NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

TXAKURRAREN PARTIA

Txomin Artola (Hondarribia, Gipuzkoa, 1948)
Fernando Artola “Bordari” (Hondarribia, Gipuzkoa, 1910 – 1983)

Testu mota: Abestia

Garaia: 1975

Atala: Abestiak

Kantauriar ur-txakurra Santanderko kaian XX. mendearen hasieran.


TXAKURRAREN PARTIA

Gu gazte ginadela
txalupa guziak
zakurtxo bat ohi zuten
ontzi barrenian,
begi-erne, abila,
ez zan zaunkaria,
ihes zihoan arraina
harrapatzailea.

Seme, esango dizut
nola gertatzen zan,
punitutako arraina
suelto... batzuetan,
legatzak, ospa! ihes…,
txakurra jauzten zan,
ta bet-betean arraina
hartzen zun hortzetan.

Lana horren saria,
“txakurren partia”
deitzen genion guziok,
ongi merezia!
Maitea, maitea zan
txakur ehiztaria,
txalupa betetzen zun
arima gabiak...

Unea etorri da
zuri kontatzeko
zer nolako txakurra
zan gure Txuriko,
uhin izugarriak
ez zun izutuko,
arraina utzi baino
itoko.

Goiz itsusi batean,
ez naiz ez aztuko,
bere lana beteaz
jauzi zan Txuriko,
baga haundi artean
ehiza...! Ez utziko!
Legatz haundi batekin
ito zan betiko.


ZUMAIAKO TXAKUR ERNEA

Jakin nahi nuke ea animaliak ergelagoak diren lo daudenean esna daudenean baino. Hala badira, nolabaiteko arrazoimena badute.

Georg Christoph Lichtenberg (1742 – 1799)

Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

Bilbo-Donostiako autopista egin zenez geroztik, lehengo kamioak ahaztuxeak dauzkagu. Baina ederra benetan Zarauztik Zumaiara bitarteko itsasertzeko hura. Gaur hortik abiatu naiz.

Zarauztik Narros jauregiaren ondotik aterata, begiak eskuinaldera doaz. Ederki ikusten da hemendik Gipuzkoako itsasbazterraren zati handi bat. Aurrean, berriz, Getaria eta San Anton mendia. Elkanoren oroitarriaren ondotik pasa eta kilometro batzuetara, horra hor gure itsasertzaren beste zati bat: Andutz, Debako sarrera, Arno, Bizkaiko mendiak… Zumaia ere aurrean: urre koloreko hondartza, Zuloagaren jauregia, eliza ederra, Urola ibaia...

Bide hori egindako gehienetan, Julene Azpeitia zenaren oroipena datorkit burura. Euskal idazle saiatua bera, eta Zumaiako alaba. Ni hiru bat aldiz hizketatu nintzen berarekin. Andre errespetukoa eta gozoa benetan.

Beraren oroipenarekin batera, hark kontatutako pasadizo zahar batez gogoratzen naiz. Bere idazkietan kontatu zuen ez dakit. Bila saiatu naiz, baina ez dut aurkitu. Irakurleak barka diezadala, arren, gauzak errepikatzen baditut. Hala ere, hari entzuna idatzi egingo dut, kontaera jakingarria denez.

Julene andrearen aurrekoren batzuk itsasgizonak omen ziren. Nola ez, zumaiar jatorrak izanik?

Garai hartan, marinelek zakur bat eraman ohi zuten berekin, kaietan ontzia zaindu zezan, kate-zakurrak etxea bezalaxe. Hala, haiek ere bazuten berena.

Batean, itsas barruan Santanderko parean zirela, zakurrak imintzio itsusiren bat egin omen zion norbaiti.

Amorratuta zegoela pentsatuz, eta gaitz beldurgarri horrekin inor kutsatu ez zedin, zakurrari bultzada edo ostikoren bat eman eta uretara bota zuten. Hori egin ondoren, marinel haiek beren lanetan jarraitu zuten.

Bitartean, etxekoak lasai asko zeuden Zumaian, haiek ere beren eginkizunetan murgilduta.

Halakoren batean, ordea, han ikusi zuten ontziko zakurra etxeko ate ondoan. Hura, uretara bota zuten tokitik lehorrera atera eta handik Zumaiaraino etorria izan, bere barruko sena gidari zuela. Berak jakingo zuen tarteko mendiak eta ibaiak nola pasa zituen.

Baina zakurrak gertaeraren berri ezin eman, etxekoek ezin igarri, eta hantxe izan zen hangoa! Denak negarrez eta zotinka, ontzia eta marinelak galdu eta zakurra bakarrik salbatua izango zelakoan. Beste ulerbiderik ez baitzeukan haren etorrerak. Ez dakit hiletak nola ospatu pentsatzen ere ez ote ziren hasi. Herri guzia aztoratu zen behintzat.

Baina, handik egun batzuetara, galdutzat zeukaten ontzia hantxe azaldu zen Zumaiako portuan, bere itsasgizon guziekin. Herrian zer nolako aleluia izango zen esan beharrik ez dago.

Marinelek, zakurraren ustekabeko agerpenaren berri jakin zutenean, barre-algara egin zuten. Ondoren, gertatuaren berri zehatz-mehatz eman ere bai. Orduan pasadizo guzia garbi geratu.

Handik aurrera, zakurra etxean egoten zen. Egin zioten bidegabekeria kontuan hartuta, hobetoxeago tratatua izango zela derizkiot.

Baina etxeko gizonak itsasorako prestamenak egiten hasten zirenean, zakurra galdu egiten omen zen. Berak jakingo zuen non gordetzen zen; baina inork ez zuen ikusten, harik eta marinelak beren ontzian itsasoratzen ziren arte. Orduan ostera etxeko ateondoan agertu.

Zakurrek, izan ere, beste gainerako abere eta piztia guziek bezalaxe, adimenik ez dute izango, eta hitzik ere ez dute egingo. Baina tontotik ezer ere ez dutenak direla dudarik ez egin.

ZAVALA, Antonio (1997). Oiñez eta jakin miñez. Donostia: Auspoa Liburutegia 249. (229-231).

KANTAREN BESTE BERTSIO BAT

Ruper Ordorika, Azukre koxkorrak, Elkar, 2013.

IKUS HAU ERE

IRIONDO, Josemari (2010). Antonio Zavala. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

Via Wikimedia Commons .

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper