NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

NIRE AITATXIREN HONDAR-EGUNAK

Perpetua Saragueta (Mezkiritz, Erroibar, Nafarroa Garaia, 1905 – Iruñea, 1986)

Negu hartan, Usetxiko herrira joan ziren ezpelak biltzera Perpetua Saraguetaren bi aitatxiak, aita eta aitaren bi anaia. Oihanean baziren ezpel onak, eta han aritu ziren bost gizonak, moztu eta bildu, ekinean. Baina urtarrileko arratsalde batez etxean agertu zen Perpetuaren aita ustekabean. Gizon bat zekarren asto gainean bil-bil eginda. Nor zen? Perpetuaren aitatxi, amaren aita. Medikuari deitu zioten: pulmonia. Aitatxi ohean zegoela, bisitak egiten zizkion bilobak.

Testu mota: Memoriak

Garaia: 2011 (edukiaren garaia: 1910-1920)

Atala: Literatura

Jatorrizkoa

Ohean zegoelarik, joaten nintzen ikustera eta galdera egiten nion:

—Aitatxi, polliki zaude?

Eta beti erraten zidan:

—Bai, ene maitea, polliki nago.

Hori ohean zegoen denboran. Baina arratsalde batean galde egin nion eta hitzik ez zidan erran; eta orduan hartu nuen aulki bat eta igo nintzen ohera, eta nire matelak paratu nituelarik bere matelen ondoan, ezagutu nuen hotz handia zuela eta isil-isilik zegoela. Orduan, min handi batekin neure barnean, joan nintzen ama eta amatxirengana eta erran nien:

—Eraman iezaiozue aitatxiri berotasun zerbait, hotzak dago.

Orduan ikusi zuten aulkia han zegoela, ni ohe gainean egon nintzela... eta egin nuen guzia. Negar anitz egin zuten, eta nik nahi gabe eman nien pena handia.

Aitatxi hil zelarik, elurraldi handi bat bazegoen denetik. Mila bederatziehun eta hamarrean, ilbeltzaren hogeita hiruan hil zen. Nik lau urte eta bortz hilabete nituen. Epailaren lehenbiziko astean, amatxik hartu zuen bere bi esku beroen artean nire esku hotza, eraman ninduen erleak zeuden tokira, eta erlauntza guzietan jo zuen pixka bat deituz erleei, eta erranez:

—Zuen eta nire nagusia hil da. Egin ezazue argizari gehiago.

Eta erlauntza guzietan entzun zen marmarraldi bat eta joan ginen geure etxera.

Uda azkenean etorri zen argizaria biltzeko eguna eta erran zuten askoz ere argizari gehiago egin zutela. Gero egunero bazen argizari ausarki aitatxiren elizako hobian eta urte anitzez piztu zen bere hobian bi argizari bederen. Euskal Herrian argia begiratzen da egunero, argizariek argi dezaten hilen bidea zeruraino. Hori izan da sinesmen bat aspaldikoa.

Jatorrizkoa, hemen

Perpetua 1953an.

Idatziko ditut oroitzen naizen gauza guziak deus utzi gabe... Nahi nuke nire alaben ume guziek jakin dezaten zerbait, beren amatxik igaro dituen zailtasunak, eta ezagutu dezaten ez dela bizia berek izan dutena bezain ona... Bai eta ere nahi dut berek, nire bilobek, ikas dezaten nire euskara bera hitz egiten, irakurtzen eta idazten.

Perpetua

IÑIGO, Andres (2011). Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua; Bilbo: Euskaltzaindia. (30-31).

IKUS HAU ERE

SATRUSTEGI, Jose Mari (2010). Perpetua Saragueta, 1905-1986. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

Unknown master , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper