NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

HIZKUNTZA BIKAINAK ETA ZARPAILAK?

Luis Villasante (Gernika, Bizkaia, 1920 – Oñati, Gipuzkoa, 2000)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1988

Atala: Hizkuntza

La Fontaineren “Belea eta azeria” fabularen ilustrazioa.
Egilea: Jean Ignace Isidore Gérard Grandville (1803–1847).


Hizkuntza batzuk beren eitez bikain eta beste batzuk ezgauza direla, batzuk goi-mailakoak eta beste batzuk zarpail eta beren baitatik, hau da, berenez desegokiak: horra beste esamesa edo irudipen bat bazterretan arras zabaldua egon dena eta euskararen auzi honi ukitu izan diona. Zenbaiten ustez, sailkapenaren aurrenengo sailean legoke euskara, beste batzuen aburuz bigarrenean. Baina ez bat eta ez beste. Bitaratze honek ez du oinarri sendorik. Ez da zuzena. Joan mendeetako euskal apologistek (Larramendi, Erro, Astarloa eta beste) mila bikaintasun eta dohain ikusten zuten euskaran, inguruko beste hizkuntzak akastun, ezgauza, ezerez, eta zarpailtzat jotzen zituzten bitartean; baina berek tresnatzat zarpail horiek hartzen zituzten. Eta jokabide honek gaur artio dirau.

Barkakizun zen, neurri batean, euskaldunak beren hizkuntzaz zaletzeko, hizkuntza honen abantailak agerian jarri nahi izatea, baina lelo honekin urrunegi joaterik ez dago. Gainera, alienazio bati zabaltzen zaio atea, hots, euskara kontenplazio-objektu huts-soila bihurtzen da eta, tresna izateko, ustez zarpail diren horiek hartzen dira. Azken finean, gorespenekin euskaldunen burua tontotu eta bitartean gazta bestek kentzen digu.

Gero, erreakzioz edo, etorri ziren beste aldera jo zutenak, hala nola Unamuno. Honek ere, Jespersen-i jarraikiz, dirudienez (1) hizkuntza batzuk bikaintzat jotzen ditu —indoeuropar familietakoak, noski—. Beste batzuk, berriz, ezdeus eta desegokitzat, eta hauen artean sartzen du euskara. Hizkuntza trakets eta markets hauek halako ahulezia bat ezin sendatuzkoa izango lukete, eta zer egingo zaio!, horrek ez du erremediorik. Ez dute balio, ez dira gauza, eta kito.

Baina punta bateko apologistak oker bazeuden, berdin daude oker beste puntako mendratzaile hauek ere.

Ezin esan daiteke, beraz, hizkuntza batzuk berenez edo beren eitez bikain eta handi-kastako direla eta beste batzuk ezdeus eta desegokiak. Tresnak diren aldetik, denak dira berdin. Honako hau, ordea, bai, egia da: inguruko baldintzapenez baldintzaturik egon direlako, moztasun edo atzerapen batekin aurkitzen direla batzuk besteen aldean, eta hori da euskarari gertatu zaiona; baina behar diren gaurkotze edo egokitzeak egin ditzakeela, ez da dudarik (berriz ere hartako baldintzak izatekotan). Hemen bai balio duela Axularrek dioenak: «Eta baldin hala ez bada, euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak». Haatik, agian honako hau gaineratu beharko litzateke: «euskaldunek eta inguruko baldintzapenek».

VILLASANTE, Luis (1988). Euskararen auziaz. Luis Eleizalde saila, 9. lib. Gasteiz: Editorial Franciscana Aránzazu.

ERREFERENTZIAK

(1) MITXELENA, Luis (1985). Lengua e Historia. Madrid: Ediciones Paraninfo. (151).

IKUS HAU ERE

PEREZ GAZTELU, Elixabete (2000). Luis Villasante. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

Wikimedia Commons

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper