NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

LEGUTIOKO FRONTEAN

Sebastian Salaberria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1915 – Hernani, Gipuzkoa 2003)
Antonio Zavala (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Xabier, Nafarroa Garaia, 2009)

1936. urtea. Liburuko protagonista, Sebastian Salaberria bera, ‘nazionalen’ aldean gerra egitera behartuta dago, bost egunengatik 37ko kinta tokatu zaiolako. “Oraintxe galdu naiz”, dio bere artean Donostiako udaletxetik datorren papera jasotzen duenean. Ordurako, bere hiru anaia Bizkai aldera alde eginda daude euzkotar edo gudariekin borrokatzera. Haien artean, anaia Kaximiro. Gerrak iraun bitarte guztian, arerioaren kontrako eraso bakoitzean, beste kezkarik ez du Sebastianek: eta nire balak anaia Kaximiro joko balu?

Testu mota: Memoriak

Garaia: 1964 (edukiaren garaia:1936-1939)

Atala: Literatura

Artilleriako posizio bateko militar 'nazionalak' Legutioko erasoaldian (1936ko azaroaren 30 – abenduaren 24). Argazkia: Sabino Arana Fundazioa.


Legutioko fronte honetan borroka gogorrak izan ziren alde batetik eta bestetik gu hara heldu baino lehen, eta gizon asko galdu zen, nola hilak hala zaurituak.

Egunez ez omen zen izaten trintxeratik ateratzerik. Ezta pentsatu ere! Kontrarioak gertu samar izaten baitziren, eta ikusten zuten guztia tira eta bota egiten zuten. Gauean ibili behar izaten zen.

Erreleboa egiteko ere, isil-isilik, batere hitzik egin gabe eta ahal zen hanka-soinurik gutxiena ateratzen zela ibili behar omen zen. Ez zen izaten argia pizteko baimenik; ezta zigarroa erretzeko ere.

Noizbait bukatu zen fronte honetako sua, eta gureek Bizkai aldera jarraitu zuten. Gure konpainia, ordea, Legution gelditu zen.

Inguru hartan bazegoen lan puska bat lur gainean denbora luzean zeuden gizon pilak lur azpira sartzen. Denak gure kontrarioetakoak ziren.

Gehienak trintxera moduko pendiza edo lubaki luze baten txokonean zeuden. Baina handik kanpora ere baziren, eta larrean ere bazeuden han eta hemen tarteka nahikoak.

Ematen zuen fusilarekin edo metrailadorearekin jo eta boteak zirela, ez baitzeuden puskatuak, oso-osorik baizik.

Gero agintariek esan ziguten gorputz hauei denei lurra eman behar zitzaiela, eta han hasi ginen ahal genuen modurik onenean hildako hauek estaltzen. Beren azpiko aldean egiten genuen zulo bat, eta aitzurrarekin heldu eta buelta ematen genien, eta gero lur pixka batekin doi-doi estali.

Baziren beren oinak ondo tapatu gabe bistan gelditzen zitzaizkienak ere, hainbeste eta hainbeste izanik ez baitzegoen denak ondo tapatzeko denborarik, guk ere aurrera Bizkai aldera jarraitu behar genuen eta.

Egia esan, lantegi nazkagarria zen benetan hura. Egun asko ziren gizon haiek lurrean hilda zeudela, eta usain gaiztoa botatzen zuten, batez ere beren ondoan zulo puxka bat egin eta aitzurrarekin buelta ematean.

Egunero txandan jarduten ginen lan honetan. Baina baziren gure lagunetan etxe oneko mutilak, diruz ondo aurkitzen zirenak; eta hauek, hildakoei lur emateko beren txanda etortzen zitzaienean, dirua ematen zuten lan honetan ez jarduteagatik.

Guk ez genuen dirurik izaten, eta hantxe jardun ginen makina bat egunetan hildako denei lurra eman arte.

Lan hartan ari ginela, makina bati begiratu nion ea nire anaia ote zen. Gertatzen ginen leku guztietan egiten nuen hori. Gure kontrarioren bat ikusten banuen hilda lurrean zegoela, joaten nintzen bere ondora, esanez:

–Horrexek gure Kaximiroren antza badik! Bera ote duk?

Eta ahuspez baldin bazegoen, heldu eta buelta ematen nion; eta ikusirik bera ez zela, beste batengana joaten nintzen, eta nire modu esaten nuen:

–Hau ere ez duk ba!

Horrelaxe, makina bat hildakori buelta eman nien. Gero jakin nuenez, gure anaia ere horrelaxe ibili omen zen, pentsaturik gu ere soldadu izango ginela noski beste aldetik.

Nire lagunek galdetzen zidaten:

–Baina zer ari haiz horrela?

Eta nik erantzuten nien:

–Nik badiat anaia bat euskotar horiekin dabilena, eta begiratzen diat ea hilda dauden horietakoren bat ote den. Ez diat behintzat oraindik aurkitu. Jainkoak ez dezala nahi, baina ez hukek harritzekoa izango horrelakorik gertatuko balitz ere, gu gabiltzan bezala gerra bizian ibilita. Hauxe izango hukek munduan izan daitekeen gauzarik tristeena: sekula ezer izan ez dugun anaiek elkarri tiroka batak bestea hiltzea!

Gero, gure konpainia honek ere, herri honetako lanak egin zirenean, Bizkai aldera jarraitu zuen.

SALABERRIA, Sebastian (1964). Neronek tirako nizkin. Donostia: Hauspoa Liburutegia. (86-88). Jatorrizkoa, hemen.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper