NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BAGA, BIGA, HIGA...

Ez Dok Amairu

Haur-kanta ezagun honen lehen atalak “bele-ehiza azkar bat” adieraziko luke, Manuel Lekuonak idatzi zuenez. Hasierako hamar hitzak (baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, arma) lehenengo hamar zenbakien forma bereziak dira: -ga erantsi zaie zenbakien hasierako letrei, bederatziaren tokian “bele” dator, eta hamarraren tokian “arma”. Segidan, eskopetaren eztanda: pun!

Bigarren ahapaldia, berriz, Lekuonak berak azaldu bezala, otordu kaxkar baten osagarrien zerrenda da. Gerrena (okela su gainean erretzeko erabiltzen den burdinazko ziria) bai, plat (platera) ere bai, baina okelarik ez: dena “salda”. Kikili, urrup eta klik onomatopeiak dira: kikili, oiloarena; urrup, txurrutarena; eta klik, eztarrian irenstearena. Azkeneko ikimilikili-klik!, dena irenstean egindako hotsa.(1)

70eko hamarkadan, ezezaguna zen kanta, eta inor gutxik zekien “Baga, biga, higa…” hark zer esan nahi zuen hitz haiek Ez Dok Amairu taldearen karteletan agertu zirenean. Garai horretakoa da Xabier Kintanak Anaitasuna aldizkarian argitaratutako artikulu hau.

Testu mota: Abestia

Garaia: 1969

Atala: Abestiak

Ez Dok Amairu taldearen 'Baga, biga, higa...' ikuskizunaren kartela.


Baga, biga, higa,
laga, boga, sega,
zai, zoi, bele,
arma, tiro, pun!

Xirrixti-mirrixti, gerrena, plat;
olio-zopa, kikili-salda,
urrup edan edo klik!
ikimilikili-klik!

SORGINEN HIZKETA. BAGA, BIGA, HIGA…

Batek baino gehiagok, aho zabalik agian, Ez Dok Amairu-koen azken txartela ikustean, hauxe galdetu bide dio bere buruari: zer demontre da “baga, biga, higa…” hori?

Askorentzat jakingarri delakoan, berau ere kontatzera noakizue. Herri guztientzat, erlijiozko, sorginkeriazko eta misteriozko zeremonietarako hizketa hizkuntza ezezagun eta ilun bat izan ohi da. Hasiera batean, erlijio hori sortu edo fundatu zenean, otoitzak orduko hizkuntzan egin ziren; baina, denboraz, jendeen hizketa eboluzionatuaz eta aldatuaz joan zen, eta, azkenez, jatorrizko hizkuntza hartan egindako otoitz eta errezo haiek ez ulertzeko puntura heldu ziren. Hori gertatu zen Erroman, bertako jainko jatorrei eginikako otoitzetan latin zahar eta arkaiko bat erabiltzen baitzen, Jesukristoren denboretako erromatarrek aditzen ez zutena. Juduen artean, hebreera aristokraten hizketa zen, baina ez herri xeheak erabiltzen zuena. Kristoren hizketa ez zen, beraz, hebreera, haren dialekto bat baizik. Indian ere, sanskritoa, orain hiru mila urte mintzatu zen hizkuntza bat, liturgia hizkuntzatzat kontserbatzen dute bertako erlijioetan; eta oraintsu arte, Luterok orain laurehun urte dela kanbiatu arren, latina kristau katolikoen erlijio hizkuntza ofiziala izan da.

Hizkuntza sakratu eta hil hauen jatorria nahiko logikoa da historiari dagokionez; baina haien irautearen zergatia beste hau izan da, hots, herriko jende xehearentzat gorde duten misterio eta adiezintasuna. Apaizen eta sazerdoteen hitz misteriotsuen pean, askorentzat, erlijio hartako espiritua zegokeen; eta ulertzen ez denak eragiten duen errespetuagatik iraun zuten hizkuntza sakratuok hain luzaro. Afrikako beltzen artean ere, kasu, aztiek eta hetxizeroek beste herri eta tribu batzuen hizketak darabiltzate gaur ere, jendearentzat hitz misteriotsuagoak izan daitezen. Beraz, pelikuletan afrikarren zeremonietako hitz adiezinak entzutean, pentsa dezagun tribu haietako beltzei bezain adiezinak zaizkigula.

Eta aipa dezagun orain geure sorginen kontua. Euskal Herrian sorginek ere horrelako misteriozko hizkuntza bat egin zuten akelarreetarako. Beren esaldietan euskal hitz aldatuak eta ezagutezinak esaten zituzten, entzule haien guztien harridurarako. Zenbakiak (bat, bi, hiru, lau...) honela aldatu zituzten sorginek beren zeremonietarako: baga, biga, higa, laga, boga, sega, zaga... Sistema oso erraza da. Irakurleak ikusi duenez, nahikoa da zenbaki bakoitzaren lehen silabari -ga jartzea. Zazpi zenbakiotarik, baina, biga ez da asmatua, Iparraldeko euskaran bizi da eta. Beharbada, honetatik irten ziren beste guztiak, hain zuzen.

Badago euskaraz beste honelako hitz kurioso asko, esate baterako, balearen bila zihoazen euskaldunen hizketakoak, orain ere ingeles baleazaleen mintzairan kontserbatuak. Baina horri buruz beste egunen baten idatziko dut.

KINTANA, Xabier (1971). «Sorginen hizketa: Baga, biga, higa…», Anaitasuna aldizkaria 205.

ERREFERENTZIAK

(1) LEKUONA, Manuel (1978). Ahozko literatura. Kardaberaz bilduma 22–A, (25 eta 60).

KANTAREN BESTE BERTSIO BATZUK

Mikel Laboa Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoiarekin. Anoetako estadioa, Donostia, 1997.

Irati Gorostidiren Baga, biga, higa bideoa (2015). Laboaren 1969ko bertsioa dantzatzen du Manuela Carretta flamenko dantzari italiarrak.

Asier Etxeandía eta Bilboko Haur Abesbatza. Max Sariak, Arriaga Antzokia, Bilbo, 2021. RTVEko dokumetala (2:01:25etik bukaera arte).

Irudia

Argia / Gure Gipuzkoa / Javier Garayalde. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper