NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ANTZINAKO MEZUAK

Bernardo Garziarena

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1997

Atala: Hizkuntza

Gako hitzak: idazketa

1. Oilo-lumak. Argazkia: Nevil Story Maskelyne, ca. 1840.


Antzina, gizakiak artean idazten ez zekienean —jakintsuek diotenez duela bost mila urte inguru sortu zen idazketa—, beste bide batzuk erabiltzen ziren urrutiko senideari zerbait jakinarazteko, arerioari mezu bat igortzeko, edo urruti bizi zen maitearen bihotza samurtzen saiatzeko.

Turkestango neska gazte batek “maitasun-eskutitz” bat bidali omen zion behin bere maiteari. Eskutitz hori zaku txiki bat zen. Eta zakutxoaren barruan gauza hauek zeuden: te-hostozko bolatxo bat, belar-izpi bat, fruitu gorri bat, mertxika zimeldu bat, ikatz-puska bat, lore bat, azukre-koxkor bat, hartxintxar bat, aztore baten luma eta intxaur bat.

Te-hostozko bolatxoak “orain ezin dut terik edan” esan nahi zuen.

Belar-izpiak: “Zurbil nago zuganako maitasunez”.

Fruitu gorriak: “Gorritu egiten naiz zugan pentsatzean”.

Mertxika zimelduak: “Zimelduta geratu naiz, fruitu hau bezalaxe”.

Ikatz-puskak: “Nire bihotza sutan dago zuganako maitasunez”.

Loreak: “Ederra zara”.

Azukre-koxkorrak: “Goxoa zara”.

Hartxintxarrak: “Zure bihotza harrizkoa al da?”.

Aztorearen lumak: “Hegoak banitu, hegan joango nintzateke zugana”.

Intxaurrak: “Zurea naiz”.

Alfonso Reyes idazle mexikarrak beste adibide baten berri ematen digu. Eszitiarrek, gerlari beldurgarri haiek, mezu hau bidali omen zieten persiarrei: hegazti bat, sagu bat, igel bat eta bost gezi. Ez dakigu persiarrek mezua ondo interpretatu zuten, baina hau esan nahi omen zuen: “Alferrik jaikiko da gure aurka txoria bezala hegaldatzeko gai ez dena, sagua bezala lurpean ezkutatu ezin dena, edo igela bezala putzuak zeharkatzeko trebeziarik ez duena”.

Azken adibidea Afrikako lurretatik datorkigu. Gerrate batean, joruba bat preso hartu zuten eta, bere egoeraren berri eman nahirik, gauza hauek bidali omen zizkion emazteari: harri bat, ikatza, piperbeltza, gari-zurtoin bat eta zapi zahar bat.

Harriak “osasuna” esan nahi zuen: “Harria bezain gogor eta indartsu daukat gorputza”.

Ikatzak “iluntasuna” adierazten zuen: “Ikatza bezain iluna eta goibela da nire itxaropena”.

Piperbeltzak “beroa” esan nahi zuen: “Piperbeltza bezain bero daukat burua, etorkizunari buruzko kezkagatik”.

Gari-zurtoinaren esanahia “argaltasuna” zen: “Eguzkiak ihartutako gari-zurtoin honen antzera argalduta eta zimelduta daukat gorputza, nire saminaren eta sufrimenduaren suagatik”.

Zapi zaharrak, azkenik, “hondatua” esan nahi zuen: “Zapi hau bezala daude nire jantziak, maiztuta eta urratuta”.

Bernardo Garziarena, “Aspaldiko denboretan”, Garziarena berria, 1997ko abendua.

Garziarena fanzinea

Oharra: Bi alditan argitaratu zen Garziarena fanzinea, 1992-1994 epean eta, handik urte batzuetara, 1997ko abendutik 1998ko apirilera, Garziarena berria izenpean. Kolaboratzaile guztiek “Garziarena” abizenez sinatzen zuten: Omar, Maria, Balendin, Joe… Garziarena. Fanzinearen zenbaki guztiak, hemen.

ERREFERENTZIAK

GELB, Ignace J. (1985). Historia de la escritura. Madrid: Alianza Editorial.

REYES, Alfonso (1983). La experiencia literaria y otros ensayos. México: Fondo de Cultura Económica.

Irudiak

1. Metropolitan Museum of Art. Wikimedia Commons .

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper