NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

AITONA LUIS LANGILE-BATAILOIAN

Koldo Alijostes (Amezketa, Gipuzkoa, 1962)

Testu mota: Memoriak

Garaia: 2021 (edukiaren garaia: 1936-1939)

Atala: Literatura

1. Santanderko zezen-plazako kontzentrazio-esparrua.
20 000 preso hartu zituen 1937 eta 1938 artean.


Gure aitonak urtebete inguru egin zuen gerran, eta ondoren urte pare bat preso, aurrena kartzelan eta gero langile-batailoi batean. Batailoi hauek Francoren aurka borrokatu zirenei ezarri zitzaien zigor politikoa izan ziren; militarren agindupean Estatuarentzat lan egitera derrigortzen zituzten. Bertan, gerran parte hartu zuten presoak, epaituak nahiz epaitu gabeak –gure aitona ez zuten epaitu ere egin–, eta erregimenarekiko atxikimendurik ez zuten herritar arruntak (‘desafectos al movimiento’) egon ziren. Era askotako lanetan aritu ziren: errepideak eta trenbideak egiten, meatzaritzan edo nekazaritzan, eraikuntzan eta abar. Erregimen frankistak errepresio hau “lanerako eskubideari” atxiki zion. Begira zer zioen orduko legeak:

El derecho al trabajo, que tienen todos los españoles como principio básico declarado en el punto quinto del programa de Falange Española Tradicionalista y de las JONS, no ha de ser regateado por el nuevo Estado a los prisioneros y presos rojos, en tanto que no se oponga, en su desarrollo, a las previsiones que en orden a vigilancia merecen quienes olvidaron los más elementales deberes del patriotismo. (1)

Espainia osoan, gerra amaitu bezain laster, 90 000 preso zeuden batailoi hauetan. Alemaniako naziek egin zuten bezala, kontzentrazio-esparruetan edukitzen zituzten, militarren agindupean eta modu anker eta gizagabean.

Madrilen, Teruelen, Logroñon, Mirandan eta beste leku batzuetan ere eduki zuten gure aitona. Bizitza gogorra zen hura: egun-argitzetik iluntzera, lana, jateko gutxi eta txarra –askotan arbi-ura besterik ez egun guztirako–, eta ematen zieten tratua, zakurrei ere ematen ez zaiena. Barrakoi zikin batzuetan edukitzen zituzten, txerriak kaiolan bezala, egun guztia guardien begipean, lanean ari ziren bitartean fusilarekin apuntatzen zituztela, eta kexaren bat adieraziz gero zartako galantak jasoz. Pertsona izateari utzi zioten bolada hartan.

2. Aitona Luis langile-batailoian.

Egun batean, oso umea zela, gure aita bisitan joan zitzaion:

«Behin, bisitatzera joan nintzen, hemen Burgosera zela uste dut. Amarekin joan nintzen trenean.

Preso guzti haiek, bisitak etortzen zirenean, errenkadan jartzen ziren esplanada handi batean, eta bisitan joandakoak beste aldean. Gu ere errenkadan jarri ginen abisua eman arte. Ez dakit zenbat denbora egon ginen zain, baina dexente.

Nik zer egin nuen?

Ba, amak esan zidan, errenkadaren alde batera seinalatuz:

—Begira, Gregorito, hura da zure aita!

Aita gerrara joan zenean nik hiru urte nituen eta ez nintzen gogoratzen, orduan bost bat urte edo horrela izango nituen. Eta nik zer egin nuen? Ba, amak hori esan zidanean korrika alde egin, esplanada gurutzatu, eta nire aita zelakoan ilaran zegoen batengana saltatu. Eta ez zen nire aita!

Beste hiru harago zegoen aita, eta besoan hartu eta banaka-banaka pasa ninduten, muxu bana eman zidaten denek aitarengana ailegatu arte. Orduan aitak besoan hartu ninduen eta han egon nintzen lepotik helduta muxuka. Denak begira egon ziren, grazia emanda. Gogoratzen naiz ederki, bai.

Han zegoen jendea, ba, euskaldunak, errepublikanoak eta horrela ziren, Francoren kontrakoak denak».

Besarkada hura pozgarria eta hunkigarria izango zen aita-semeentzat, sekula ez ahazteko modukoa.

Preso eduki zuten bitartean sarna harrapatu zuen aitonak, izugarrizko azkura izaten omen zuen azalean, batez ere gauean. Sarna harrapatu bazuen, ez zen egoera ederrean egongo, ez horixe! Tolosan, nonbait, olio edo pomadaren bat aurkitu zuen amonak, eta hura bidali behar izaten zioten senda zedin. Amona Mariak egunean bost pezeta irabazten zituen, eta soldataren zati bat aitonari bidaltzen zioten bizirik irauteko. Amari eta bi seme-alabei ez zitzaien bizitzeko asko geldituko. Teruelen ere egon zen «kaminero», errepideak egiten pikatxoia eta pala erruz erabiliz, negu partean izugarrizko hotza pasatuz. Kamiseta eta galtzontzilloak zorriz beteta omen zeuzkaten, eta gauez kalean zintzilik jartzen zituzten, izotzak akabatuko zituelakoan. Hurrengo goizean arropak zuti-zuti gogortuta topatzen zituzten, baina jantzi ahala zorriak berpizten ziren. Lagun txiki haietaz ezin libratu!

Garai latzak bizi izan zituen aitona Luisek, baina etxean gelditu zirenek ere gorriak pasatu zituzten. Gerra tristea da denentzat. Hala ere, aitona Luisek ez zigun sekula ere kontatzen gerra konturik guri, ez nion entzun inoiz gai honen inguruan ezer kontatzen familian. Aitari bai, kontatu zizkion, horrexegatik dakizkit gertaera horiek. Zergatik ez zuen kontatzen? Ba, gerra galdu, gogorrak pasatu, eta ondoren ere bizitza estu eta larria izan zuenez, umeei horrelako tristurak kontatzea ez zuen agian zuzena ikusiko.

ALIJOSTES, Koldo (2021). Bizitzak. Arre: Pamiela. (40-44).

3. Miranda Ebro-ko kontzentrazio-esparrua.
100 000 presotik gora hartu zituen 1937 eta 1947 artean.

ERREFERENTZIAK

(1) “Decreto del Nuevo Estado concediendo el derecho al trabajo a los prisioneros y presos políticos y fijando la justa remuneración a ese trabajo y su adecuada distribución, de mayo de 1937”.

IKUS HAU ERE

https://www.loscamposdeconcentraciondefranco.es/index.php (Espainiako kontzentrazio-esparruen mapa eta argazki-bilduma).

Gerra esklaboen “lan eskubidea”, Francoren arabera | Zarauzko postalak (wordpress.com)

“Franco creó 300 campos de concentración en España, un 50% más de lo calculado hasta ahora”, (Espainia osoko kontzentrazio-esparruen mapa barne), elDiario.es, 2020/12/08an eguneratua.

Irudiak

  1. Desmemoriados 2024. https://desmemoriados.org/project/plaza-de-toros/ .
  2. Alijostes familiaren argazki-bilduma.
  3. Bernarda Alba via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper