NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EUSKARAREN KANPO HISTORIA APUR BAT

Luis Villasante (Gernika, Bizkaia, 1920 – Oñati, Gipuzkoa, 2000)

1. Saint-Séver-eko (Landak) mapamundia. Data: 1060?-1070?.


2. Saint-Séver-eko mapamundiaren xehetasuna. Behean, ezkerretara, Wasconia (Vasconia), dena bat, Baskonia akitaniarra eta Baskonia atlantikoa bereizi gabe.

Zerbait duen gertakari baten aurrez aurre gaude hemen: hizkuntza da hain zuzen Euskal Herriari bere batasun kontzientzia eman diona.

Ateetatik barrurantz behintzat.

Euskaldunek beren buruei euskaldunak deitzen diete, hau da, "euskaraz hitz egiten duen herria". Komunitatea izatearen, herria izatearen kontzientzia sortzen duena hizkuntza izatea, eta bera bakarrik izatea, ez da sarri gertatzen. Katalan hizkuntza Katalunian, Balearretan eta Valentzian hitz egiten da, baina hala ere hiru herri desberdintzat jotzen dira. Gauza jakina da Serbiak eta Kroaziak ere hizkuntza bera hitz egiten dutela, baina bakoitzak herri berezia izatearen kontzientzia dauka.

Eta zer esanik ere ez gaztelaniaz eta ingelesez, adibidez, hitz egiten duten hainbeste eta hainbeste naziok eta herrik. […]

Nolanahi ere gauza bat dago argi hemen: euskaldunek daukaten herri kontzientziaren elementu nagusia euskal hizkuntzaren jabe izatea dela.

Beste zer harrigarri bat ere bada euskaran. Hizkuntza prerromatarra eta preariarra ere izanik, XX. mende arte bizirik heldu zaigu, nahiz eta alderdi guztietatik erromatar tankerako hizkuntzez edo behintzat indoeuropar hizkuntzez inguraturik egon. Europako mendebalean ez da beste kasurik ezagutzen. Kasu bakarra dugu.

Euskal Herria bisitatu duten atzerritar asko jabetu dira euskararen tankera berezi honetaz, historian zehar honelako izenekin ezagutzen den euskararenaz: "lengua vasca", "lingua navarrorum", "lengua cantábrica", "lengua vascongada" eta "vascuence", beste batzuen artean.

Baina kontzientzia hau askoz handiagoa da hizkuntz zientziak joan den mendean egin zuen aurkikundetik hona. Aurkikunde horren arabera, hala hizkuntza greko-latindarrak nola anglo-germaniarrak, zeltak eta eslaviarrak familia berekoak dira: indoeuropar familiakoak hain zuzen. Honela euskararen enigma nabarmendu egiten da, ezein familia ezagunetan lekutzeko posibilitatea laburtu egin baita.

3. Europako hizkuntza ez-indoeuroparrak (euskaraz gain, finlandiera, samiera, maltera, kareliera, estoniera, hungariera, Krimeako tatarera eta turkiera).

Gertakari honek anitz problema planteatzen du.

Baldin indoeuropar mareak arras harrapaturiko hedaduran euskara uharte gisa ageri bada, nola esplikatu iraupen hau? Munduko zein lehengo edo oraingo hizkuntzaren ahaide dugu? Beste nondik-bait etorria bada, nondik eta nola etorri zen? Zer hedadura eduki zuen lehenengo?

Hizkuntzalariak egiten dituen galderak asko eta handiak dira.

Ez da, bada, harritzekoa euskarak hainbat laterritako hizkuntzalarien, jakintsuen eta gizon kultuen arreta piztea. Euskaraz zuzenkien eta luzekien arduratu direnetariko batzuk bakarrik aipatuko ditugu hemen: XVIII. mendearen azkenetan eta XIX.aren lehenengotan, Wilhelm von Humboldt prusiar jakintsua, eta XIX. eta XX. mendeetan zehar hauek dira aipagarri, beste batzuen artean: Luis Luziano Bonaparte printzea eta Edward Spencer Dodgson ingelesak, Willem Jan van Eys eta Christianus Cornelius Uhlenbeck holandarrak, Hugo Schuchardt austriarra, Norbert Tauer txekiarra, Theodor Linschmann eta Karl Bouda alemanak, Julien Vinson eta René Lafon frantsesak, eta Fidel Fita, Julio Cejador eta Antonio Tovar espainiarrak.

Baina uste dugu inork ez duela Ramón Menéndez Pidalek baino hitz ederragoz eta goragarriagoz adierazi gure hizkuntzak daukan kultur balio handia:

"Ez dago dokumentu historiko agurgarriagorik dokumentu bizi hau baino, nork jakin noiztik, nork jakin oraingo klima eta aldi geologikoen aurretik, lurralde honetan iraun duen hizkuntza baino. Beronek, mende askotako bere sedimentuetan, gure historiako problemarik ilunenak argitzeko hondar bikainak eskaintzen dizkigu. Zoriontsuak zuek, hispaniar antzinateko erlikiarik agurgarrienaren jabe baita zuen herria. Beste batzuek arte-balio gehiago edukiko dute, munduan miretsiagoak eta desiratuagoak izango dira, baina ez dago hizkuntza honen garrantzirik duen beste hizkuntzarik. Honen estudio sakonik gabe, ez da inoiz penintsulako zibilizazioaren zimenduak eta lehen ibilerak guztiz argitzerik izango, ez da inoiz zibilizazio hau funtsez ulertzerik izango". (1)

4. Wilhelm von Humboldt
(Potsdam, 1767 – Tegel, 1835).
5. Luis Luziano Bonaparte
(Worcestershire, Ingalaterra, 1813 – Fano, Marche, Italia, 1891).
6. Julien Vinson
(Puducherry, Frantziar India, 1843 – 1926).
7. Ramón Menéndez Pidal
(A Coruña, 1869 – Madril, 1968).
8. René Lafon
(Mérignac, Gironda, 1899 – Arcachon, Gironda, 1974).

VILLASANTE, Luis (1978). «Euskararen kanpo historia apur bat», in Euskararen liburu zuria, Bilbo: Euskaltzaindia. (152-154).

ERREFERENTZIAK

(1) MENÉNDEZ PIDAL, Ramón (1921). «Introducción al estudio de la lingüística vasca» in Curso de Lingüística, Donostia: Sociedad de Estudios Vascos. (33).

IKUS HAU ERE

PEREZ GAZTELU, Elixabete (2000). Luis Villasante. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

  1. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
  2. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
  3. © Zorion, Wikimedia Commons
  4. Wikimedia Commons
  5. Wikimedia Commons
  6. Bibliothèque nationale de France. Wikimedia Commons
  7. George Grantham Bain Collection (Library of Congress). Wikimedia Commons
  8. Euskaltzaindia.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper