NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ZAKUR AMORRATUEN KONTUAK

Mikela Elizegi (Asteasu, Gipuzkoa, 1869 – Donostia, Gipuzkoa,1967)
Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

Testu mota: Memoriak

Garaia: 1963 (edukiaren garaia:1876)

Atala: Literatura

1. Zakur amorratua. Egilea: L.P. Baltard (1764 – 1846).


Zakur amorratuen kontuak badakizkit nik inork bezain ondo.

Nik ama Zizurkilgo Galardikoa nuen, eta han bizi zuen anaia ezkonduta. Anaia hark hiru seme eta alaba hura bakarra zuen, dozena-erdiren bat urteko nexka. Anttoni zuen izena.

Eta San Joan egunean, auzora jostatzera umea zihoala, gari tartetik zakur zuri handi bat atera omen zitzaion, eta bota, ahoz gora jarri eta usain-usain egin omen zion muturrean, eta baita ere harramazka batzuk egin hankarekin masailean. Ez egon nonbait zakurra amorrualdian, eta heldu gabe utzi zuen.

Etxera joan zenean hala esan omen zuen nexkak:

─Izugarrizko zakurra atera zait, eta lurrera bota nau, eta hara nolako harramazkak egin dizkidan.

Baina ez omen zioten umeari kasurik egin.

Handik laugarrena edo bosgarrena, San Pedro, Asteasuko festak, eta astoaren gainean aitarekin eta amarekin etorri eta gure etxean bazkaltzen izan zen.

Kontarazi zioten orduan ere:

─Zakur handia al zen, Anttoni?

─Bai, handia zen, zuri-zuria gainera. Ikaratu ninduen. Negarra egiten nuen, baina bota ninduen eta...

─Eta nola ez zinen ba gero etxera joan?

─Ez, Zubiaurretxo alderago neukan eta hara joan nintzen.

Eta handik berrogei egunera, berrogeialdia bete zitzaion. Jesus! Ura edaten hasi eta han zakurra ikusten zuela. Eta begiratu bat... Harrapatzen zuen guztiari hozka hasi omen zitzaien.

Orduan jakin omen zuten zakur amorratua zela hura.

Salutadorea ekarri zuten. Albizturkoa zen, gizon txiki-txiki bat, gure aitaren tamainakoa, brusa urdin motx batekin ibiltzen zena. Gogoan daukat nolakoa zen.

Harritzeko gauza da, baina egia handia hala ere: zazpi seme segidan baldin badira, zazpigarrena salutadorea da; zakur amorratuen kontrako bertutea hark du. Gero hura estudiatzera bidali behar omen da. Eta batzuek mingain azpian eta beste batzuek gainean, gurutzea izaten dute. Hark gainean zuen.

Salutadoreak umea hola, bazter guztiak puskatzen, ikusi zuenean, esan omen zien:

─Olioa ekar ezazue.

Eta olioa irakiten jarri, bere orazioak egin, eta irakiten gal-gal-gal zegoen olioa bere mingainera bota omen zuen hark. Gero umeari harramazka guztiak sendatu edo igurtzi zizkion mingainarekin.

Hori egin eta hola esan zien:

─Ume honek gaiztorako denak kenduta dauzka. Honek ez du jango, ez du edango, ez du lorik egingo. Holaxe-holaxe hilko da. Gaiztorakoak kendu dizkiot, baina arnasa pasea dauka.

Eta hark esan bezala gertatu zen. Gaiztorakorik ez, minik ere ez, eta kantari egoten zen:

Ardoa edanda mozkortzen naiz,
pipa hartuta txoratzen naiz,
kortejatzia lotsatzen naiz,
nola demontre biziko naiz?

Kanta hori aditzen nion nik beti.

Baina orduan medikua ekartzea pentsatu zuten gurasoek. Bi mediku etorri ziren, eta salutadorearen handitasuna ezin eramanik, alegia gaiztorakoak hark kentzea, hark hainbeste bertute izatea, zer egin dute?

Nire ama bidali omen zuten Villabonara, errezeta egin eta botikaren eske, eta esan omen zuten kutxare handi bat emateko handik. Nire ama hango alaba, eta lanak egiten laguntzera joaten zen. Gure aita ere joaten zen, baina gutxiago noski.

Eta botikariak hala esan omen zion gure amari:

─Andrea, botika hori kontuz ibil ezazu, gero.

Hura esan zionean, handik irten eta Villabonako zubian ibaira begira jarrita pentsatzen egon omen zen:

─Nik botika hau horra botako al dut? Bai, baina gero zer egin diodan galdetuko didate eta etxera eraman beharko dut.

Etxera joan eta anaia topatu zuen:

─Aizak, hau eta hau eta hau esan zidatek, eta bota edo ez bota duda-dudan egon nauk. Hau gauza peligrosoa izango duk.

─Bueno, kutxare handia bete emateko esan ziguten, eta txikia bete emango zionagu.

Eta hala, txikia bete emanda, Jesus!, dena handitu eta deiadarrez martiri egon zen neska gizajoa, ezin hilik. Handia eman izan baliote, hilda geldituko zen.

Gero gure osaba, alkate ez baina errejidorea izango zen, eta berehala mediku haiek kastigatzeko hasi zen; medikuak ez zeukala ordenarik ─enteratu ziren haiek ondo─ benenorik pertsonari emateko. Gure osabak esaten zuen ez zela kontu hura horrela geratuko, baina medikuek tapatu zuten dena nolabait ere. Betikoa: pobrearen arrazoia, hutsa.

Eta nexka gaixoa hil zen.(1) Orduan nexka hura bakarra zuten, nexka polita; gerokoa zuten orain Zizurkilgo Iturralden hil dena, Balentina.

Neronek ere eskapada ederra egin nuen beste batean.

San Pedro bigarrena zen, eta festara gindoazen. Zakur bat etzanda zegoen sagar baten azpian, eta mutil koxkorrek, gure anaia Miel Anton-eta, Konportakoa-eta, harrika ekin zioten.

Gu neskak atzetik, eta "utziozue zakurrari" esan genien, baina zakurra jaiki eta guregana hasi zen. Guk korri egin genuen, baina, dak!, gona harrapatu zidan, eta puskatu. Korrika alde egin, eta Asteasuko kaletik bide zaharrean dagoen etxe zahar hartan sartu ginen.

─Ni orain honekin nola joango naiz festara? ─esan nuen, eta etxera joan eta amaren gona jantzita joan nintzen. Oraingo neska gazteak joango lirateke!

Asteasun, eliza-igoeran ezkerretara, Santa Krutz deitzen zaion ermita txiki bat dago. Mutil koxkor bat, Illobate baserrikoa, ermita hartan zegoen itzalean jostatzen. Eta barrena sartu eta zakurrak heldu egin zion.

Handik atera eta sagardotegia zegoen Muñoko aldean, eta han meriendatzen ari omen ziren billabonatar batzuk, eta hara sartu zen zakurra. Billabonatar batek zakurra ikusi eta jana bota zion, eta zakurrak dak!, eskutik heldu zion.

Gero berehala zabaldu zen hura zakur amorratua zela. Eginak eduki hark toki gehiagotan aberiak.

Eta hala esan omen zuten:

─O! Hemengo salutadoreenak txoro-kontuak dituk. Parisen jartzen omen ditiztek hauek ondo.

Hala, billabonatar hura eta Illobateko mutil koxkor hura Parisa eraman zituzten. Ekarri zituzten gero handik oso ondo jarri zirela esanez. Baina egun batean mutil koxkor hura, aitarekin itulan zebilela, han ziren harri-koxkorrak jaten hasi zen. Berrogeialdia bete nonbait. Ikaratu ziren orduantxe!

Gero kuarto txiki batean edukitzen zuten, ez jan eta ez lo. Neronek ikusia da hura. Leihoak denbora bateko burdina lodi-lodi batzuk zituen, eta haiei helduta... Jesus! Hura herioa! Gure lehengusu Anttoni behinik behin, Parisa eraman ez bazuten ere, kantari egoten zen, batere minik ez zuela, salutadoreak gaiztorakoak kenduta. Baina hura, paretari puskak kentzen eta zakurrak bezala zaunka egiten, dena amorratua. San Bartolome egunean hil zen mutil koxkor hura.

Orain badira salutadoreena sinesten ez dutenak, baina nire aurreko aldean jarriko balira, aditu beharko lukete. Horiek denak nire denboran paseak dira.

Ameriketan hil zen ahizpak ere eskapada ederra egin zuen, nik bezalaxe.

Oiartzungo osaba ere gure etxean zen egun batean gertatu zen.

Txakur txiki-txiki bat, aparra zeriola, goitik behera ate ondora etorri zen. Gure amak ikusi eta atea itxi zuen. Baina neska etxetik falta zuela konturatu zenean, garrasika hasi zen:

─Horra ba, guk alaba kanpoan dugu!

Gure aita eta Juan Krutz osaba errotarria jasotzen ari ziren, eta amaren oihuak aditu zituztenean kanpora atera ziren, haga bana bizkarrean hartuta.

Nexka aurkitu zuten eta:

─Umea, ez al dun hor txakurrik edo ikusi?

─Bai, putzuan hura edan eta edan hantxe ari zen ni pasa naizenean.

Ez ikusi zakurrak umea.

Orduan zakur amorratuen soinu handia izaten zen.

2. Mikela Elizegi

ELIZEGI, Mikela, ZAVALA, Antonio (2016). Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua. Donostia: Hauspoa 2. (42-46). Jatorrizkoa, hemen.

ERREFERENTZIAK

(1) Juana Antonia Bengoetxea, Juan Tomas eta Juana Josefaren alaba, 1876ko abuztuaren 4an hil zen, lau urte eta hamaika hilabeterekin, “a resultas de haberle mordido un perro”. (Zizurkilgo elizako bigarren heriotza-liburua, 148. orria).

irudiak

  1. Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
  2. EuskoMedia Fundazioa. https://www.ondarebideak.eus/erakutsi_item?id=1239787 . .

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper