NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BI ABIZENEN IPUINA

Jose Mari Pastor (Bilbo, Bizkaia, 1964)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 2022

Atala: Gaurko gizartea

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak, bina abizenekin.
Iturria: https://www.bertsozale.eus/


Berria, 2022ko maiatzak 7

Aitor dezadan: nekagarri gertatu zait, oso, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten lagunen behin-behineko zerrenda irakurtzea. 40 bertsolari, haien izen eta bi abizenekin. 40 izen eta 80 abizen. Ondo. Badakigu zertxobait gehiago bertsolarien genealogiari buruz. Eta orain, zer?

Lagun bati galdetu nion, aspaldi, ea zer zeritzon jadanik zabaltzen hasia zen joerari: amaren deitura beti ipintzeari, alegia. «Abizena ez jartzeagatik inork ez diezadala esan gure ama berak berea baino gutxiago maite dudanik», erantzun zidan, serio. Borondate oneko keinua da amaren deitura jartzea. Ez dugu ezer berririk asmatu, horratik. Txikitan agintzen zigutena egiten ari gara: «Amaren abizena ere jarri». Guk kasurik ez. Utzikeriagatik edo izango zen. Ez, ordea, ama gutxiesten genuelako.

Aurrera egin dugu, bai, baina... Izan ere, amak bigarren postuan segitzen du. Lehen ez omen zen existitu ere egiten. Egun, agertu egiten da, baina aitaren atzean beti. Bi abizenak. Zergatik ez idatzi lau, bi barik? Amamarena ahaztuko dugu? —azken batez, amaren abizena aititarena da—. Amama, ama mundu honetara ekarri zuena, baztertuko dugu? Nocilla —orain Nutella— eman eta ia dena onartzen zigun andre gozoa itzalean utziko dugu? Gupida gabe errieta egiten zion eta gizon jokatzeko esaten zigun aitona erretxinduaren abizena gailenduko zaio?

Txantxak txantxa, badago beste kontu bat: lengoaiaren ekonomia. Horretan ari gara, izenak eta abizenak moztu eta moztu: Nere, Gari, Agurtza, Aran, Goiko, Etxebe... Bi abizenak beti jartzea lege eta mantra bihurtuko dugu orain? Ez du itxurakeria punttu bat izango? «Maialen Lujanbio Zugastik ez du agenda arazorik. Ederto!». Edo: «Xabat Galletebeitia Abaroari eta Iban Urdangarin Lardizabali deituko diegu»; «Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Gorka Pagonabarraga Agorria libre daude». Ez dut halakorik irudikatzen jai-batzordearen bileran. Are gutxiago taberna batean.

Baina tira, horixe da gaurko joera. Hedabideetan ere gero eta kazetari gehiagok idazten dute bigarren deitura. Ados. Alta, zergatik ez dituzte, esaterako, gure politikarien amak gogoratzen? «Maria Txibite Nabaskuesek Iñigo Urkullu Renteriari azaldu dionez...»; «Andoni Ortuzar Arruabarrena eta Arnaldo Otegi Mondragon euskararen aldeko festan izan dira». Ez dute pentsatu pertsona horiek mindu litezkeela, arrazoi osoz, beraien amak mespretxatzen ari direlakoan?

Zer egin gure ama benetan ondratzeko? Badira zenbait aukera. Bat: herritar guztiei agiri bat sinaraztea, idazten ikasi bezain laster, hauxe bermatuko lukeena: mundura umerik ekarriz gero, haurrak amaren abizena lehena izatea. Beti. Kasu guzti-guztietan, salbuespen edo tranparik gabe. Berdin dio ama hori Magunagoikoetxea, Quispe edo Bakir izan —ez du balio soilik McQueen bada, Steve izena ipini eta umea The King / Queen of Cool izan dadin. Ez—. Edo: amaren abizena lehena jartzea, legez. Mendeetan aitarenarekin egin den bezalaxe. Beste irtenbide bat: orain zilegi da abizenen ordena aldatzea, baldintza batzuk beteta. Ez dugu aitzakiarik ez saiatzeko. Epaitegira joan eta amaren atzean jarriko dugu aita?

Bai, azken prozesu hori nekagarria izan daiteke. 40 bertsolariren bi abizenak irakurtzea bainoago. Ondorioz, gauzak bere horretan uztea ulertzen dut, baina orduan ez gehiegi estutu soilik lehenengo abizena idazten segitzen dugunok. Aitarena. Nik neuk ere ez dut gogorik saltsa horretan sartu eta Jose Mari Gonzalez bihurtzeko. Badut konponbidea, baina: hurrengo bizitzan amarena izango dut lehen abizena. Jende askok pentsatuko du Gonzalez aitarena dela —aita eta ama hilda izango ditut eta ezin izango diete galdetu zer abizen duten; fikzioan dena da posible: gurasoak joan ondoren jaio, zer arraio—. Zutabe honetan soilik bigarren abizena erabiliko dut —irakurle ugariren ustez, amarena— eta, horrela, orain arte bezala sinatzen segituko dut.

Eta hau hala ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Derioko plazan.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper