NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EUSKARAREN HITZAK

Luis Villasante (Gernika, Bizkaia, 1920 – Oñati, Gipuzkoa, 2000)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1988

Atala: Hizkuntza

1. Sebero Altube enparantzaren inaugurazioa Arrasaten, 1977ko otsailaren 19an. Jende artean, balkoi eta leihoetan, hilabete lehenago legeztatutako ikurrina ageri da. Argazkia: Pedro Sologaistoa “Laso”.


Hau da, segurik, euskal literaturaren mugimenduak dituen auzietan larrienetako bat. Hots, zein den euskal hitza erabakitzen asmatzea. Hobeki esateko, gauza printzipioz erabakirik dago, baina praktikan ondorioak ez dira beti ikusten. Izan ere, nahaspila izugarria darabilgu euskaltzaleok arazo honetan.

Mondragoeko herriak, bere seme goratu nahirik, plaza bat eskaini dio. Eta idazkuna honela ezarri diote: «Sebero Altube enparantza». Hori ikusi nuenean, esan ere egin nuen neure kolkorako: «Hau duk hau! Gizona eta gizonaren irakaspenak goratu nahi diren unean berean, traizio egiten zaie...».

Euskaldun arruntaren aho-mihitan plaza hitza entzuten dugu. Euskal literatura zaharrean ere maiztasun handiko hitza da. Hor dugu Etxepare lehen poetaren oihua: «Heuskara, ialgi adi plazara!» Axularren Gero eskuetan hartzen baldin badugu, han plaza hitzaz topo egiten dugu. Euskaldun arruntarentzat oso ezagunak dira plaza hitzetik sortzen diren beste hauek ere: plazaratu, plaza-gizon, plazatxo, Plazaola, etab.

Orduan, gurea den hitza zergatik bota behar dugu kanpora eta horren lekuan enparantza sartu? Honekin ez dut esan nahi beste hitz hau, enparantza, ez dela gurea, baina beude biak, bakoitza bere tokian. Batak ez du besteari lekua zer kendurik. hitzak ez du gure hizkuntzan plaza hitzak duen bezalako sustrai eta eremu zabalik; ez da, gainera, bestearen ordain egokia. Eta plaza hitzetik sortzen diren beste kimu horiek —arestian aipatu ditugun horiek— nola esango dira? Zinez, bide horretatik joaz, zer egiten dugu, hizkuntza erkindu, pobretu eta kolokarazi baizik? Eta azkenik, zer irabazten da erdaratiko hitz bat kenduz, horren truke sartzen dena era berean erdaratikoa baldin bada? Zergatik ez bakean utzi hitzok, bakoitza bere tokian eta esanahian, Altubek aspertzeke aldarrikatzen zuen bezala?

Zer zoraldi edo oker-adituk garamatza euskaldunok geure hizkuntza, garbitu ordez, lardaskatzera?

Arrazoia (sasi-arrazoia), garbi dago: guk badakigu erdaraz, eta erdaraz plaza hitza erabili ohi dela ikusten dugu. Enparantza hitza, aldiz, erdaraz ez dugu entzuten (nahiz eta nafar-aragoiar erromantzean eta katalanez ezaguna izan). Orduan, bistan da, gaztelaniazko hitzetik ihes egin nahiak egiten du hori.

Baina gure hizkuntzako auziak erabakitzeko erdarari begiratu behar badiogu, eta ez euskarari, ederki gaude gu! Bide hori ez da batere ona. Guri zer axola digu plaza hitza erdaraz erabiltzen delako gertaera horrek? Guk euskaraz erabiltzen dela jakin behar dugu, eta ez besterik. Euskaraz aurkitzen dugunari leial egon behar dugu.

Bestela jokatuz, erdarari jokoa egiten ari gara, erdararen kolonialismopean jartzen dugu euskara, hark jotzen duen soinuaren arabera dantza egiten ari gara. Bai. Ez gara ohartzen erdaratik ihes egin nahi hori haren morroi izateko modu bat besterik ez dela. Izan ere, zer den euskara jakiteko, erdara hartzen dugu metrotzat. Euskarari begiratu beharrean, erdarari begiratzen zaio: delako hitza erdaraz erabiltzen bada, orduan euskaratik kendu behar da; erdaraz erabiltzen ez bada, orduan gurea da. Baina zer txorakeria da hau? Nola ez gara ohartzen horixe dela erdararen morroi izateko eta agertzeko modurik irrigarriena? Eta guretzat galgarriena?

Azken batean, jokabide horrekin zer lortzen dugu? Euskara murriztu, kaskartu, indargabetu eta maxkaldu, besterik ez. […]

Edonork daki gure artean amaigabeko eztabaida aspergarriak egon direla, eta daudela oraindik ere: garbizaleak direla, mordoilozaleak direla, etab. Anekdotak kontatzen hasiko bagina, ez genuke bukatuko.

Urliak dio zapata ez dela esan behar. Galdetzen badiozu zergatik, erantzungo dizu gaztelaniazko «zapato»tik heldu delako hitz hori. Galdetzen badiozu nola esan behar den, oinetakoa esan behar dela esango dizu. Baina oinetakoa orokorra da, zapata, berriz, konkretua eta oinetako-klase bati mugatua. Denerako oinetakoa erabili behar baduzu, hizkuntza pobretu egiten duzu. Baina alferrik da hori esatea. Garbizaleak esango dizu horrela hizkuntza garbitu egiten dela. Zorioneko garbitasuna, hizkuntza desegokitu eta gauzaeztandu egiten duena.

Sandiak, berriz, irakurtzen du idazkuna: aireportua (= aeropuerto). Eskuak burura jaso eta: «Jesus! Hau disparatea!». Alferrik esango diozu halakoari bi hitzok (aire eta portu) euskaldunak etengabe eta nonahi erabiltzen dituenak direla, eta autoreek —behintzat zaharrek— berdin; Axularrek, esate baterako, bai aire eta bai horren deribatua den airatu ere erabiltzen duela, eta berdin portu: dena alferrik.

Bi hitzok erdarazko «aire» eta «puerto» dakarte gogora, eta ez dago bueltarik. Beti erdara gure metroa!

Portu-ren ordez kaia esan behar omen da. Baina kaia ez da «puerto», «muelle» baizik, eta dirudienez, frantsesezko «quai»rekin du zer ikusi. Euskaldunok besteek ez bezala izendatu behar baditugu gauza guztiak, ez dakit zer mintzamolde asmatu beharko dugun. […]

Galdera bitxiak egiten dira inoiz gure artean: Nola esan behar ote da euskaraz «chocolate», «tomate», «tabaco», etab.? Dogmatzat hartzen da erdaraz ez bezala esan behar direla gauza guztiak, eta orduan dena bihurtzen zaigu problema. Hitzok, jakina denez, amerindiarren hizkuntzetakoak dira. Hauengandik hartu zituzten espainolek eta gero noranahi zabaldu dira. Besteek bezalaxe guk ere zergatik ez ditugu erabili behar? […] Jokabide horrekin nora goaz, ordea? Euskara antierdara egitera. Hizkuntza erabilgarri ez den eran jartzera. Beste hitzez esanik: hizkuntza hilobira bidean jartzera.

2. Lehena ezkerretik hasita, Aita Villasante, Arantzazu berritzen ari ziren langileekin (1952).
Villasantek irakurtzen eta idazten irakasten zien langileei.

VILLASANTE, Luis (1988). Euskararen auziaz. Luis Eleizalde saila, 9. lib. Gasteiz: Editorial Franciscana Aránzazu.

IKUS HAU ERE

PEREZ GAZTELU, Elixabete (2000). Luis Villasante. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

1. 1949arrasate.blogspot.com.

2. Bidegileak bilduma.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper