NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GAUAZ PARKE BATEAN

Jon Mirande (Paris, 1925 - 1972)

Testu mota: Ipuina

Garaia: 1960

Atala: Literatura

Gako hitzak:

Parke bat gauez. Egilea: József Rippl-Rónai (1861-1927).


Andere xaharra jarri zen parkeko aulki bazter batean, moda zaharreko eskuko zaku moda zaharrekoa amultsuki gerriari kontra estutuz. Gautzen ari zen jadaneko, baina astia zuen etxera itzultzekotz; hurran bizi zen, eta udaberriko airea hain goxo eta epela zenuten... Haren aldamenean, ordea, paseiantak beren egoitzetara lehiatzen ziren: langileak, parkeko bidea labur kausaz hartzen zutenak; eskolier eta istudiantak, eskola-liburu eta -tresnak besapean; amorosen bikoak, emeki eta besotik heldurik zebiltzanak andere xaharrak ametsetan bezala so egiten zielarik. Bakarra ote zegoen orain parkean? Eta zenbat denborarako? Baina ez: gizon gazte bat aitzina zetorren, zalu. Haren aurretik iragatean emetu zuen urratsa eta begiratu zion, zalantzan iduri; gero jin zen haren ondoan jartzera.

Andereari ez zitzaion atsegin izan, haren ondoan jarri baitzen, baina aulkia ororena zen, ezta? Mutilak zigarreta bat piztu nahi izan zuen eta anderea ohartu zen eskuak ikaratzen zitzaizkiola; bi metxa erabili behar izan zituen heltzekotz. zelako pentsamenduak irriño bat atera zion emaztekiari, eta mutilak aitzakiatzat hartu zuen irri isil hori harekin eleka hastekotz.

—Gaualdi ederra, ezta?

—Bai, gaualdi ederra, baina bertze gaualdi batzuk ezagutu izan ditut, oraino ederragoak —ihardetsi zuen, gogoetaturik.

Gizon gazteak bitxiki so egin zion, eta andereak bazekien bere baitan zerabilela: «Atso ergel hiztun bat, dudarik gabe»... Eta andere xaharrak ematen zion kexaduraren mendekioz edo, hobeki, gaiztakeria hutsez, galdegin zion apur baten buruan:

—Ez zara beldur, Anderea, zuhaur tenore honetan, eta leku honetan?

—Zergatik beldur izan behar nintzateke?

—Zergatik? Baina hemen gertatu diren gizerailketengatik, naski.

Ene! Zertarako mutilak oroitarazi nahi zizkion, gauetarik gau honetan hain zuzen, aitzineko urteetan parkean gertatuak: eskoliersa bat, gero berrogei bat urteko ama familiako bat, eta azken aldian neskatila bat, hirurak hilik atzemanik, zintzurra tinkaturik, eta erailea oraino ihes?

—Ez, ez naiz beldur —erran zuen deblauki.

Gizon gazte hori gero eta zitzaion. Eta bet-betan gogoak eman zion deliberatuki etorri zela haren ondoan jartzera, haren diruaren ebastekotz. Estutu zuen eskuko zakua bere gerriari kontrago. Baina gizon gazteak, haren mugimendua ez ikusirik —edo ezikusia eginik—, aitzina erran zuen:

—Gauza lazgarria: hiru emazte hementxe itoak izan, bakoitza udaberri batean, eta aldi bakoitzean poliziak huts egin! Nork daki gizerailea ez dagoenetz parkeko itzalean gorderik, gau honetan bertan?

Andereak bazekien orain mutilak izuarazi nahi zuela, haren zakuaz jabetzekotz... Haatik ez zuen utziko hartzera... Ozenki ihardetsi zion:

—Badute aspaldi erailketa horiek. Egilea urrun dateke engoitik. Ez naiz ez beldur.

—Ez dute hain aspaldi, azkena —gogoratzen zara?, neskatila gazte harena... —joan den udaberrian izan zen eta.

Oroit zen bai anderea, baina ez zuen beldur izan beharrik, ez mutil horren, ez bertze nehoren. Eta, jakin-gose ergel batek bultzaturik, galdegin zion:

—Zure ustez, nor zen egilea?

—O!, dudarik gabe sadiko bat —erantzun zuen, ezaxola.

—Bai, arrazoi duzu, hiru emazte gazte itorik, dudarik gabe agure sadiko batek hilak.

—E!, ez hain zalu ibil zure arrazoinamenduetan... —egin zuen mutilak, irriz—. Nik dakidanez, erailea gazte izan zitekeen, ez agure bat.

—Ez, ez —ihardetsi zion, emeki baina sarkorki, hartaz segurtatu nahi izan balu bezala, zeren gaua baitzen orain eta biok bakarrik zeuden parkean—, agure batek baizik ez zitzakeen hiru emazte gazte eta eder horiek hil!

—Baita gizon gazte batek ere. Gogoan atxiki ezazu ez diola, idurien arabera, hilen adinari hainbat axolarik, ber: hirurotarik bat haur bat baizik ez zen, bertze bat bi adinen arteko andre bat... Uste izateko da emazte-jende guztia duela higuin... Zergatik? Haien amodioa ezin irabaz dezakeelakotz ote? Beharbada eder ez delakotz, edo alde batetik bertze gizonak ez-bezalako delakotz, edota enbalditua. Gertatzen ohi dena, badakizu. Ene kasua har ezazu: maingua naiz (anderea ez zen ohartu maingua zenik, parkean gaindi zetorrelarik!). Gauza guti da naski, halaz ere behaztopa bat emazteki bati gorte egin nahi banio —erran zuen irri idor batekin. Eta gero—: Hots, gizeraile sadiko bihurtzekotz zio bat aski indartsua gogoa edo zainak eriak lituzkeen batendako!

«Egia da —pentsatzen zuen andereak—, gutariko bakoitzak mila eta milaka dauzka gaiztagin bihurtzeko zioak…», eta amets egin zuen luzaz leku komun horretaz. Osoki ahantzirik zituen mutil gazteak oixtion sortu zizkion duda-mudak oro... Eta honek bet-betan hari hurbildu eta eskuko zakua indarka kendu nahi izan zionean, izialdurak baino areago uste gaberik jazarria izateak aterarazi zion orro bat. Ez zuen ez beldurrik, baina ez zion zakua hartzera utzi behar eta tink-tinka atxikitzen zuen.

— Alo, eman iezadan berehala! —manatu zion bortitz mutil gazteak, eta zintzurra bihurtu nahi izan zion. Moldakaizki, ordea, gaiztagin batek bezala..., pentsatu zuen, erdeinuz, andereak. Nork zekien hargatik etsipenez zeren egitera prest zatekeen? Negarkoiki otoiztu zuen beraz:

—Utz nazazu, arren, ene dirua emanen dizut, bai!

— Berehala baina, atsoa, bertzela… —ihardetsi zuen gizonak, baina lepoa laxatu zion.

Andere xaharrak zakua ireki zuen, eta mutilak engoitik eskua hedatzen zuen moltsaren hartzekotz. Baina haren begiak borobildu ziren harriduragatik eta ahoa zabaldu zuen oihu baten egoztekotz, bertan itoa izan zena, ezen andereak moltsaren ordez bilur bat jalgi zuen zakutik eta aski trebeki gizon gaztearen lepoaren ingurura jaurti..., bai eta halako emazteki adintsu batengandik nehork iguriki ez zezakeen indarrarekin tinkatu zuen berehala, ziotsalarik:

—Ez hintzen hi gaur bilatzen nuen ihizia, baina hihaur jin haiz ene sareetara, ?

Ezin jakin zuen, ordea, bertzeak aizina ukan zuenetz hitz horien entzutekotz, bere luzean eroria baitzetzan aulkiaren oinetan, begitartea jadaneko urdindurik eta mihia ahotik erdi aterarik. Andereak artoski deslotu zuen bilurra eta eskuko zakuan goititu. Gero segurtatu zen gizon gaztea hil zela, beharria haren bularrari kontra emanaz. Hila zen, bai, eta harekin batean itzaliak ziren betikotz haren osasuna eta haren gaztetasun ederra. Ez zen gero egia maingua zenik, eta aurpegia eder zeukan, bizi zelarik! Alo, berriz ere ito ahal izan zuen andereak haren bizitze bakar, hilduratuarentzat irain bat ezin jasanezkoa zen «bertze»en atsegin eta bizi-nahia... Berriz ere, datorren primaderaraino, bederen. Bere etxera itzuli zen, eta nehork ez zuen bidean hauteman.

Parisen, 1960ko ekainaren 26an

Jon MIRANDE, Jon (1963). «Gauaz parke batean», EGAN 1-3: 63-65.

IKUS HAU ERE

Jon Mirande Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudia

Musée d'Orsay, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper