NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

MANDATUAK BIDALTZEKO MODU ZELEBREA

Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1997 (edukiaren garaia: 1833-1840)

Atala: Literatura

Nafarroako gidariak, Lehen Karlistaldian Tomas Zumalakarregik sortutako infanteria-unitate militarra. Egilea: Leopoldo López de Gonzalo.
Iturria: Álbum de las tropas carlistas del norte (Madril, 1844).


Karlisten lehenengo gerratea Fernando VII.a 1833ko irailaren 29an hildakoan hasi zen. Zumalakarregi, bake-bakean Iruñean bizi zena, urte bereko azaroan pasa zen karlistetara. Hurrengo urteko ilbeltzaren 24an Irunberrin zen. Baita liberalak haren atzetik ere, zakurrak erbiaren arrastoan bezala.

Baina Zumalakarregik, eguna zabaldu baino lehen, batailoi bat, Nafarroako hirugarrena, Felix Itxasoren agindupean, Zirauki eta Lizarra aldera bidali zuen. Beste batailoi bat, berriz, Nafarroako lehenengoa, Frantzisko Iturralderen agindupean, Zangoza aldera.

Liberalek, karlisten soldadu guztiak bi talde haietan zirela pentsaturik, beren indarrak zatitu egin zituzten. Erdiak Itxasoren atzetik abiatu ziren; eta beste erdiak, Iturralderen atzetik.

Bitartean, Ormaiztegiko azeria Irunberrin bertan gelditu zen, beste batailoi batekin, isil-isilik. Eta liberalak alde batera eta bestera urrundu zirenean, berak iparraldera jo zuen, Orbaizetako arma-fabrikaraino igotzeko. Han ziren etsaiak errenditu eta berrehun fusil eta munizio pila bat eskuratu zuen. Ondoren, Irunberrira ostera ere jaitsi.

Liberalen amorrua hori jakin zutenean! Beren indar guztiak bildu eta harengana berriro ere. Iparraldera jo zuen orduan ere Zumalakarregik, eta Aizpurgiko mendiartean gelditu. Mendiarte honetaz hona nola dioen Juan Antonio Zaratiegik bere Vida y hechos de Don Tomás de Zumalacárregui liburuan:

“... un boquete estrecho y de una extensión como de dos tiros de fusil, al cual se da el nombre de Foz de Aspurz. Esta garganta, por la que pasa el camino de Lumbier a Navascués, es de tal naturaleza, que casi sólo con piedras puede defenderse".

Bertan gelditu zen Zumalakarregi, bere gizonak komeni zen tokietan ipinirik. Baina banaka batzuk goiko erpinetara bidali zituen, etsaiaren joan-etorriak zaintzeko.

Orduak pasa, arratsaldea ere aurrera, eta ez zen ezer ere gertatzen. Halakoren batean, gizon bat ikusi zuten, harkaitz tartean presaka zetorrena. Begira jarri eta artzain baten itxura hartu zioten. Baina bizkarrean zer ote zekarren? Harlauza handi bat!

Zumalakarregirengana iritsitakoan, bere zama lurrean utzi eta hartan esaten zena irakurtzeko eskatu zuen. Harlauza idatzita baitzegoen: liberalak Isu herrian geldituak zirela eta abar.

Ormaiztegiarrak zera pentsatu zuen orduan: hurrengo egunean liberal batzuk aurretik etorriko zitzaizkiola, baina beste batzuk atzetik, mendiari buelta emanda; eta hori gertatzera, berak gaizki ibili beharra zuela. Hala, lekua hustu egin zuen, eta Nabaskozera alde egin.

Baina zeinen buruko egiten da mandatu bat harlauza batean idatzita bidaltzea? Zaratiegik honela erantzuten dio galdera horri:

"Sin duda el oficial que mandó al pastor con la piedra, le calificó de muy corta capacidad, cuando viéndose sin lo necesario para escribir, apeló a este nuevo modo de correspondencia".

Baina artzaina kaskagogorra izatea beste ulerbiderik ez ote du gertaera honek? Baietz uste dugu, nahiz eta guk esango duguna ere segurutzat ezin hartu. Denok dakigunez, euskarak eremu zabalagoak betetzen zituen garai haietan Nafarroan. Hegoaldera askoz gehiago jaisten zen. Hala, Aizpurgi eta bere ingurua ez ote ziren orduan euskaldunak izango? Daitekeena da hori ere. Eta, hala izanik, artzain hark erdara ez zuen agian ulertuko, eta esan beharrak horrexegatik idatziko zizkioten harlauza hartan, paper eta lumaren faltan arkitu zirenez gero.

Dena dela, Aizpurgiko mendiarte horretan mandatuak bidaltzeko modu zelebrea erabili zela esan beharrean gara.

Toki hori Irunberri eta Nabaskoze bitartean dago. Mendiarte estu bat da. Handik barrena aurrera doa Zaraitzu ibaia, harrietan txuri-txuri eginik eta amuarrainez aberats. Alde batera eta bestera malkar zakarrak, artez eta pinuz ederki belztuta, harkaitz txuriak tartean direla. Esku batera, Idokorri mendia; beste aldeko tontorrean, San Kiriko ermita. Zeruan, berriz, putreren batzuk hegan.

Kilometro bat izango du luzeran mendiarte honek. Beste aldera pasa eta eskuinaldera, benta zaharra. Garai batean hemen biltzen omen ziren nekazariak, artzainak, ehiztariak, mandazainak eta baita almadiazainak ere, beren enborretan tente Arbaiungo mendiarte estu eta beldurgarria igaro behar zutenak. Ezkerraldera, berriz, Aizpurgiko herria, muino baten gainean, labore-soroz betetako erribera ederra inguruan duela.

ZAVALA, Antonio (1997). Oiñez eta jakin miñez. Donostia: Auspoa Liburutegia 249. (225-227).

IKUS HAU ERE

IRIONDO, Josemari (2010). Antonio Zavala. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

Irudian kopiatzen den jatorrizko obra Bizkaiko Foru Liburutegia/Biblioteca Foral de Bizkaia erakundearen funts bibliografikoetakoa da eta bere jabetzakoa da. BFAk merkataritzakoa ez den erabilera baimentzen du.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper