NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

"BAI EUSKARARI" KANPAINAREN ALDEKO JAIALDIA

Euskaltzaindia

Jaialdi handi bat antolatu zen Bilboko San Mames futbol-zelaian Euskaltzaindiak antolaturiko “Bai Euskarari” kanpainari amaiera emateko. 1978ko ekainaren 17an izan zen. Goraino betetako estadioan, euskararen aldeko oihuak eta garaiko abeslari ezagunenen kantak entzun ziren egun horretan: Pantxo eta Peio, Gorka Knörr, Urko, Gontzal Mendibil, Leon eta Maurizia, Mikel Laboa, Xabier Lete, Antton Valverde, Oskorri… Disko batean jasota geratu ziren denak. Baita Aita Luis Villasantek Euskaltzaindiaren izenean irakurri zuen adierazpena ere.

Testu mota: Agiria

Garaia: 1978

Atala: Hizkuntza

1. Bai Euskarari kanpainaren amaierako jaialdia Bilboko San Mames futbol-zelaian, 1978ko ekainaren 17an.


Bai Euskarari jaialdia, Euskaltzaindia, 1978.
Zuzeneko diskoa BADOK atarian.
2. Luis Villasante Euskaltzaindiaren adierazpena irakurtzen Bai Euskarari kanpainako jaialdian. San Mames, Bilbo, 1978/06/17.

Bilbon, euskaltzainburuaren hitzak Santimamiñeko futbol-zelaian:

Jaun-andreak, agur t’erdi eta gau on!

Jaialdi honi hasiera ematerakoan bihotzez agurtu nahi zaituztet guztiok. Bai zelai eder honetan zaudetenok, eta bai bertora etortzerik izan ez duzuenok ere.

Nire hitzak eskerrak ematekoak izan bitez aurrenik. Eskerrak, Bai Euskarari kanpainan parte hartu duten guztiei; eskerrak, baita ere, gaurko jaialdian euskararen eta Euskaltzaindiaren alde jokatu nahi izan duten dantzari, kantari eta bestelako taldeei.

Benetan harriturik eta txunditurik nago eta pozez gainezka, kanpaina honek izan duen erantzun bikain-bikaina ikusirik. Horrek esan nahi du Euskal Herria bizi dela oraino, eta gure herri honetan badela gogo eta borondate euskara onik ateratzeko, dagoen egoera kaskarretik beste egoera hobe batera aldatzeko.

Euskararen aldeko kezka eta sua piztu nahi izan du kanpaina honek. Izan ere, euskara da gure herriak duen bereizgarririk agiriena, gure asabengandik datorkigun ondasun paregabea. Baina ondasun hau gordetzeko, bizirik eta osorik ateratzeko, guztion lana, lehia eta ahalegina behar ditugu. Eta Bai Euskarari kanpainak zerbait erakutsi baldin badu, horixe erakutsi du, alegia: gogo hori badela, eta, beraz, itxaropenez begira diezaiokegula etorkizunari.

Euskaltzaindia euskararen alde lan egiteko eta euskal arazoetan gidari izateko jarri eta izendatu zuen gure herriak bere ordezkarien bidez. Eta gaur, kanpaina honek herriarengandik izan duen erantzun ezin hobea ikusi ondoren, nik Euskaltzaindiaren beraren izenean hauxe esan nahi dizuet: hemendik aurrera, zuen laguntza eta atxikimenduari eskerrak, gure elkarte hau oldar berriz eta gogotikago lotuko dela bere zeregin handi horiek betetzera.

Bai Euskarari kanpaina honen ondorio eta fruitu bezala, Euskaltzaindiak lehenbailehen plangintza orokor bat antolatuko du, era askotako egintzak bultzaturik euskararen eta euskal kulturaren alde.

Eskerrak, bada, berriz ere, Euskaltzaindiaren izenean, kanpaina honetan lan egin duen orori eta bere ahalen neurrian bere emaitzaz lagundu digun bakoitzari.

Eskerrik asko.

Gora euskara!

Gora Euskal Herria!

1978ko ekainaren 17an.

3. Bai Euskarari kanpainaren anagrama. Egilea: Nestor Basterretxea.
4. Bai Euskarari jaialdiko sarrera.

Euskera agerkaria XXIII, 1978-1, Euskaltzaindia, 365.-368. or. Jatorrizkoa, hemen.

IKUS HAU ERE

PEREZ GAZTELU, Elixabete (2000). Luis Villasante. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak:

  1. Wikipedia Commons. Irudi hau Creative Commons Aitortu 3.0 Unported lizentziaren mende dago.
  2. Bidegileak bilduma.
  3. https://www.euskalmemoriadigitala.eus
  4. https://www.karmelaldizkaria.eus/

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper