NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GURE LOTSAGARRIA

Jon Etxaide (Donostia, Gipuzkoa, 1920 - 1998)

Donostia, Anoeta frontoia, 1967ko ekainaren 11. Jendetza hurbildu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalera. Goizeko saioa amaituta, lau bertsolari pasatu dira arratsaldekora: Xalbador, Lopategi, Gorrotxategi eta Lazkao Txiki. Horietako bat aurreko txapeldunarekin, Uztapiderekin, neurtuko da buruz burukoan. Epaimahaiak haren izena esan duenean —Fernando Aire, “Xalbador”—, txistu-hots handia sortu da, eta bi lehiakideak, Uztapide eta Xalbador, ezin kantaturik egon dira denbora puska batean. Uztapidek kantatu du aurrena. Baina Xalbadorren txanda iritsi denean, txistu-hotsak ez dio uzten. Iskanbila baretu arte itxoin beharko du kantari hasteko:

Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ez bazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik...

Une horretan, jende guztia txaloka hasi da, eta Xalbadorrek isildu beharra izan du. Gero, honela bukatu du bertsoa:

Zuek ez bazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik:
txistuak jo dituzue bainan
maite zaituztet oraindik!

Jon Etxaide Itharte idazlea ez zen egun horretan Anoetan izan, baina bai bi urte lehenago frontoi berean jokatu zen txapelketan. Orduan erabaki zuen ez gehiago joatea Gipuzkoan antolaturiko bertso-txapelketetara.

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1967

Atala: Hizkuntza

1. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Anoeta frontoia, Donostia. Mikrofono aurrean, Xalbador. Atzean, Jose Luis Gorrotxategi.


Aurtengo Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketan ez naiz izan. Aurreko txandan gertatu zirenak gertatuta, ez neukan gogorik, eta ez zait damutu, beldur nintzen eskandalua, arima mingosturik eta oinazetan odoldurik utzi zidan gertakizun laidogarria, berriturik izan baita oraingoan. Berriturik eta handiturik, esango nuke gainera.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako anai-arreba maiteak, zuei natorkizue, begi-apalik eta bihotz mindurik barka eske, Gipuzkoa bekatari honen izenean, bekatu egin baitugu, behin eta berriz, hantustez, hutsalkeriaz, urguiluz... Eta harrotzeko motiborik izan bagenu, gaitz-erdi! Baina gure harropuzkeria ezjakinaren seme doilorra besterik ez da izan.

Orain aurreko bertsolari txapelketan gure Mattin maitagarriari jo zizkioten txistu-hotsik mingarrienak... Plaza-jende hura, basatien gisa, erotu beharrez txistuka eta oihuka ikusirik, nire onetik atera nintzen eta asmo sendo bat hartu nuen, Gipuzkoan eratutako bertsolari saioetara ez gehiago joateko, gure jendea —Gipuzkoakoa, alegia— edukatu gabea, hezi gabea baitago, eta ez daki inori errespeturik eta begirunerik gordetzen. Egun hartan, egia esan, giputz izateaz lotsatu nintzen, ez bainuen uste gure jendea era horretan lokaztu zitekeenik, eta harrotu nintzen ene nafar jatorri oparoaz eta zuberotar jatorri apurraz, eta areago harrotu, emaztearen bitartez, ene ondorengoetan Xalbadorren ibarreko odola txertatu ahal izan dudalako.

Zoritxarrez, orain bi urte Mattinekin gertatu zena agitu da orain Xalbadorrekin. Geronen etxera arrotz ekarri dugun gizona, berak —joan den igandeko bertso batean aitortu bezala— hainbeste maite gaituena, harrikatu egin dugu, gurutzean iltzatu zuten Kristoren iduri, eta bere bizi guziko arantza bat sartuta etxera igorri. Zer pentsatuko dute lapurtar eta baxenabartarrek gure gizalegeaz? Zer iritziko diote gure gizontasunari, gure euskalduntasunari? Noiz eman diote horrelako traturik Lapurdin edo Nafarroa Beherean Bidasoaz hemengo bertsolariei? Sekula ez. Aitzitik, harrerarik beroenak egiten dizkietela entzun izan diegu beti.

2. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Anoeta frontoia, Donostia.

Baina, lerro mindu hauek egiterakoan, ez ditut Mattin eta Xalbador bakarrik defenditu nahi, baita Euskaltzaindiak izendatu zuen epaimahaia ere. Plaza-jendea —ez naiz denez ari, bai baitakit asko eta asko, gehienak esango nuke, epaimahaiaren eta Xalbadorren alde zeudela— ezjakinak eta inkulturak eman ohi duen ausardiaz jardun baitzen protestaka, txistuz eta oihuz bai Xalbadorren kontra eta bai epaimahaiaren kontra. Eta hemen bi bekatu daude. Bat karitate kontrakoa, Xalbadorrek ez baitzuen ogenik, errurik izan, epaimahaiak bere lehiakidea baztertuz bera aurrera pasa baldin bazuen; eta bestea harrokeriazkoa, Xalbadorren mintzaira ulertu eta edoski gabe epaimahaiaren gainetik jarri nahi izan zutelako. Eta jakina, bi bekatuok hirugarren bat dakarte erantsirik, justizia kontrakoa Xalbadorrekiko eta epaimahaiarekiko.

Eta ez naiz arinki mintzo gure plaza-jende horren aurka egin salaketetan, askori entzun baitiet esaten Xalbadorri ez diotela tutik ulertzen. Honetaz ez naiz batere harritzen, nik neronek entzunean aunitz galtzen baitut, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskalkiak liburuz ikasia naizelarik eta Xalbadorrek ahalegin guziak egiten dituelarik gipuzkoarrek ulertzeko eran kantatzeko. Eta errealitate honen sendogarri, Basarrik bertso-saio honen ondoren —eta zenbat aldiz ez!— esandakoa aldatuko dut: "Mugaz bestaldeko bertsolariei ez zaie hemen behar bezala konprenitzen... Erdi baraurik gelditzen da jendea".

Beraz, nola ausartzen da jende ezjakin hori ulertzen ez duena juzgatzen? Nola ederretsiko dituzte Xalbadorreen bertsoak Lazkao Txikirenak bezala, baldin haren euskararen berri ez badakite? Honek gogora ekartzen dit espainol baten —batena eta askorena bide batez— hizpidea, euskaraganako gorroto-irakinean, gure mintzaira sasi-hizkuntza bat —"un chapurreado"— zela esaten baitzuen. Eta nik hari: Nola esan dezakezu hori gure hizkuntza ezagutzen ez baldin baduzu? Hots, nola juzga dezake gizonak, ezagutzen ez duen gauzaren eder-itsusirik? Postura honetantxe jarria dugu, bada, epaimahaiaren eta Xalbadorren kontra jardun zen basati-talde hura. Gipuzkoa zorretan dago Mattinekin eta Xalbadorrekin, egindako kaltearen ordaingarri, eta gauzak luzatzen eta ahazten utzi gabe, omenaldi bat egin behar litzaieke asmo honexekin. Bere etsaiei ahapaldi hunkigarri hau eskaini zienak hori eta gehiago merezi baitu:

Gipuzkoa zorretan dago Mattinekin eta Xalbadorrekin, egindako kaltearen ordaingarri, eta gauzak luzatzen eta ahazten utzi gabe, omenaldi bat egin behar litzaieke asmo honexekin. Bere etsaiei ahapaldi hunkigarri hau eskaini zienak hori eta gehiago merezi baitu:

Anai arrebak, ez otoi, pentsa,
neure gustura nagonik;
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ez bazerate kontentu
errua ez daukat ez nik;
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet oraindik.

Xalbador, Gipuzkoako seme zintzoak zurekin daude eta oker egin zutenak, nire ustez, damutuak.

3. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Anoeta frontoia, Donostia.
4. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Anoeta frontoia, Donostia.
Xalbador eta Jorge Oteiza, eskultorearen Quousque tandem…! liburuaren azaleko irudian.

IKUS HAU ERE

Pío Caro Barojaren Fiesta. Bersolaris. Poetas populares vascos (bertsolaritzari buruzko film dokumentala, 1967ko Bertsolari Txapelketaren irudiak jasotzen dituena). RTVE.es

Jon Etxaide Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

BEOLA, Ainhoa (1998). Jon Etxaide. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

1, 2, 3 eta 4. KUTXATEKA / MARIN FUNTSA / Paco Marín. Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper