NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GERNIKAKO TXIKIKETA

Inazio Eizmendi “Basarri” (Errezil, Gipuzkoa, 1913 – Zarautz, Gipuzkoa, 1999)

Eusko Gudarosteko Loiola batailoian izena emanda, Inazio Eizmendi “Basarri” bazter batetik bestera ibili zen gudari, Zaraten, Bidanian eta Arraten, eta ertzain izateko hautatu zuten gero. Bizkaiko frontean zebilela, Arratetik oso gertu, tiro artean idazten omen zituen Euzkadi eta Eguna egunkarietarako lanak, haien bila etortzen zitzaion mezulariari emateko. 1937ko uztailaren 19an nazionalek Bilbo hartu zutenean, Santanderrera alde egin zuen, eta handik Frantziara. Basomutil lanetan aritu zen han: “Landetako pinu artean irabazten genuen eguneroko ogia. Gau ta egun, Gernikako txikiketa genuen burutik kendu ezinik. Neurrigabeko ezbehar hartaz kezkaturik, hamalau bertso jarri genituen. Parisen argitaratzen zen euskal aldizkari batean argitaratu ziren”. (1)

Testu mota: Bertso jarriak

Garaia: 1977 (edukiaren garaia: 1937)

Atala: Literatura

1. Picassoren Guernicaren bertsioa. Jose Luis Zumeta, 1999.


1/ Milla ta bederatzireun da
ogei ta amazazpia,
euskotarrentzat urte beltz, illun,
triste ta negargarria,
auts biurturik utzi zutena
Gernika zoragarria,
euskal reliki maitatuenak
gordetzen zituen erria.

2/ Pitxirik goxo ta kuttunena
zu ziñan euskaldunentzat,
lur mardul, ona eman baizendun
arbola santuarentzat.
Pentsatu utsez begiak ibai
ditugu negarrarentzat,
orra zer sari modu zeukaten
etsai ankerrak zuretzat.

3/ Apirilleko illarekin zan,
ogei ta seigarrenean,
ain juxtu ere peri eguna,
astelen arratsaldean;
kale-baserri, millaka anai,
gizatasun ederrean,
plaza inguruan aurkitzen ziran
lengo oitura zarrean.

4/ Kanpantorreko ezkillak asi
ziran dinbili-danbala,
goiko piztien motor burrunda
entzuna zan bereala;
emakume ta ume gaixoak
kurrixka zeriotela,
eriotzari igesi nairik
nora jo etzekitela.

5/ Bertsoz nork esan bonba txar aien
indar gaiztozko danbarra?
Etzuten beintzat osorik utzi
bizileku bat bakarra.
Ta dana xetu zuten garaian
alde guztitik su-garra,
errugabeko gixaxoentzat
orra or azken ederra!

6/ Bizi ziranak igesten zuten
sutegi zakar artatik,
baiña egazkiñak tiro ta tiro
etengabe goietatik;
kristau gorputzak alde batetik,
beso-buruak bestetik,
odol gorrizko itxaso artan
etzan ikusten besterik.

7/ Eunka izan ziran etxe jausien
zakarpetan geldituak,
nork daki zenbat kale gorrian
zearo erdibituak?
Inpernu ontan uzten gaituzte
laguntza gabe galduak,
o, euskaldunen min, oiñazerik,
ez du sentitzen munduak.

8/ Millatik gora igaro ziran
arnasa utzitakoak,
ez jakin zenbat bizi guztiko
eri gelditutakoak.
Oietatikan geientsuenak
andrezko ta umetxoak,
guda txar ortan erru galantik
izango zuten gaixoak!

9/ Puska dituzte gure erri polit,
apain eta maitekorrak,
puska dituzte baserri txuri,
gure kabi on, xamurrak.
Ta zirtzildurik kaletan utzi,
o, euskaldunen ezurrak,
Alemani'tik gu txikitzera
etorritako maltzurrak.

10/ Basati gaizto, odolzaleak
atzerritatik ekarten,
tokirik zoragarrienari
txikitu ta su ematen;
auts egindako gure Gernika
antsika dago esaten,
Franco ta bere laguntzailleak
zein biotz ona daukaten.

11/ España aundi bat egin asmotan
gerra txar ortan asiak;
euskal erririk ederren aiek
zeuen aginduz autsiak;
denborak joanda gero damutzen
zeraten pekatariak,
zer griñetako jaunak zeraten
badaki mundu guztiak.

12/ Ikusi zuten neurrigabeko
pekatua zeukatela,
ikusi zuten ainbat kristau on
odolustu zituztela;
ikusi zuten mundua kontra
jeikiko zitzaietela,
eta orduan zabaldu zuten
gorriak erre zutela.

13/ Bere lekuan erne ta zintzo
ortxe dago euskalduna,
berak baitaki zein ederra dan
barrengo garbitasuna.
Itxaron, jaunak, itxaron lasai,
iritxiko da eguna,
Goiko Jaunaren aurrean kontu
eman bearko deguna.

14/ Ez da, ez, alperrikako izan
or ixuri dan odola,
pentsa oraindik emaitz ederrak
ematekotan dagola.
Euskal gogoa armez ta indarrez
ezin il leike iñola,
Gernika erre ziguten baiña
zutiñik dago arbola.

Euskara batuan

EIZMENDI MANTEROLA, Inazio “Basarri” (1992). Nere bordatxotik. Donostia: Auspoa Liburutegia. (73-74).

Entzun bertsoikasgela.eus atarian “Gernikako txikiketa” (musika, Joseba Tapia; ahotsa, Sebastian Lizaso):
https://bertsoikasgela.eus/baliabideak/583/

2. Gernika bonbardaketaren ondoren, 1937.

Gernikako bonbardaketaren argazkiak Espainiako Liburutegi Nazionalaren funtsetan. Hemen eta hemen.

ERREFERENTZIAK

(1) EIZMENDI MANTEROLA, Inazio “Basarri” (1992). Nere bordatxotik. Donostia: Auspoa Liburutegia. (73).

IKUS HAU ERE

Inazio Eizmendi “Basarri” Susa argitaletxearen “Literaturaren zubitegia” webgunean.

IRIONDO, Joxe Mari (2000). Iñaki Eizmendi “Basarri”. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Jose Luis Zumetaren webgunea.

Irudiak

  1. https://zumeta.eus/
  2. Bundesarchiv, Bild 183-H25224 / Unknown author. , via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper