NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

NIRE BABES OSOA

Gorka Bereziartua (Hernani, Gipuzkoa, 1984)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 2023

Atala: Gaurko gizartea

Gako hitzak: satirahipokresia

Argia, 2023ko maiatzak 1

Pasa behar izan dira mendeak, pasa behar izan dira goseak, pasa behar izan dira gerra txiki, ertain eta handiak, pasa behar izan zuen Rubikonetik Julio Zesarren zaldiak; pasa dira, gero, gurdiak; pasa dira bizikletak; pasa dira trenak; pasa dira autoak, kamioiak, motoak; pasa dira hankabikoak eta herrenak, argalak eta gizenak; gizonak, emakumeak, zernahiak; pasa dira, ezin konta ahala, tristurak, beldurrak, penak. Pasa eta pasa eta pasa, bizitzen ari garen momentu historiko honetaraino iritsi ahal izateko.

Historikoa, bai. Aurreko garai eta zibilizazio guztiek eduki duten problema handi bati azkenik soluzioa aurkitu diolako, antza denez, gureak: azkenik badakigu nola jokatu ondokoa izorratuta ikusten dugunean, hurkoaren moralak erreka jo duenean, estimatzen duzun pertsona hori ataka estuan dagoenean, trantze latzetik igarotzen, tragoa iturri garratzetik edaten. Orain badakigu nola lagundu, nondik hasi bestearen pairamena arintzen; ez dago aitzakiarik, badakigu zer egin buztin gogor horrekin, lehortu eta metraila zatia bezala barruan gera dakion baino lehen.

Azkenik, badakigu: “Nire babes osoa” esan behar zaio. Eta dena konponduta.

Hori bai, gauzak ondo egin behar dira, ezin da babes osoa edozein modutan barreiatu: mezua digitalki transmititu behar da, zuzenean marroian dagoen pertsonari, baina ahal dela jende gehiagok ere ikusi ahalko duen plataformaren batean.

Aldaerak onartzen ditu, adibidez “fuah” eranstea hasieran –gazteek batez ere–; edo “eutsi!” jartzea amaieran –militantzia politiko erradikalen bat dutenek usatuko dute gehien aukera hori–. Baina, eranskin horiek gorabehera, inportanteena formularen bizkarrezurrari eustea da. Nire. Babes. Osoa. Besteen problema ororentzat konponbidea, azkenik, gizateriaren esku.

Eta formula baliotsu hori destilatzea lortu dugunez, nik uste dut pixkanaka traste zaharren gelan bukatuko dutela gure ingurukoen sufrikarioei aurre egiteko erabili izan diren beste gauza guztiek. Kontraturik gabe esklabista baten menpe ordu pila lanean ari den lagunak ozen egingo du aldarri: “Utikan sindikatuak!”. Zer da konbenio ziztrin bat, izan ere, zure babes osoa daukala jakinda? Ama hil ondoren alkoholismo depresiboan erori den adiskideak ere ez du arreta psikologikorik beharko gehiago: babes osoa dauka orain. Zurea, gainera: babes osoen artean babes osoena.

Amonak dutxan irrist egin duela eta jarri dioten benda-festarekin orain Tutankamona daukazuela? Utzi alde batera ospitaleko bisita zaharkitu horiek, bidali zure babes osoa, efizienteagoa da askoz. Eraso homofoboen aurrean: nire babes osoa. Aldaketa klimatikoaren kontra: nire babes osoa. Bizilagunaren etxeak su hartzen duenerako eta kuadrillakoari autoko gurpila lehertzen zaionerako: nire babes osoa. Pixka bat entrenatuz gero, zure babes osoa azkarrago aterako duzu fundatik Clint Eastwoodek bere pistola baino.

Irakurri boz goraz: “Nire babes osoa”. Zoragarria da nola betetzen duen ahoa azken karieseraino. Formula hori aurkitu dugunetik, mundua askoz leku hobea da edo, bueno, nola esan, babestuagoa behintzat –osoki babestua, izan ere–. Solidario izatea inoiz baino erraz eta merkeagoa bihurtu du gainera, Babesaren Banku Zentralak ez baitauka kreditu-mugarik: gaur kausa batean babes osoa gastatu arren, bihar beste edozein kausatan inbertitzeko prest daukazu zure babes osoa berriz. Horrek pentsarazten dit babes osoaren kontu honek ez duela funtzionatzen kapitalismoaren logikaren arabera. Haizeak ere ez; eta hala jotzen du, segun eta nondik.

BEREZIARTUA MITXELENA, Gorka (2023). «Nire babes osoa», Argia 2823:54.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper