NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EIBARKO MITINA

Domingo Agirre (Ondarroa, Bizkaia, 1864 – Zumaia, Gipuzkoa, 1920)

Eibar, XIX. mendearen bukaera. Industrializazio-prozesua bizkortzearekin batera, langileak klase-kontzientzia hartzen doaz, eta arretaz entzuten dituzte Bilbotik datozen ideologia sozialistaren, komunistaren edo anarkistaren aldarrikapenak. “Eibarren, 1897ko abuztuaren 6an, Gipuzkoan inoiz egindako bigarren langile-greba jazo zen, Quintana Hnos. lantegian. Grebak egun bakarra iraun zuen, eta haren ondorioz, ugazabek bertako langile guztiak kalean utzi, eta kanpoko beharginak ekarri zituzten lanerako.” (1) Greba hori zela eta, lehenengo “mitineroak” ezagutu zituen Eibarrek handik astebetera. Pablo Iglesias eta Facundo Perezagua sozialista-buruak herrian azaldu, eta Salón Teatro-ko tribunatik mintzatu ziren. Testuinguru horretan kokatu behar da Domingo Agirreren Garoa nobelako pasarte hau. Ez da liburuko pasarterik aipatuena, baina argi erakusten du zergatik deitzen zion Domingo Agirrek bere buruari “Txomin el reaccionario”.

Testu mota: Narrazioa

Garaia: 1907-1912

Atala: Literatura

Facundo Perezagua (1860-1935) politikari sozialista, komunista eta sindikalista. PSOE eta UGT eratu eta antolatu zituen Bizkaian.


—Zer da gaur ordea Eibarren?

Mitina edo...

—Noiz?

—Hiruretan.

—Zergatik?

—Langileek nahi beste ez daukatela eta.

—Nork dauka nahi beste?... Gizon asko etorri al da?

—Asko ez, baina bai nabarmenak, Bilbo aldetik.

—Zaldibarrera joan behar genuen.

—Zaldibarren ezer ez dago.

—Eta hemen?

—Mitinean egingo dugu barre pixka bat.

Neskameak esan bezala, hiru-hiruretan, lantegietako gizonak eta Elizaren etsaiak jardun-batzarra hastera doaz, pilotalekuan. Hantxe, lainoz jantzitako zerupe ilunean, suinkiro elkartu dira eibartarrik gehienak, onenak ez baina. Onenak ez: gazte harro, zaharkote nagi, erdi langile, oso edale, gezur-bilari, haizeburu, etxekalte guztiak eta emakume arrotz lasai batzuk. Ardangela eta kafetegietatik irten dute, eta denak, piper gorria baino gorriago, jakintsuen jarduna entzuteko zain, piloan daude.

Auzo herrietako gizonik ia inor ez da: gure sendakinez gainera, lau edo bost ermuar, beste hainbat plazentziar, hamabi edo hamalau Elgoibarko. Beste urietakorik... Moxolo eta Martin dakuskit mahaiburuan!

Lehenbiziko berriketaria, bizar biko gizon ihar tentea, ez dakit nongoa den. Bihurri handiak eginaz, begiak zuri jarriaz, hortz hori zikinak bakan erakutsiaz, eskubiko besoa jaso eta luzatuaz, azkazal lodi okerrak beltz agertuaz, zerbait harrapatzera doan basakatua dirudi. Gaztelaniaz itzultzen du, garrasika, El Rasero, El Motín eta Rojo y Verde deritzen paperetan ikasitako jakituria...

Bego Eibarren bizar biko gizontxoaren irakastea: guk ez dugu lizunkerien berririk eman behar. Gutxik ulertu diote, baina txalo handiak jo zaizkio, batez ere ipuinik gordinenak esan dituenean. […]

Bigarren berriketaria euskalduna da. Zein? Martin, Azkarragako Martin.

Hara zer dioen, Oñatiko hizkeran, eta hara, tarteetan, aditzaileen ziri batzuk:

“Langiliak: Euskal Herrixan jaixo naiz, baina euskaldun izatiak ez nau batere harrotzen”. (Patxikok: Geuk ere, hi hemen jaio haizelako, zer harrotu handirik ez zeukagu).

“Euskaldun izatia baino lurbiratarra izatia gurago dot”. (Plazentziar batek, Patxikoren ondoan dendatuta: Edonongoa eta inongoa ez, ijitoak bezala). “Euskal Herri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago, eta nik ez dot inon mendian egon gura”. (Norbaitek: ¡Viva la libertad!). “Gizonak ez dau lokarririk behar”. (Ermuar batek: Gerrikorik ez baneuka ba, nire prakak laster lirateke orpoetan). “Danok gara bardinak”. (Elgoibartarrak: handi-txikirik ez da beraz, herren eta elbarririk ez. Baderitzok, Artola? Sinesten al duk, Julian?). “Gizona lotzeko eskubiderik inork ez dauka”. (Moxolok, bere artean: eta behar luke). “Goialdeak hutsik dagoz”. (Ermuarrak: izarren batzuk gauetan ikusten dira, baina, horrek dioenean... jakintsua ei da eta). “Gure gainean ez dago inor, ez erregerik, ez Jaungoikorik...”. (Patxikok: ondo ginateke, astoen gainean inor ez balego!). “Geuk egin bihar ditugu geure legiak, gura dogun modura”. (Moxolok: neuk egiten baditut, laster urkatuko diat hire amona). “Inork ez dauka inor hiltzeko eskubiderik”. (Moxolok: Horra orain, horra). “Lurrean ez da batere gudarik bihar; guda-gizonak alper-gizonak dira”. (Eibartarrak: ederto zegok, baina orduan gure armak non salduko ditugu?). “Ugazabak eta lantegien jabiak gure odolez loditu dira”. (Plazentziarrak: eta zuk ere hori nahi, loditu, odolez edo odolkiz). “Zortzi orduko lana gura genduke”. (Moxolok: askotxo duk, baina, tira, nahi duenak egin dezala). “Orain artean baino aloger hobea bihar dogu”. (Denak: hori, hori! Betor dirua! ¡Venga dinero!). “Diru-etxeak lapur-etxeak dira”. (Moxolok: horrenbesteraino ez, horratik). “Asko gara, guztiok alkartu gaitezen eta zor deuskuena eskatu daigun”. (Ardo-saltzaile batek: neuk ere, zure ondoko batzuei, edandakoen ordaina eskatu behar diet). “Agintarixakana goazen eta esan deixogun geu gerala gehixen, geu gerala indartsuen”. (Ermuarrak: hori duk! Ukabila nagusi). “Ezergaitik ez bildurtu; gogor egin behar da; gogor handiki, agintari, legegile eta abadien aurrian. Geure indarrez, geure kemenez, gauza guztiak goikoaz behera jarri behar ditugu: legeak hausi, agintarixak azpiratu, aberatsak ebaki, praileak larrutu, elizak erre... (Plazentziarrak: bai, mutil; hator Plazentzira). “Horrela ekarriko degu aginpidea pobreen eskuetara, horrela izango degu dirua ugari”. (Lehengoak: horrela izango dugu... adarra jotzea). “Adiskidiak, lagunak: danok batera deadar egin daigun: gora herri langilia! Behera legeak! Behera ugazabak! Behera gizon alperrak! Behera soineko beltzak! Behera argizai-jaliak! ¡Biba la replúbica! ¡Abajo inkisisión!” (Gehienak: Gora! Behera! ¡Abajo! Txaloak, oihuak, marruak, Trágala, Marsellesa eta Internazionala...).

AGIRRE, Domingo (2013). Garoa. Bilbo: Labayru Ikastegia, Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa. (269-272).

Oharra: Testuaren ortografia eta morfologia eguneratu dira, baina ez “Oñatiko hizkera” darabilen bigarren “berriketariak” esandakoak.

ERREFERENTZIAK

(1) Pedro ALBERDI, Pedro (2003). Orhoit gutaz. Arre: Pamiela. (23-28).

IKUS HAU ERE

Domingo Agirre Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

ARRETXE, Jon (1992). Txomin Agirre. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper