NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

MIGRAZIO MUGIMENDUAK

Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961)

Testu mota: Saioa

Garaia: 2019

Atala: Gaurko gizartea


Euskal Herria plurala izan da betidanik. Ez da inoiz homogeneoa edo kolore bakarrekoa izan, berau populatu duten herriei nahiz bertan hitz egin diren hizkuntzei dagokienez, baina gaur egungo migrazio-mugimenduek ekarri dituzten aniztasuna eta konplexutasuna beste maila batekoak dira.

Gaindegia behategiak migrazioei buruz egindako azterketaren datuak argitaratu zituen Berriak 2019ko abuztuaren 6an: Hegoaldean biztanleriaren % 16,5 Espainiako estatuan jaiotakoa da eta % 10,5 kanpotik etorritakoa (erdiak Amerikatik). Iparraldean, berriz, % 39 Frantziako estatuan jaiotakoak dira eta beste herrialderen batekoak % 4.

Aurreko bi mendeetan ere migrazio-uholde handiak iritsi ziren Euskal Herrira: lehen industrializaziokoak XIX. mendearen azken aldera eta XX.aren hasieran, 60-70eko hamarkadetan Estatutik iritsitako jendetza, edo Lapurdiko kostaldera Frantzia osotik heldutako egoiliarrak. Populazio-mugimendu horiek euskararen aurkako bazterketa-politikek indarrean zirautela gertatu ziren Iparraldean nahiz Hegoaldean, eta hizkuntzaren atzerakada-prozesua areagotu zuten. […]

Hizkuntza bakarreko edo bi hizkuntzako bizimodu batetik, gaur egungo aniztasunera egin dugu jauzi oso hamarkada gutxitan. Duela 20 urte, gure herrietako kaleetan, euskara edo gaztelania/frantsesa ez zen beste hizkuntzaren bat adituz gero, jiratu egiten ginen pertsona horiek nor ziren jakiteko. Gaur egun, nahikoa da gure kaleetan osteratxo bat egitea, dozena bat hizkuntza desberdin entzun eta aldaketaren handiaz jabetzeko. Tolosan, esate baterako, ezagunak ditugu fruta eta sakelakoak saltzen dituzten pakistandarrak, aitona-amonak zaindu eta etxeak garbitzen dituzten hegoamerikarrak, eraikuntzan ari diren arabiar eta amazigak, bigarren taberna ireki berri duten errumaniarrak, kaleko saltzaile senegaldarrak, supermerkatu sarreran eskean ari den nigeriarra, hainbat establezimendu komertzial dituzten txinatarrak, arbaso kitxuarrei buruzko liburuxka idatzi duen ekuadortarra, bikotekide euskalduna duten katalan, italiar edo brasildarrak, ostalari argentinarrak, herri-mugimenduetan inplikaturiko azerbaijandarra, eta beste hainbat herrialdetatik iritsitako tolosar berriak, izen-deiturak dituztenak eta gero eta gertuagokotzat ditugunak. Euskaldunak batzuk, ikasten ari direnak besteak, gure hizkuntza bost axola zaion hainbat, edo beren seme-alabak euskaraz ongi ikas dezaten ahalegintzen ari direnak ez gutxi. Askotarikoak euskararekiko jarreretan ere, gu bezala.

Aniztasun hori iritsi da, beraz, gure eskoletara, geletara, osasun-zerbitzuetara, ostalaritzara eta zaintza-lanetara. Eta ez dakigu oso ondo nola jokatu, eta nola egin aurre gurean ere indartzen ari diren joera xenofoboei. Oraindik ere, beraiekin harreman eskasegia baitugu, gutxi batzuen izenak dakizkigu eta ia inoren deiturarik ez; ez dugu beraiekin poteatzen, gutxitan kointziditzen dugu herriko ekimenetan, eta ia ez gara inoiz elkartu mahai baten bueltan. Eta hizkuntza, batez ere, komunikatzeko eta komunitatea sortzeko baldin bada, nola lortuko dugu hori, ez baditugu gure arteko harremanak gehiago sendotzen? Euskalgintzak lan-esparru zabala du aurrean, harreman-sare horiek sortzen eta estutzen.

AMONARRIZ, Kike (2019). Euskararen bidegurutzetik. Donostia: Elkar. (69-72).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper