NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GUTXIEN ESPERO ZENA

Frances Beckner Thompson

Frances Beckner Thompson 1950. urte inguruan joan zen Indianatik Buffalora hango ospitalean erizain lana egitera. Mendien eta eremu zabalen maitasunak eraman omen zuten Wyoming estatuko hirira. Laster, lur haietako jendearekiko atxikimendua sentitzen hasi zen, eta haiei buruz idazten. Haren ezagunen artean Jean Auzqui zegoen, kontakizun honetako protagonista.

Testu mota: Narrazioa

Garaia: 1995 (edukiaren garaia: 1957)

Atala: Literatura

“Neguko larreetarantz”.  Argazkia: Richard H. Lane.UNR Basque photography collection. Jon Bilbao Basque Library, University of Nevada-Reno Libraries.


Ostiral arratsalde batez, 1957ko azaroaren 15ean, hanka hautsia zekarren euskal artzain bati lagundu nion kamioneta batetik jaitsi eta ospitalera sartzen Buffalon, Wyomingen. Jean Auzqui zuen izena, eta lau egun lehenago zaldiak azpian harrapatua zuen. Jeanek hiru milia laurden egin zituen , kaktus eta elur artean arrastaka bere eta hantxe egon zen zain, eguna joan eta eguna etorri, aurkitu eta hirira ekarri zuen arte.

X izpien mahaiaren gainean etzanarazi eta eskutrapuekin eta labana batekin egindako euskarri baldarra askatzen hasi nintzaionean, barkamena eskatu nion bere hanka hala mugitzeagatik. Jeanek eskua emeki nire besoan ipini eta hala esan zidan bere azentu hautsiarekin: “Ai, Missy, hau ez da ezer, pasa ditudanak pasa eta gero”.

Jean, edo Cashau, hala esaten baitzioten bere adiskideek, hamar urtez Esponda Ranch-en lan egindakoa zen eta arrantxoko enplegaturik estimatuenetakoa. Bakarzalea zen, mutilzaharra, bizibidez artzaina. Zangoa hautsi zuen astelehen hartan, Powder River-eko lurretan zegoen kanpatuta, hiritik hogeita bosten bat miliara ekialderantz. Eguerdi hartan kanperoa han izan zuen eta karroa eta ardiak beste leku batera mugitzen lagundu zion, eta gero bakardade hartan utzi zuen.

“Artzaina eta gaztelua”, Big Horn Mountains, Wyoming 1917.

Eguerdi aldean Jean ardiak begiratzera joan zen zaldiz. Presa bat gurutzatzen ari zela, zaldia izotzean irristatu, Jean lurrera bota, eta ezkerreko zangoaren gainera erori zitzaion. Zaldiak ez zuen minik hartu, baina Jeani zangoa puskatu zion. Zaldiari bere aldamenera deitzen saiatu zen, uhaletik heltzeko, baina ez zitzaion behar beste hurbiltzen. Karrora heldu beharra zeukala ikusirik, hotzak hilko zela bestela, arrastaka abiatu zen. Aldapan gora eta behera, sigi-saga joan zen txamiso eta kaktus artetik, elur guneak irristaka pasatuz, harkaitzak atzamarka, zango kolpatua apurka-apurka arrastatuz. Zazpi ordu joan ziren eta ilunduta zegoen karrorainoko hiru milia laurdenak egin zituenerako.

Leher eginda zegoen karrora iritsi zenean eta izugarri kostatu zitzaion igotzea eta barrura sartzea. Lortu zuenean, gehiago ezin eta lurrean botata pasatu zuen gaua, antsika eta batere lorik egin gabe.

Asteartean, bere aurreko eremu zabalean jarrita begiak, bi miliara pasatzen zen lurrezko kamioa zaintzen egon zen. Autoren bat igarotzen zen noizean behin, baina gelditu ez. Auzoko arrantxoko gizona ere pasatu zen, Jeanen kanpamentu aldera begiratu zuen eta, karrokanpoa tximiniatik kea zeriola ikusita, dena ondo zegoela pentsatu zuen.

Zenbait gizonek ez zuten egoteko kemenik izango. Herioan, bi miliak gurutzatzen saiatuko ziren. Jeanek lasai pentsatu zuen zer egin. Beharbada gai izango zen arrastaka kamioraino joateko, baina beharbada ez. Bestalde, norbaitek karroan aurkitu baino lehen egunak edo asteak joan bazitezkeen ere, bazekien azkenean norbait etorriko zela bertan gelditzen bazen. Itxoin egin zuen, beraz.

Bakardadera ohituta zegoen eta bere buruaz baliatzen zekien gizona zen, baina oraingoan biziraupen proba baten aurrean zegoen. Negu hasiera zen eta oso zauri larria zuen. Karta guztiak, esaten den bezala, txarrak zituen.

Eskutrapu batzuekin lotu zuen zangoa, harakin-labana bat eta mahai-tresnak erabiliz euskarri gisa. Manta batekin zangoarentzako kako moduko bat egin zuen egur edo ur bila kanpora joateko. Bazekien sua piztuta eduki behar zuela eta bazekien pertsona luzaroan bizi daitekeela ur hutsarekin.

Asteazkenean zango handitua oinaze bizian taupaka zeukan, baina egur eta ur gehiagoren bila joan behar zuen. Izotz-geruza batek estaltzen zuen ur upela, beraz eltzekada elur hartu eta estufan jarri zuen urtzeko. Elikatzearren, urari azukrea bota eta nahasketa edan zuen. Horrelaxe joan zen asteazkena; ez zen inor etorri.

Ostegunean bere berrogeita hamaseigarren urtebetetzea zen. Berrogeita hamazazpigarrena ospatzeko biziko ote zen pentsatu zuen. Noiz arte iraun ote zezakeen pentsatu zuen. “Eta inor etortzen ez bada?”, galdetu zion bere buruari. Orduak geldiro joan zitzaizkion. Osteguna ere amaitu zen eta ez zen inor etorri.

Ostiral goizean, hamaikak aldean, kamioneta bat ikusi zuen lurrezko kamioan jiratu eta bere karrorantz jotzen. Arindua sentitu zuen gorputz osoan. Handik gutxira, Jean Errecartek artzain ahuldua besoan hartu, autoan sartu eta kamio kaskarretatik Buffalora ekarri zuen, esku atseginak eta janaria eta medizinak zain zituen tokira.

Kamionetatik ospitale barrura esku-ohean eramatea eskaini nion, baina Jeanek baztertzeko adierazi, mantarekin egindako kakoa zangopera bota, eta gurpil-aulkira lerratu zen zeharka, esanez: “Eserita etorri naiz bide guztian; horraino eserita joan ezinik ez daukat”.

Sendagileak beldur ziren zangoa galduko ote zuen. Loturak askatu genizkionean, masa beltz puztu bat aurkitu genuen, odol baba handiak zintzilik zituela. Haietako batzuk zapiak kentzerakoan lehertu eta likido gorri-laranja bat isuri zuten.

X izpiek hankako bi hezurretan hausturak zituela erakutsi zuten, eta hezur printzak harantz eta honantz. Tratamenduari ekin genion: narkotikoak, zain-barneko elikadura, antibiotikoak, tetanosaren eta gangrenaren kontrako injekzioak, odol transfusioa eta janaria. Armazoi bat jarri genuen ohe gainean tapakiek zangoa ez ukitzeko. Bost egun geroago, sendagileek iltze bat sartu orpoan eta trakzioa ezarri zioten zangoari. Gero zain geratu ziren ea denborak eta naturak mirariren bat egiten zuten.

Sokak eta poleak zituen ohe berezi batean zegoen Jean, eta barra bat ere bazeukan buru gainean, altxatzen laguntzeko eta postura zertxobait aldatzeko. Noizbehinka injekzioren bat behar izaten zuen berak “bat-bateko ziztadak” bezala deskribatzen zuen minaren aurka. Gutxitan jotzen zuen txirrina erizainari deitzeko, eta jotzen zuenean barkamena eskatzen zuen laguntza eskatzeagatik. Laguntza behar izatea zangoa bera baino mingarriagoa zitzaiola ematen zuen.

Asteak astiro zihoazen. Jeanek denbora-pasa gutxi zituen: ez zekien irakurtzen, familiarik ez zeukan bisitan etortzeko, ez zitzaion interesatzen ez telebista ez irratia, eta hobbyrik ere ez zuen eskuak zerbaitetan edukitzeko. Lagunen bat edo beste etorri zitzaion ikustera, baina denbora gehiena isilik egiten zuen. Ez zuen ezer egin beharrik sentitzen eta inoiz ez zirudien urduri. Uharte baten pareko ikusten nuen nik, bere buruaren jabe. Ospitaleko hilabete isilak ez ziren, ondo begiratuta, karrokanpoko isilaldi luzeen aldean oso desberdinak. Egun luzeak betetzen nola lagundu asmatu ezinik ibiltzen ginen zaindariok. Ez ginen gai, nonbait, ondo zegoela ohartzeko. Geu ez geunden ondo.

Bi hilabeteren buruan, X izpiek hezur berria hazten hasia zegoela erakutsi zuten, eta Jeani igeltsua jarri zioten eta gurpil-aulkira pasatu ahal izan zen. Hiru egun geroago, makuluak utzi nizkion. Zoratzen jarri zen, eta ohetik atera zen pixkanaka, zutik jartzeko. Hasieran makalduta eta baldar zegoen, baina laster hartu zion tamaina hanka bakarrean ibiltzeari eta handik aurrera haren ohea hutsik egoten zen gauean izan ezik.

Astebete geroago medikuek alta eman zioten, eta nik adio esan nion patxadako gizon irribarretsu hari ospitaleko ate birakaritik atera zenean bizitzara itzultzen ari denaren kemenez.

Hirian egon zen hilabete batzuetan, igeltsua kendu arte, eta gero bere karrokanpo maitera itzuli zen.

Ospitalea utzi zuenean, Jeani jokoa gustatzen zitzaiola jakin nuen. Jokalari ona izango zelakoan nago, zeren aldi hartan behintzat karta guztiak aurka zituela biziaren alde jokatu eta irabazi egin zuen.

Beste behin bakarrik ikusi nuen Jean harrezkero. Hurrengo udan izan zen. Bizkor zihoan Buffaloko hiriguneko kaleetan barrena, berria bezala. Herrenik ere ez zuen egiten, eta bere adiskideek esan zidaten inoiz ez zela hankako minez kexatzen.

Espondatarrentzat lan egiten jarraitu zuen Jeanek, handik urte askora, itxura batera bihotzekoak emanda, hil zen arte. Ardiak begiratzera joan omen zen belardi batera, eta hantxe aurkitu zuten haren gorpua.

BECKNER THOMPSON, Frances (1995). «Against all odds», in Buffalotarrak, an Anthology of the Basque People of Buffalo Wyoming [Dollie Iberlin eta David Romtvedt-ek editatua]. Buffalo, Wyoming: Red Hills Publications. Itzulpena: Asun Garikano.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper