NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EGIZU ON, BEGIRATU GABE NON

Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1997 (edukiaren garaia: 1936-1939)

Atala: Literatura

Iturria: Irizar, S. Coop.


Kontaera hau Telesforo Monzon-Olaso zenari entzun nion, mugaz beste aldean, orain hogeita hamabost bat urte. Ez dut uste berak inon idatzi eta argitaratu zuenik. Zabaltzea merezi duelakoan, hartara noa. Bere adiskide bati gertatua omen da. Baina beraren izenik ez zidan esan.

Bizkaiko gerra bukatu berria zen: 1937an, beraz. Eusko gudari batek Bizkaitik Arabara edo Nafarroara ihes egitea nola edo hala lortu zuen. Baita ere han fraide-komenturen batean babesa aurkitu. Baratzean-edo lan eginez, bertan bizi zen.

Denbora aurrera zihoan eta inor ere ez zen harekin sartzen. Berak ere ez zuen etxetik kanpora pausorik ematen, badaezpada ere. Soldatatxoa ematen zioten, ezeren gasturik ez zuen eta diru puskatxo bat aurreratuta zeukan.

Egun batean, guardia zibil bat agertu zen komentuan. Urduri samar zebilela ikusita, gure gizonak honela galdetu zion:

—Larri ikusten zaitut. Zerbait ere baduzu zuk kezketan jarri zaituena.

Guardia zibilak:

—Bai. Andrea gaixorik daukat eta harentzako medikuak eta sendagaiak pagatzeko diru-premian naiz. Soldata txikia dugu eta ez dakit zer egin.

Gure gizonak orduan:

—Nik diru pixka bat badaukat aurreratuta. Eta behar duzuna emango dizut.

—Ez, ez. Dirua nola hartuko dizut, bada?

—Har ezazu. Agian zure laguntzaren beharrean aurkituko naiz gaur edo bihar.

Hartu zion, eskerrak eman eta banatu ziren.

Berriz ere denbora aurrera. Ilunabar batean ostera han agertu zen komentuan lehengo guardia zibila, urduri oraingoan ere. Gure gizonaren galdea egin zuen. Hau etorri zenean, honela esan zion:

—Jakinaren gainean daude euskotarrekin ibilia zarela eta nor zaren. Bihar goizean zure bila etortzekoak dira. Orain bertan ihes egin beharra daukazu.

Abiatu zen, bada, eta bai Iruñera iritsi ere. Hemen Elizondoko autobusa hartu zuen. Halabeharrez, txoferraren ondoko eserlekua egokitu zitzaion.

Baina Belateko gaina harrapatu zutenean, kamioaren erdian han ikusi zituen guardia zibilak eskua altxata, autobusa geldiaraziz. Etsi zuen orduan. Baina ahopetik hitz hauek esan zituen:

—Galdua naiz. Nik paperik ez daukat.

Salvoconducto izeneko agiria behar baitzen orduan inora joateko. Baina txoferrak entzun eta honela esan zion, ahopetik berak ere:

—Nirekin jaitsi zaitez eta nik esandakoak egin itzazu.

Jaitsi ziren eta txoferrak honela esan zien guardia zibilei:

—Autobusa ez dabil ondo. Iruñetik mekaniko hau ekarri dugu, zer gerta ere. Zuek paperak eskatu bitartean, guk biok motorra begiratuko dugu.

—Bai, bai. Begiratu.

Han hasi ziren motorra zabaldu, hemen ukitu, han jo, destornilladorea eta llave inglesa erabili eta egundoko teatroak egiten. Guardia zibilek, beren lana bukatutakoan, honela esan zioten txoferrari:

—Bukatu dugu. Segi aurrera eta ondo ibili.

Hala, abiatu eta goitik behera hasi ziren. Txoferra isilik; gure gizona ere bai. Baina Baztango herriren batera iristerakoan, hark honela esan zion bere ondokoari, orain ere ahopean:

—Herri honetan jaitsi zaitez. Hor goiko baserri horretara igo eta esan ezazu halakoren partetik zoazela eta bihar Elizondoko feriara joan behar duzula.

Jaitsi zen, baserriko ateak jo eta honela esan zuen:

—Halakoren partetik nator. Bihar Elizondoko feriara joan behar dut.

—Pasa barrura.

Afaltzen eman zioten, eta ohea ere bai. Ez dut uste gure gizonak gau hartan lo asko egingo zuenik. Baina, egunsentia baino lehen, etxeko jaunak deitu:

—Jaiki. Feriarako goiz da. Baina zuk joan behar duzun tokira joateko, orain da garaia.

Hala, jaiki zen; eta, etxeko jauna gidari zela, mendiz mendi mugaz beste aldera pasa ziren. Horrela salbatu zuen hark bere burua.

ZAVALA, Antonio (1997). Oiñez eta jakin miñez. Donostia: Auspoa Liburutegia 249. (258-260).

IKUS HAU ERE

IRIONDO, Josemari (2010). Antonio Zavala. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper