NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ANAIAREN HERIOTZA

Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

Testu mota: Lekukotasuna

Garaia: 1992 (edukiaren garaia: 1887)

Atala: Literatura

Ilustrazioa: A Brief History of Witchcraft: With Especial Reference to the Witches of Northamptonshire, J. Taylor & Son, 1866.


Txirritaren anaia bat, Migel Joxe, hogeita lau urterekin hil zen, 1887. urteko azaroaren 22an. Horra nola:

Bularretik gaixotu zen. Hasi zen medikuetara joaten, lehendabizi herrikoetara, gero kanpokoetara. Haien esanak egin, baina denak alferrik. Izan ere, ez zegoen orduan bularreko gaitzarentzat gaur minbiziarentzat baino sendabide gehiago. Gero eta gaizkiago nabaritzen zuen bere burua.

Orduan aztiarengana joan zen. Aztiak honela esan zion:

—Baten batek inbidiaz egindako begizkoa edo erregua duzu.

—Eta zer egin behar dut?

—Nor izan den jakiteko, hartzazu oilar bat, ken iezaiozu bihotza bizirik dagoela, sar iezazkiozu bihotzean orratz asko gurutzearen moduan, eta ipin ezazu eItzean egosten. Eta, erregua edo begizkoa izan baldin bada, hura egin dizuna etorriko da bihotza egosi baino lehen, eta honela galdetuko du: «Zer daukazue hor egosten?».

Bai egin ere: hartu zuen oilarra, kendu zion bihotza bizirik zegoela, josi zuen orratzez eta sartu zuen tupinan.

Tupina jarri du laratzetik zintzilik, egin dio azpitik sua eta eseri da bera bazterrean, brusaren poltsikoan bi kanoiko pistola zuela, inor etortzen bazen eta tupinan zer zegoen galdetzen bazuen, hari kargua zorrotz hartzeko.

Honela zegoela, horra non etortzen zaion adiskidetasun handiko eta mesede asko egindako amona xahar bat. Hasi zen amona xahar hori hizketan, eta bitartean Migel Joxe isilik, tupinan egosten zer zegoen noiz galdetuko zion zain. Baina ez zion galdetu.

Gertakizun hau gero jakin zuen Txirritak, bere anaia Migel Joxek esanda. Honela esaten zuen Txirritak ondoren, gertaera hau ilobei kontatzean:

—Amona gajo hark tupinan egosten zer zegoen deskuiduan galdetu izan balu, ez dakit, baina garbitu egingo zuen hark bere amorruan...

Migel Joxek andregaia ere bazuen. Gaixotu zenean, bisitaz etortzen zitzaion, eta berriketan jarduten zen, barrez, algaraz eta oso alai. Bitartean, Migel Joxe serio eta isil-isilik egoten zen; eta, hura kanpora joatean, honela esaten zien etxekoei:

—Horrek ez du nigatik batere penarik hartzen...

Garai hartan, Hendaiatik Lezora mediku bat etortzen zen. Kamino zuen izena. Fama handikoa zen.

Harengana joaten zen Migel Joxe; baina pixkanaka gaitza gailentzen zihoakion, eta azkenerako etxetik ateratzeko gauza ez zela gelditu zen.

Handik aurrera, etxekoak joaten ziren medikuarengana, gaixoa nola zegoen esatera, gero hark agindutako botikak emateko.

Baina Migel Joxek ongi ezagutzen zuen medikuak agindutakoak onik egiten ez ziola, eta hala esaten zien etxekoei:

—Erremedio honek ez dit ezer ere egiten, eta joan eta esaiozue.

Etxekoek, ordea, bazekiten sendatzeko ahalegin guztiak alferrik zirela, eta honela esaten zien amak alabei:

—Joan itxura egin ezazue, eta bueltakoan esaiozue lehen agindutako botikekin segitzeko esan duela.

Hala egiten zuten. Kalera jaisteko bezala jantzi, gaixoa zegoen gelara agertu bazihoazela esateko, etxean bertan anaiaren gelara azaldu gabe isil-isilik ordubete edo ordu pare bat egin, eta berriro gaixoarengana agertzen ziren, honela esanez:

—Izan gara eta lehengoarekin segitzeko esan du.

Eta behin behar eta ailegatu zitzaion gizajoari heriotzako ordua. Ilundu eta gero zen. Etxekoei esan zien:

—Egarriak nago eta eskailerapean dagoen barrika koxkor horretatik sagardo pixka bat ekar iezadazue.

Ekarri zioten, pozik edan zuen eta handik pixka batera hil zen. Gaueko hamaikak ziren.

Txirritaren iloba Jose Ramon Erauskin Lujanbiok kontatua.

ZAVALA, Antonio (1992). Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi (1860-1936). Donostia: Auspoaren Sail Nagusia, Sendoa liburutegia. (38-39).

IKUS HAU ERE

IRIONDO, Josemari (2010). Antonio Zavala. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

Via Wikimedia Commons .

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper