NAIZ?

Anonimoa

Testu mota: Kronika

Garaia: 1842

Atala: Literatura

1. Donostiaren aurkako erasoa 1813ko abuztuaren 31n. Egilea: Denis Dighton (1792 – 1827).


Mila zortziehun eta hamahirugarren urtean, Napoleonen gudariak edo soldaduak gelditzen ziren Donostian eta lruñean edo Pamplonan, azkenekoak bezala. lrunen, Hondarribian eta Oiartzunen, jabe eginak zeuden espainiarrak, hala nola Gipuzkoako beste inguruetan; eta Nafarroan, ingelesak eta portugesak, elkarren lagunak gudan edo gerran, Napoleonen jendearen kontra.

Donostiako garnizioa lau mila frantses gehiagorekin izan zen indartua. Gerrarien nagusi gidari Graham jeneral ingelesak, halaz ere, inguratu egin zuen bere jende eta portugesekin.

Ibai Urmea edo Urumearen eskuinaldetik eraginarazi zion bateria sail bati, irekiaz bide gorde bat Pasaia aldetik ibaiaren izkinaraino.

Frantsesak zeuden San Bartolomeko bapildean (komentuan), zazpi edo zortziehun kanara Donostiatik. Ingelesek gogoz egin arren sua lurreratu arte guztia, frantsesak egon ziren txit zeken, eta azkenerako behar izan zen baionetaz garaitzea. (Uztailaren hamazazpian.)

Handik denbora gutxira, Graham ingelesak hautsi zuen herriko murrua edo muraila bi aldetatik, bialduaz mandatua herriko gobernariari errenditzeko, baina ez zuen nahi izan honek mandatuarekin joan zena aditu ere. Guztiz haserreturik ingelesa eginde honekin, agindu zuen hurrengo egunean bertan (uztailaren hogeita seia) eraso eta asaldatzeko.

Hasi ziren bada ahalegin guztian, baina izan zen alferrik lehenbiziko aldian.

Uztaren hogeita bostetik abuztuaren bia bitartean sei mila eta zazpiehun gizon galdu omen zituzten gure aldekoek, eta frantsesek oraindik gehiago.

Elkarren aldeko soldadu espainiarrek, ingelesek eta portugesek bazezateken berriro hasi eta estutu gehiago Donostiaren ingurua, eta hala, hilaren hogeita seian hasi zuten berriz sua. Arrats berean hartu zuten Santa Klara uhartea edo isla. Hogeita hamarrean ireki zuten murrua, lehengo biak gehiago zabalduta.

Honela gelditu ziren beste ekinaldia egiteko hurrengo egunean.

Egun hau argitu baino lehenago, hamaseitik hemezortzira mila frantses zetozen Donostiara, beren lagunetara ustez; baina San Martzialen eta inguruan zeuden guretakoak, eta porrokatu zituzten aurreratu nahirik hasi zirenean. Egin zuten hala ere bigarren saioa, ekarririk sutunpa edo kanoi asko, baina gelditu ziren lehenengo aldian bezala. Oraindik, hirugarren aldian ere, nahi zuten berearekin atera, baina alferrik izan zuten lehen bezala. Beren etxe aldera joan behar izan zuten nahi baino nekezago.

«Gure aldetik —zioen D. Manuel Freire agintari handienetatik batek—, ehun eta hirurogeita bat gudari aurren (ofizialiak), bi mila laurehun eta hirurogeita bi soldadu galdu ditugu. Gehiago askorekin izan dute frantsesek, izan diren bezala boteak hiru bider alde guztietatik».

Ezin izan zitekeen bada frantsesek elkar laguntzea, eta, esan den bezala, hilaren hogeita hamaikan, ekin zioten berriro gureetakoek, aurreratuaz beren lurupairak (trintxerak) denbora bateko Miserikordia etxera eta Santa Katalinako paseoraino.

Goizeko hamaiketan zihoazen ingelesak Urumearen ezkerraldetik; portugesek asaldatzen zuten bitartean, eskuineko murrua ebakitzera.

Uste gabeko beste gauza batek egin zien mesede handia ingeles eta portugesei.

Zen hau, su hartzea muraila ondoan zegoen zertegi edo almazen batek, soinu handiarekin dena hondatzeraino.

Frantsesak orduan, zer gertatzen zen jakin ez, eta ikaratu ziren gogotik, nahasteraino bakoitza bere aldera. Itsatsi ziren gaztelura, ingelesei utzita zazpiehun gizon harrapatuak (prisioneroak).

Bi mila gizon bezala galduko zituzten ingelesek eta portugesek.

2. Donostiaren aurkako oldarra (1813ko uztailaren 11 - irailaren 9a).
Maparen egilea: John Fawkes.

Orain harrituko da jakiten duena zer gertatu zen ingelesekin, eta zer egin zioten Donostia barrengo jende gaixoari, sartu zirenean barrena.

Lapurretak, heriotzak, sinistu ezin daitekeela, egin zituzten txit denbora gutxian. Ez zahar indar gabeak, ez jende gaztea, irten ziren soldaduen eskuetatik baldatu eta zatitu gabe.

Alabak beren amaren magaletan, amak beren senarren besoetan, kolpatu, zanpatu eta porrokatu zituzten. Zer lotsagarri eta negargarrikeria! Ondoren berriz, sutu zituzten bazter denak. Seiehun etxetatik gelditu ziren berrogei.

Diruak, generoak, paperak, herri-etxeko zuzenlekuak (artxiboak) eta beste lekuetakoak, denak galdu ziren.

Mila eta bostehun familia baino gehiago gelditu ziren ezer gabe, eta beste asko, irtenik etxe hondatuetako harri tarteetatik, kristauen itxurarik ia ez zutela, zebiltzan hona eta hara zer egin jakin gabe. Puskatzea eta lurperatzea besterik ez zuten egin. Afrikatik etorriek ezin egin zezateken beste hainbeste. Haiek egunak!

Haiek gauak! Alde guztietan ez zen oihua, negarra, deiadarra besterik aditzen, hala neskatxa gazteena, nola andre ezkonduena. Ez da hitzik esan lezakeenik zer gertatzen zen.

Aditzen ziren etxe-barrunbeko tiroak maiz.

Noizbait ikusi zenean bada agorraren lehendabiziko egunen argia, herriko jende guztia joan zen Wellington aurreneko agintari ingelesarengana, eskatzera uzteko arren irteten herritik.

Eskudantegi edo lizentzia honekin itzul egin zuten ahal zuten guztiek. Txit aberats izan zirenak lehenago, ozta zihoazen galtzekin; mirabe gazte finak, kamisa hutsik, kolpatuak edo harramazkatuak.

Hiru egun zeramatzaten ingelesek lehen Donostia zen herrian, eta oraindik ez zuten menderatu gaztelua, zergatik agintari frantses Reyk ez zuen nahi izan makurtu bere burua oraindik.

Agorraren bostean egin ziren jabe ingelesak Santa Teresako komentuaz. Hango baratzean ipini zituzten hamazazpi sutunpa leku batean bakarrik, baina bazituzten berrogeita hemeretzi aritzen zirenak sutan gaztelura.

Ezin zitekeen horiei guztiei gogor egin, eta hilaren zortzian frantsesek azaldu zuten bandera, eskatzen baldindea (kapitulazioa).

Ingelesek galdu zituzten bostehun gizon, eta frantsesek bi mila.

Gogoragarria izango da beti Madrilen mila zortziehun eta zortzigarren urtea; gero Cabezonen, Riosecon, Bailenen, Gironan, Zaragozan, Talaveran, Lleidan, Badajozen, Tarragonan, Valentzian, Vitorian eta beste mila lekutan, baina bai Donostian ere mila zortziehun eta hamahirugarrena.

3. Donostiako erasoaren planoa. British Battles on Land and Sea, 2. lib., 1873, 482. or.

EGILE EZEZAGUNA (1879). Euskal izkribatzalleen indar-neurtzea, 1879ko Agorrillaren 7garren egunean Donostian eguiña. Donostia: Antonio Barojaren moldizkira. (17.20).

OHARRA: Idazlan honek lehen saria irabazi zuen Donostian 1879ko Euskal Festen barruan antolatutako “Izkribatzalleen indar-neurtzean”. Argitaratu ere argitaratu zen urte berean, Antonio Barojaren moldiztegian, baina egilea nor zen adierazi gabe. Idazkeragatik, eta gai bereko olerki bat ere idatzi zuelako garai bertsuan (“Arrats izugarria!”, 1880), Serafin Barojarena izan liteke.

Luis Luziano Bonaparte printzea gonbidatua izan zen festa haietara, euskararen eta Euskal Herriaren onean egindako “lan miragarriagatik”. Bere eskuz eta euskaraz idatzitako gutun baten bidez erantzun zion printzeak gonbitari.

IKUS HAU ERE

Serafin Baroja Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. , via Wikimedia Commons.
  2. https://www.britishbattles.com/
  3. The British Library, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper