![](/dok/testu-bankua/gaurko-gizartea/003/images/image2.png)
Henri Rousseau, 1908. Puxkin Museoa, Mosku.
Orain berrogei bat urte gertatua izango da gaur papereratu nahi dudana.
Urolako trena Zumarragan hartu eta abiatu ginen Azkoitia aldera. Tren txikia hura, baina balantza handiak egiten zituena. Baita zarata galanta atera ere, tuneletan sartzerakoan eta abar, bere turuta-hots berezi hura jotzen zuenean.
Nirekin batera zetozenak, gizasemeak denak, ezezagunak nituen; baina denbora asko baino lehen hizketan hasi ginen. Ari-ari ginela, orduko aurrerapenetara etorri zen gure hizpidea.
Batek honela zioen:
—Begien bistan ez izanik ere, bapore edo aireplanoren bat nondik eta nola datorren igartzen omen diote orain, radar izeneko tresna berri baten bidez.
Beste batek honela jarraitu zuen:
—Hemendik urte batzuetara, gizona ere ilargiraino iritsiko dela diote.
Izan ere, gaur egungo aurrerapenek harritzen bagaituzte, ordukoak ere ez ziren ahuntzaren gauerdiko eztula edo hutsaren hurrengo, eta jendeak bazuen zergatik aitarenka hasi.
Baina halakoren batean honela esan zuen beste batek:
—Bai; baina ez al da nire aitona zenak esan zuena gertatuko?
—Zer zioen hark, bada?
—Begira: gure aitona errezildarra zen, eta umetan sarritan joaten nintzen ni haren baserrira egun batzuk pasatzera. Orduantxe hasi berriak ziren aireplanoak, baina hark ez zuen sinesten hori egia izan zitekeenik.
Honela esaten zuen:
—Gizona airean txoriak bezala? Ez didazue tamaina horretako ziririk sartuko.
Baina egun batean, ni han nintzela eta soroan artajorran ari ginela, zeru aldetik run-run-run hotsa belarriratu zitzaigun. Zer izango burua altxa eta Urraki mendiaren gainetik han ikusi genuen aireplano bat, astiro-astiro, ez noski gaurko erreaktore horien abiada ikaragarriarekin. Nire osaba, aitonaren semea, harengana hurbildu zen eta honela esan zion:
—Aita, ikusten al du hor goian doan hori? Orain sinesten al du?
Aitona begira-begira egon zitzaion airekoari denbora-puska batean, Hernioko erpinak estali zuen arte. Eta orduan gure osabari, bere semeari, honela esan zion:
—Bai. Orain sinesten diat, ikusi dut eta. Baina alfer-alferrik zabiltzate. Ez zarete gu baino zoriontsuago biziko.
Honaino izan ziren gurekin trenean zetorren lagun haren hitzak.
Gaurko aurrerapenak harrigarriagoak direla denok dakigu. la egunero asmakizun berriren baten albistea irakurtzen dugu egunkarietan. Baina niri askotan datorkit burura Errezilgo aitonaren arrazoi sakona.
Gizona gizon denez geroztik, beraren amets nagusia zoriontsua izatea izan da noski. Horren atzetik aztarrika eta zalaparta bizian bizi gara. Gure egunotan, berriz, gurpil zoro batean bueltaka hor gabiltza: zenbat eta gehiago eskuratu, zenbat eta gehiago gastatzeko eta suntsitzeko. Baina zoriontasunera daraman bidea hortik ote da? Alfer-alferrik al gabiltza?
ZAVALA, Antonio (1997). Oiñez eta jakin miñez. Donostia: Auspoa Liburutegia 249. (242-244).
IKUS HAU ERE
Antonio Zavala Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.
IRIONDO, Josemari (2010). Antonio Zavala. Bidegileak Bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Irudia
Henri Rousseau, , via Wikimedia Commons