NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ENE AITATXI

Beñat Karrika (Suhuskune, Nafarroa Beherea, 1917 – Kanbo, Lapurdi, 2003)

Testu mota: Memoriak

Garaia: 1990 (edukiaren garaia: 1926)

Atala: Literatura

Gako hitzak: emigrazioaArgentina

Armendaritze haur begiez liburuaren azaleko marrazkia.


Bederatzi urte nituelarik, Paristik hilabete baten iragaterat etorri zitzaigun izeba Dominika, aitaren arreba. Bazuen hogei eta zenbait urte ez zela Euskal Herrirat agertu, eta beraz guretzat ez zen gertakari txarra.

Gaizo emaztea! Haurtasunean Iholdi Etxotobordako ahaideekin egona zen; eta gero, hamabost urtetan, irakurtzen eta izkiriatzen ikasi gabe, frantses hitz bat jakin gabe, Toulonerat sehi joan zen, almirante baten etxerat. Almirante hura nolaz jin zen gisa hartako neska baten galdatzerat, ez dut jakin ahal ukan.

Beti, ez zitekeen guti penatu, nagusiek galdatuak ezin ulertuz. Harat heldu orduko, igorri omen zuten etxe ondoko baterat. Iduritua zitzaion baratxuri eta paper latza zituela ekarri behar. Zakutik mahai gainerat haiek hustu eta... zer irri karkailak!

Nonbaiteko halabeharra, paregabeko nagusi-etxekoandreekin eroria zen, eta itsutuki maitatu zuten.

Kozinatzen erakutsi zioten. Kontatu zigun nola familia hartako sei haurrek, ezkondu ondoan ere, nunu deitzen zuten. Hirurogei urterat heldu zenean, erretreta eder batekin utzi zuten.

Karrikarat sartu zelarik, ohartu nintzaion galderei biziki nekez ihardesten zuela. Joatean frantsesik ez jakin eta orduan euskaraz ezin ihardets! Mihia ahoan dantzan, baina elerik ez ezagun! Guri behatzearen bortxaz, biharamuneko euskalduntzen hasia zen.

Gau batez, afaltzeko mahaiaren inguruan jarri ginelarik, aitak erran zion:

—Benatek, zer fortuna, egiteko hain denbora laburrez!

Hori aditu eta izebari kopeta eta sudur-muturra zimurtu zitzaizkiola ohartu nintzen.

—Zer kontatu dik? —zuen ihardetsi.

Benat anaia zuten, aita baino hamar urte zaharragokoa, eta ene aitatxi; edo, hobeki errateko, lehenagoko katixima liburuxkan ezarria zen bezala, ene aitabitxi. Besta egitea arras maite omen zuen, eta hemezortzi urtetan Argentinarat joatea erabaki zuen.

Hark ere irakurtzen eta izkiriatzen ez ikasi, eta joanez geroztik berririk igorrarazi gabe, hogeita hamar urteren buruan aitari etxe aitzinerat etorri zitzaion, erranez:

—Hire anaia Benat nauk!

Hura Ameriketarat joan zelarik ene aitak zortzi urte baizik ez eta bere anaia ez zuen ezagutu. Halere gure etxean kokatu zen.

Beraz, aita bere arrebari hasi zen Benaten istorio luzearen kontatzen, eta nik ere hola jakin nuen zer gizon nuen aitatxitzat:

—Etorri zitzaidanan apaindua, zigarroa ahoan, erloju-katea dilindan. Itxuren arabera dirua burrustan bazerabilenan. Lehenik, mutil egonez, anitz irabazi; eta gero bere gain jarri, ehun bat behi esnedun eta abere andana batekin. Ordukotz, behiak jetzi eta zisterna biribil baterat mutilek esnea bota, eta hark Buenos Airesen sal. Mutil eta neskato andanarentzat oilaskoak lazo deitu azotearekin bil eta tupinarat bota. (Hori haatik handixkoa bota zuen!). Bizi ederra eramana omen zinan, nahi zuena jan eta edan. Han koñaka maitatua zuelakotz, Donibaneko merkatutik ekarri nionan hiru izarreko botila bat! Goiz batez, ate aitzinean haur bat atzeman zinan, eta hura altxatu jeneral bat atera arte. (Hori handiagokoa oraino!). Beste amerikano guziak bezala, Iholdi Lohitegian hamabost egun pentsioan iragan zitinan, eta gero berriz etxerat itzuli. Orduan karroza eta zaldi bat erosiko zizkigula hitzeman. Eguerdi batez nor etorri zitzaigula uste dun? Irisarriko jendarmeak! "Holako amerikano bat bada hemen?". Berrogeita zortzi urte baizik ez zituela, eta beraz soldadugoa egin gabe joanik, insoumis ekarria zela; urte bat gehiago Argentinan egonez, libro izanen zela; baina galdea ukana zutela Fort du Hâ Bordeleko presondegirat eramateko. Eta preso eraman zitenan. Hiru egunen buruko, Benat berriz etxe aitzinean: "Diruarekin nahi dena erdiesten duk! Ekarri guziak utzi zizkieat, eta beraz Argentinarat joan behar diat. Baina laster itzuliko nauk, eta ez ditiat ahantziko hitzeman karroza eta zaldia. Eta ez baitut oraino semebitxirik, sortuko den lehen mutikoarentzat aitatxi hauta nazazue". Baietz eta baietz... eta ondoan sortu bigarren mutikoa, horra Beñat. (Ene fortuna!).

Istorioa bururatu arte, izebak ez zuen . Baina orduan:

—Deabru gizon urdea! —bota zuen, eta gu denak harritu—. Ez zekiean, ez, irakurtzen, baina ni nonbaitetik Parisen atzeman naik. Ez zian sosik! Soineko atorratik hasirik, denak nik pagatuak nizkioan, ez zenezaten ahalkerik jasan: soinekoak, oinetakoak, erlojua, Lohitegian egoteko dirua, sakelakoa eta beste

Zerua lurrerat erori balitz ere, ez ginen naski gehiago harrituko. Aitak galdegin zion:

—Baina dirurik gabe, nola deabru jina zen Argentinatik?

—Ontzietan lan eginez, ikatza baporerat boteaz, Le Havre deitu portuan jaitsia zuan, eta berriz handik gisa berean harat itzulia.

Komunio handia egiteko eguna etorri zitzaidanean, amak erran zidan:

—Ez du aitatxirengandik deus igurikitzea merezi. Halere izkiriatu behar diozu. Bizi baldin bada, atsegin hartuko du.

Izkiriatu nion, beraz, utzia zuen helbiderat, eta ihardespenaren beha egon egunak, asteak, hilabeteak... Ezin sinetsizkoa! Sei hilabeteren buruko, Argentinatik etorri zitzaigun letra bat bitxia, gainean retour à l'envoyeur ekartzen zuen letra bat, estalkiaren gainean bospasei helbide, gibelean beste hainbeste, estalki haren pean beste estalki bat helbidez betea, eta haren azpian hirugarren estalki bat beti helbidez betea, eta azkenean nik igorri letra!

Geroztik ez erran eni Argentinako postak ez direla zintzoki ari lanean! Ene aitatxi zer mirakulu ari izana ote zen hiri haietan guzietan?

Horiek hola, non ere ehortzia baita, ene aitatxik badu egun guziez ene otoizñoaren segurtamena.

2. Heldu berriak immigranteentzako hotelean. Buenos Aires, 1905eko azaroa.
Archivo General de la Nación (Argentina).

KARRIKA, Beñat (1990). Armendaritze haur begiez. Donostia: Auspoa Liburutegia 210. (152-156).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper