NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

KITOLIS

Domingo Agirre (Ondarroa, Bizkaia, 1864 – Zumaia, Gipuzkoa, 1920)

Itsas herri bateko bizimoduaren berri ematen du Domingo Agirreren Kresala nobelak. XI. atalean, Kitolis izeneko pertsonaia aurkeztu ondoren —arrantzale izandako gizona, bere sorbaldetan “laurogeita bi urte handi” jasotzen dituena—, hari ematen dio hitza narratzaileak. Eta Kitolisi bere bizitzako unerik dramatikoena datorkio gogora.

Testu mota: Narrazioa

Garaia: 1902-1905

Atala: Literatura

Gako hitzak: itsasoanobela

1. Itsasontzi baten hondoratzea. © Marina. Egilea: José Salís (1863-1926) .


«Hiru aldiz egin dut tirabira. Lehenengoan, Arno atzean, bisigutan geundela; bigarrenean, hara hortxe, herriko sarreran; eta bietan berehalaxe hartu gintuzten herritar lagunek. Baina hirugarrengoa!, itzela eta ikaragarrizkoa izan zen hirugarren hori. Hain zuzen, ibaian zehar kanporantz gindoazenean, uraga edo erramua zela eta ez zela, beste txalupa batekoekin haserretu ginen; deiadarka, zarataka eta harrokeriazko berbak elkarri esanaz irten genuen ur-zelaira, eta inori ez zitzaion gogoratu Antiguako Amari beti esaten zitzaion Agur edo Salbea esatea.

«Gabon aurretxoa zen. Bagaude, bagaude ilunabarrean, potin txiki baten lau laguntxo, berdeletan, Orioko aurrean. Bakarrik gelditu ginenean , berandu ere bazela eta, hotz ere bazegoela eta, arrain pixka bat ere bageneukala eta... hasi ginen etxerantz. Terraltxoa zegoen, lehorretik datorren haizea. Jaso genuen trinketa eta bagentozen kezka barik, atzekoak eskuak besapean berotzen zituen bitartean, eskota tosta bati lotuta genekarrela... eta, halako baten, brast, jotzen gaitu haize bunbada gogor batek, eta dsaust denok itsasora, txalupa barruko arrain, otzara, soka eta tresna guztiekin batera eta nahastean. Hala ere urten genuen ur azpitik, hor bata eta hemen bestea, denok hotzak ikaraz; inguratu ginen, igerian, popaz gora zegoen txalupara, eta itaundu genion elkarri: “Gizonak, zer izan da hau?“. Baina inork erantzun beharrik ez zegoen, guztiok genekien eta. Arduragabekeriatxo bat, ustekida gehiegia. Nori baina otuko zitzaion halakorik, itsasoa bare-bare bazegoen?...

«Egundo halako negargarririk inork ez du ikusi. Gure hurrean ez zen inor, eta hantxe egon beharko genuen ur gainean goizera arte. Goizera arte! Eta oraindino, gehienez ere, ez ziren seiak izango!... Hotzak eta beldurrak dardaraka ginduzkaten, eta hamabi, hamahiru edo hamalau orduan egon behar halaxe! Eta, gainera, goizean inor etorriko zitzaigun ez jakin!... “Ea, mutilak —esan zigun atzekoak, gu pitin bat azkortzeagatik—, eskaini diezaiogun Antiguako Amari, denok ortozik eta erramuak lepoan ditugula bere elizatxora joatea, hemendik onean urteten badugu, eta hasi gaitezen orain errosarioa esaten”... Ipini nuen neuk Ikomes (Nikomedes), neure hamabi urteko seme ederra, gila gainean ahuspez, eta hasi ginen ... Jaungoikoak badaki guk zenbat arren egin genuen. Errosarioaz ostean, zeruko done guztiei Aita gurea eta Agur Maria eta mila bihotzeko eskari luze eta labur egin genizkien, alde batera eta bestera geure gorputz minberatua biratzeko hutsunetxo batzuk hartuaz... Honetan geundela, hamarrak aldean, haizeak zekarren indarrean eta txaluparen zabunetan igarri genuen itsasoak irakin behar zuela eta gure hurrean zebilela heriotza. Ilun zegoen; belarrietara zetorkigun haizearen txistuari destainazkoa neritzon; Getariako eta Zumaiako itsas-argiak ageri ziren lurrean, eta niri, hilen argiak iruditu zitzaizkidan. Geu geunden hiltzen osasun guztiarekin!... “Zer ordu ote da!”, itaundu zigun Matxin zaharrak, heriotzondoko soinuarekin! “Hamarretatik hamaiketara”, esan genion. Eta berak, oraindino belarrietan daukadan esateko erarik ilunenarekin, “Zein luzea den gaua! — jarraitu zuen—, zein luzea! Nik ezin dezaket iraun, laster amaitu behar dut, eta zuek ikusten baduzue gurekorik…”. Ez zuen gehiago esateko astirik izan, bada olatuaren bultzada batek kendu zigun albotik. Horratio ekarri genuen atzera eta esondu genion oratu ziezaiola gogor karelari, baina ezertarako ez zeukan adorerik eta ahotik bitsa zeriola, “damu dut Jauna, damu dut Jauna” esanaz, han joan zen hondora... Itsasoa geroago eta handiagoa zetorren, olatuak geroago eta indartsuagoak, geroago eta mekotuagoak geunden gu. Neke gutxiagoko egoera bat bilatu nahian, hain laster ipintzen genuen gorputzaren astuntasuna esku baten gainean, hain laster bestearenean, orain igotzen ginen gila gainera, orain karelera jaitsi, gainean ezin egonda... Gau luzea zela esan zuen Matxinek. Bai ondo luzea! Eta, zer ote da betikotasuna, saminetan egonez gero?... Neure semetxoa, neure Ikomestxu, hotzikara handiak hartu zuen, eta negar-muxinka, inkesaka eta zotinez, “aita”, bai, “aita”, hasi zitzaidan deika eta deika. Huraxe zen errukigarritasuna! Aitak ezin ezer egin bere seme kutunaren alde, bihotzeko negar goria baino besterik; aitak ezin goiza eta laguntasuna erakarri, bere bizitza emanda ere... Etsi genuen, ez ginen luzarorako. Jo gintuen beste baga batek burutik behera, kendu zigun txalupa esku artetik, eta aldebanatu ginen hirurok berriro. Urpetik azalera urten nuenean, hasi nintzen igerian semearen bila. Ez neukan neuk orduantxe indar askorik eta harrokeria handirik ere ez! Idoro nuen semea, eta txaluparaino eroan ere bai, eta esan nion txalupari gogotik eutsi ziezaiola; baina alferrik. “Ezin, aita —zioen—, ezin!” Hartu nuen orduan neure bularraren ondora, potinaren eta neure gorputzaren bitartean ipini nuen, eta bere soinari eta potinari ahaleginaz heltzen gelditu nintzen... Isilik geunden denok, beldurgarrizko isiltasunean. “Ikomestxu —deitu nion handik apur batera—, Ikomestxu, ondo zaude?” Ez zidan ezer erantzun. Zelan ba, hilda zegoen eta!».

Negar malko lodia zerion Kitolisi bere harrigarrizko jazoera maila honetaraino heldu zitzaionean, eta entzuten zeudenek ere ez zuten urrun negarra.

«Nik ez dakit zer ordu inguru izango zen –jarraitu zuen– beste olatu batek txalupa eta semea besartetik kendu zizkidanean, ez dakit zelan oratu nion ostera ere txalupari, ez dakit zelan egon nintzen goizeko zazpi eta erdietan Getariako potin batek hartu gintuen arteraino. Azkenerako, sena eta konortea galdu zitzaizkigun, taket batzuk ginen atzekoa eta ni, zoraturik geunden, zer egiten genuen ez genekiela eusten genion txalupari, lapak haitzari baino gogorrago, atzamarretatik odola zerigula... Gaixorik egon nintzen gero ia hilabetean, eta sendatu nintzenerako... itsasora berriro. Baina ez gehiago Agur edo Salbea esan barik».

Isilaldi bat egin ondoren, Kitolisi bihotzeko nahigabea kentzearren, hasi ziren aterpeko gazteak eresian, eta ez ziren gehiago isildu euren lan guztia amaitu arte.

AGIRRE, Domingo (2009). Kresala. Bilbo: Labayru Ikastegia, Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa. (130-133).

2. Kresala nobelaren lehen argitalpenaren azala, 1906.

IKUS HAU ERE

ARRETXE, Jon (1992). Txomin Agirre. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren

Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Argitalpena, hemen.

AGIRRE, Domingo (1999). Kresala. Donostia: Elkar. (Jon Arretxek euskara batuan jarria).

Domingo Agirre Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. Arabako Arte Ederretako Museoko agiritegi fotografikoa. Arabako Arte Ederretako Museoa.
  2. , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper