NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

17 URTEKO NESKA BAT AMERIKETARA 1928. URTEAN

Joan Errea (Ely, Nevada, 1934 – Winnemucca, Nevada, 2016)

Marie Jeanne Goyhenetche 17 urte zituela abiatu zen Bankatik (Nafarroa Beherea) Estatu Batuetako mendebaldera, hara joanda zegoen anaia Louisekin elkartzeko asmotan Ely izeneko herrian, Nevadako estatuan. Urteen buruan, alaba Joanek neskatila haren bidaia kontatu zuen My Mama Marie liburuan.

Testu mota: Memoriak

Garaia: 2010 (edukiaren garaia: 1928)

Atala: Literatura

1. De Grasse pakebote frantsesa 1920ko hamarkadan.


Banka herriko Marie Jeanne Goyhenetcheren Nevadarako
bidaia bere alaba Joan Erreak kontatua

Beldur handiarekin hartu zuen trena Baionatik Le Havre-ra, eta han De Grasse ontzi frantsesean itsasoratu zen. Zama- eta bidaiari-ontzia zen, portu askotan gelditzen zena zamalanetarako. Berrogei egun behar izan zituen New Yorkeko portu lainotsu eta goibelera iristeko.

Eskualduna, 1927-06-10.

Bidaiaren zatirik handiena zorabiatuta eta atsekabeturik egin zuelarik, aukera izan orduko Frantziara itzuliko zela izan zen bere lehen pentsamendua.

Ameriketan zuhaitzetan hazten omen zen dirua, baina, alajainkoa!, halako zuhaitzik ez zuen artean ikusi! Egia izan balitz, anaia Louisek lehenago ordainduko zion bidaia. Nonbait, herri hartan ere astelehena zen aste guztiz. Gaitz erdi, asteak astelehen bakarra baldin bazuen.

Valentin Aguirreren hotelera bidali zuten, eta hango euskaldun batzuek trenean utzi zuten hurrengo goizean, «Ely, Nevada» zioen txartela lepotik zintzilik. Artean ondoezik, itxaropenak eta ametsak zapuztuta, eserlekua hartu zuen tren tzar astun eta zaratatsuan.

Urte luzez, Valentin Agirre eta Benita Orbe senar-emazteek New Yorken zabaldutako bidaia-agentzia eta Santa Lucía hotela (1910), hala nola Jai-Alai jatetxea (1922), laguntza handia izan ziren emigratzaile euskaldun iritsi berrientzat.

Zamaketari baten ardurapean utzi zuten, eta hark zaintzen zituen bere otorduak eta jomugara heltzeko egin behar zituen konexioak. Marie Jeannek asko eskertzen zion laguntza, frantses pixka bat ere hitz egiten baitzuen gizonak, eta gainera kutixiak ekartzen zizkion hain larri ikusten zuen neskari, nahiz Marie Jeanne jateko gai izan ez. Lasaitu egin nahi zuen, baina txiki hura –hala deitzen zion zamaketariak– ikaratu egiten zen berarekin! Aurrenekoz ikusten zuen gizon beltz bat eta txunditurik zegoen haren azal ilun-ilunarekin. Sorgin batek belztu ote zuen egon zen pentsatzen Marie Jeanne, beste asko ikusi zituen arte. Ematen zuen Amerika kolore askoz, esperientzia berri ugariz egina zegoela, eta –hala espero zuen!– baita ikusmira eta aukera berri pozgarriz ere. Irrikaz zegoen anaia berriz ikusteko, etxea ez baitzen sekula lehengoa izan hura Bankatik joan zenez gero. […]

Orduan, hautsez betetako herritxo batean gelditu zen trena; eraikin bateko seinaleak Nevadako Currie herrian zeudela zioen.

2. Currieko geltoki abandonatua 2007. urtean. Argazkia: Mark Hufstetler.

Etxe banaka batzuk eta HOTEL zioen toki bat ikusi zituen, eta ukuilu bat, eta ukuiluan gizon gazte bat zakuak kargatzen bi zaldi ikaragarri handik tiratako gurdi batean. Halako zaldi puskarik ez zuen sekula ikusi!

Zamaketari beltza etorri zen, ekipajea plataformatxora eraman zuen eta jarraitzeko adierazi zion. «Ici, mamzelle, heldu zara», esan zion frantses hautsian, eta bere mila hortz zuri haiekin irribarre egin, kapelari ukitu bat eman, adieu esan, eta trena distantzian desagertu zen tristeki intzirika eta ke beltza zeriola.

Gizon mozkote bat hurbildu zitzaion, sabel handixkoaren gainean amantal txuri bat zuela, eta espainieraz hitz egin zion. Manuel Edo omen zuen izena, eta harekin joan behar omen zuen, baina bera haserretu eta oihuka hasi zen euskaraz, erotuta ere ez zela inoren atzetik joango. Bere jomuga Ely zela eta Elyra joango zela eta kito!

Bere jenio bizi hura nagusitu zitzaiola, ekipajeari ostikoka hasi zen behatzak minberatu arte, madarikazioak hitzetik hortzera, ez noski osaba apaizaren magalean ikasiak!

Norbaitek eztarria garbitu zuen bere atzean, eta gurdia zamatzen ari zen gizonaren begi urdin harrigarriekin eta begirada jostalariarekin egokitu zen. Zuhurki hurbildu zen mutil gaztea, eta euskaraz mintzatu zitzaion. Haren ile marroi gorrizta eta begi urdin- urdinak deigarriak egin zitzaizkion Marie Jeanneri, ez baitzuen berak ezagututako euskaldun gehienen antzik. Gainera, burlaizezko irribarre bat zuen, bere sentimendu piztuak areago sutu zituena.

Gazteak azaldu zion, bera Bankako Marie Jeanne baldin bazen, plan aldaketa bat egon zela, eta Currien geratu behar zuela hoteleko Gregoria Mariluchi laguntzen, haren alaba txikia gaixotu egin zelako. Louisek jakinaren gainean jarrita zeuzkan hotelekoak, eta arrebak han geratu behar zuen berak bila etortzeko modua izan arte.

Gazteak esan zion Arnaud Paris zuela izena, Lasan jaioa zela, Frantzian, eta arras ongi ezagutzen zituela haren neba eta ahizpa. Pauline bere laguna izan omen zen, Louisen adiskide Pete Etcheverryrekin ezkondu zen arte.

Marie Jeanne lasaitu nahian, Louisek berriki egindako deabrukeria kontatu zion Arnaud gazteak. Astoa hoteleko eskaileretan gora igo, bere gelaraino, eta hantxe utzi omen zuen egun osoan. Jakina, abereak zalaparta handia sortu zuen, eta hankaz gora utzi zuen dena bere ostikadekin. Fortunatxo bat kostatu zitzaion Louisi neskamea baretzea, eta dena txukunarazi eta astoak egindako kalteak ordainarazi zizkioten.

Marie Jeanne barrez lehertu zen, neba benetako enfant terrible bat zela onartuz, hark egindako gauzekin inoiz harritzen ez bazen ere.

Gazteak hoteleraino eraman maletak, eta Mariluch familia aurkeztu zion. Gero joan egin zen bere zaldi puska beldurgarriekin. Halako hauts- eta harri-hodeiak harrotzen zituzten hanka handi haiekin eta begitzar haiekin ikaratuta, Marie Jeanne konturatu zen ez zizkiola mutilari eskerrak eman laguntzagatik. Penaturik, eskua goratu zuen agur egiteko, eta une berean mutilak atzerantz begiratu eta, hantxe zutik, hautsez betetako kalean, neska euskaldun bakartia ikusi zuen.

Halaxe ezagutu zuen Marie Jeannek bere senar maitatua izango zena.

3. Arnaud (eskuinean) eta Beltran Paris anaiak 1924 inguruan.

OHARRA: Bere aita bilakatuko zen Arnaud Paris haren biografia ere idatzi zuen Joan Erreak: A man called Aita (‘Aita izeneko gizona’). Bertsotan –ingelesez eta bertsotan– idatzita dago liburua, aita bertsolariaren omenez. Eskaintza hau dakar hasieran, euskaraz:

Aita gaichoa gusiz maitatua
hemen dut sure liburua
pazatu dut sombait bihotzeco min
sure memoria ahatz ezin eguin.

Euskaraz dator liburuaren aurkezpena ere. Honelaxe idatzita:

Ene Aita sen Arnaud Paris, zhortia Gehesamburu Borda, Lasse Frantzian 1894 garen urthean. Ameriketara yin sen artzaina 18 urthetan. Familian bazieren bertze bi anaya, eta lau arreba. Siren Miguel eta Beltran Paris, anayac, eta Jeanne Marie Etchevarria, Marie Inchauspe, Marie Louise Legarto, eta Marianna Camino, arrebak. […]

Arnaud Paris sen Ezkualduna, ardi-nahausia, arrrantchero, eta Jainkoa maite zien gizona, langilia eta honesta, eta denen gainetik sen «AITA».

GARIKANO, Asun (2010). Far Westeko Euskal Herria. Arre: Pamiela. (53-57).

Joan Errearen liburuak ingelesez

My Mama Marie. Reno (Nevada): Center for Basque Studies, University of Nevada (2013).

A Man Called Aita. Reno (Nevada): Center for Basque Studies, University of Nevada (2017).

Joan Errearen liburuak euskaraz

Aita deitzen zen gizona. Pello Salabururen edizioa. Arre: Pamiela. (2016).

Irudiak

  1. G. F. - Le Havre , via Wikimedia Commons.
  2. , via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.
  3. PARIS, B., & DOUGLASS, W. A. (1979). Beltran, Basque sheepman of the American West. University of Nevada.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper