NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ANTONIO DE MURGUIAK ESAN ZUENA

Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951)

Testu mota: Ipuina

Garaia: 1996 (edukiaren garaia: 1860-1870)

Atala: Literatura

1. Marrazkiaren egilea: Julen Zabaleta.

Ez dakit kontu horiek inork jakin nahiko dituen, baina nire bizitzaren berri emateko eskatu didate gobernadore jaunak eta Iruñeko kartzela-buruak, eta horretaraxe noa gogo handirik gabe. Izan ere, gezurra izango da agindu didatena, alegia graziazko lege bat eskatu diotela Karlos erregeari libertatea eman diezadan, baina, zer egin dezake zulo beltzean dagoenak gezur hori sinetsi baino? Ez du sinesten horretarako arrazoi onak dauzkanak bakarrik: premia duenak ere sinetsi egiten du, eta askotan edozein gauza.

Izena dut Antonio de Murguia, eta Segura herriko auzo batean jaio nintzen 1834. urte aldera. Egun batean, artean zazpi edo zortzi urte besterik ez nituela, erabat harrituta utzi ninduen zerbait gertatu zitzaidan. Gogoan daukat oraindik. Elurra ari zuen, eta errainua bezalako zerbait ikusi nuen bidean hurbiltzen. Gero, errainu hura zehaztu ahala, mandoak ikusi nituen, bat aurrean, buru eginez, eta hiru pare atzean; haien ondoren, txabola baten tamainakoa iruditu zitzaidan karroza.

“Zer dabil diligentzia honaino etorrita?”, esan zuen gure aitak etxe atarira irtenda. Ez zuen luzaro itxoin beharrik izan erantzuna jasotzeko. Elurrarekin bideak itxita zeudela esan zion karrozaren gandorrean eserita zetorren gizon handi batek, eta ea gure mandioan lo egiteko modurik izango zuten. Jakina, baietz esan zion gure aitak, zeren gu bizi ginen leku hartan ez baitzen sekula ezer apartekorik gertatzen, eta ustekabe harekin pozik baitzegoen. Nik, berriz, ezin nion begirik kendu zazpi mandok tiratako karroza hari, eta iruditu, nik sekula ikusitako gauzarik zoragarriena iruditu zitzaidan.

Hurrengo egunean, diligentziak bere bideari ekin zion ostera. Hura iskanbila, abiatzeko orduan! Haiek zartadak, mando egoskorrei! Haiek maldizioak, gurpil bat elur gogortuan trabatuz gero! Bakarrik gelditu ginenean, kuzkurtuta egon nintzen puska batean, txita bustia bezala. Gizondutakoan ez nintzela nekazaria izango agindu nion neure buruari, diligentziako nagusia izango nintzela, maiorala alegia.

Pentsatzen jarrita, zorte txarra izan zen. Elurraren emanak diligentzia hura ez eta gotzaina ekarri izan balu gure etxera, auskalo, beharbada gotzaina izango nintzateke orain, edo gutxienez apaiza, eta ederki asko jango nituzke haiek jaten dituzten buñueloak. Izan ere, hobeak egongo dira buñueloak kartzela honetako eltzekari zakarrak baino. Baina alferrik da horretan pentsatzea. Aukera joan zen, betiko.

2. Gipuzkoako Gatzaga, 1820. Egilea: Louis Albert Ghislain, Bacler d'Albe-ko baroia.
Souvenirs pittoresques du Général Bacler d'Albe, tome II, Campagne d'Espagne.

Oso azkar alde egin nuen etxetik eta, nire ametsa bete nahian, benta bateko ukuiluan hasi nintzen morroi. Lau diligentzia pasatzen ziren handik egunero, eta nire ardura mandoei jaten eta edaten ematea zen, eta haiek garbitzea; ordainetan, bentako nagusiak bere mahaian jartzen ninduen eta bazter bat uzten zidan lo egiteko. Irabazten nuen apurra maioralei esker irabazten nuen. Lana ondo egin nuela iruditzen zitzaienean, txanponen bat edo beste jartzen zidaten eskuan. Behin, bihurritutako hanka sendatu nion mando bati eta hamar erreal irabazi nituen, gazta bat erosteko adina. Baina gutxitan izaten ziren horrelakoak.

Egia esateko, bentan ez nintzen gaizki bizi, zeren garai pobre haietan egunero hiru otordu egitea ez baitzen hutsaren hurrengoa; baina nire barruko ametsak harraren lana egiten zidan eta ez ninduen bakean uzten. “Diligentzian hasi arte ez duk hik onik izango!, esaten zidan bentako nagusiak burlaka, kopetilun ikusten ninduen bakoitzean. Eta arrazoi zuen. Maioralei laguntzen zieten mutikoak inguruan ikusi, eta sufritu egiten nuen. Gainera, mutiko haiek harro hutsak izaten ziren eta desaire asko egiten zizkiguten ukuiluetan morroi ibiltzen ginenoi.

Baina bentan hasi eta hiruren bat urtera irtenbidea zabaldu zitzaidan. Gertatu zen maioralaren laguntzaile haietako bat, harroputz izugarria, ostikoka hasi zitzaidala, mandoak goseak neuzkala eta aitzakia horrekin, eta nik sekulako jipoia eman niola bueltan. “Zer du morroi horrek, ordea? Deabruak hartua dirudi”, esan zuten borrokari begira egondakoek. Jakina, ez zen deabru kontua, nire barruko harra baizik.

Gau hartan, bentako nagusia eta maiorala ohe alboan azaldu zitzaizkidanean, juzgurik txarrena egin nuen, ukuiluko lanetik bota egingo nindutela pentsatu nuen. “Non ikasi duk borrokan?”, galdetu zidan maioralak. “Ez dakit ba”, erantzun nion. “Bandidurik ikusi al duk behin ere?”, hark ostera. Eta nik: “Batzuk pasatu izan dira benta honetatik”. “Eta? Zer egin huen hik haiek ikustean? Galtzetan kaka?” Eta nik: “Oinez ikasi nuenez gero ez dut nik galtzetan ezer egin”. Berak, orduan, hitz egiteko modua aldatuz: “Sinesten diat, sinesten diat”. Eta jarraian: “Ba, hi bezalako mutiko bat behar diat nik diligentzian. Etorri nahi al duk?”. Zirrarak mutu utzi ninduen. “Nik ez diat inolako trabarik jarriko —adierazi zuen orduan bentako nagusiak—. Hire gurasoak konforme badaude, nigatik libre haiz.” “Gurasoak eta jaiotetxea ahaztuta dauzkat aspalditik. Bihar bertan hasi nahi nuke lanean.” Maioralak bizkarreko bat eman, eta “hori duk arrazoia!” esan zidan barrez.

Ez dakit oroimenak nahastu egiten nauen, baina esango nuke gau hartaz gerokoa izan zela nire bizitzako boladarik ederrena. Karrozaren goialdean eserita, aurrean mandoak edo zaldiak lehia bizian, aurpegian haizea, edo euria, edo bideko hautsa, errege baten pare sentitzen nintzen. Edo hobeto esanda, printzearen pare, zeren erregea, niretzat, maiorala baitzen. Luze gabe, lan berriak beste abantaila batzuk ere bazituela konturatu nintzen. Alde batetik, diru gehiago irabazten nuen, batez ere bidaiarien eskupekoei esker; bestetik, oso tratu gozoa eskaintzen zidaten bideko benta guztietan. Ez nintzen hala ere harrotu, eta zintzo portatu nintzen beti ukuiluetako morroiekin. Alde txarrak ere baziren, noski. Esate baterako, arriskua, aldian behin bandiduak izaten baikenituen atzetik edo aurretik; baina txar hura ere aise pasatzen genuen.

Denbora aurreraka joan zen, halaxe joaten baita beti denbora, aurreraka eta muturrak hautsi beharrean, eta, postilioi bihurtuta, lehenengo mandoan edo zaldian igota joaten nintzen gainerako guztiei bidea erakutsiz; behar-beharrezko gauza, orduko kamioak ez baitziren oraingoak.

Postilioi bikaina izan nintzen. Gutxitan trabatu zen diligentzia nire erruz, eta are gutxiagotan puskatu zen gurpilik nik harkaitz erori bat edo zuloren bat garaiz ez ikusteagatik. Erne joaten nintzen beti eta, maioralak esan ohi zidan bezala, usaindu egiten nituen bideko oztopoak; ikusi ez ezik usaindu. Bandidu hotsa zabaltzen zenean, berriz, hartu zaldia eta mendi-zuloak eta baso ilunak miatzera aurreratzen nintzen. Zenbat aldiz zapuztu ote nituen bandiduen lapurretak! Makina bat aldiz bai! Horregatik esan nion epaile jaunari urte haietan justiziaren alde egindako lanak geroko hutsa berdintzeko balio behar zuela. Baina berak ez zuen nire arrazoia aintzakotzat hartu.

Hogeita hamar urte bete baino lehen eskuratu nuen maioral kargua. Zigorra eskuan hartu eta zaldiei eragin nien aurreneko aldian, halaxe esan nion neure buruari: “Antonio de Murguia, azkenean jaun eta jabe haiz”. Hitz haiekin batera, arindu handi bat sentitu nuen. Umetako ametsa beteta zegoen. Kutxatila bat bezala itxi nezakeen, eta nire arimaren bazter batean gorde.

Seguru asko, ordurako ibiliko zen trenaren hotsa han eta hemen, baina nik ez neukan harentzako belarririk. Nire belarriak, begiak eta arima bera bezalaxe, diligentziari emanak zeuden erabat, eta hantxe aurkitzen zuten zoriona. Izan ere, umetako lehen aldi hartan bezala, mandoen aztarrikak eta karrozaren kirrinkak eta kalakak munduko soinurik ederrenak iruditzen zitzaizkidan; lana bera, berriz, zenik eta pozgarriena, beti jende artean, bentarik benta beti; pasatu behar ziren arriskuak, lehen aitortu dudanez, bizigarri hutsa. Eternitate guztian halaxe jarraitzeko prest nengoen. Baina guretzat ez dago eternitaterik. Zeru azpian behintzat ez.

Astiro-astiro, diligentziaren mundua beheraka abiatu zen. Egun batean, benta batean sartu eta erdi hutsik aurkitzen zenuen; hurrengoan, bidaiari bakar batekin egin behar zenuen bidea. “Ba al dakik? Gipuzkoara trena ekarri omen ditek”, esan zidan halako batean tabernari batek. “Eta zer inporta zaidak niri?”, erantzun nion muturtuta. Baina, erantzuna gorabehera, susmatzen nuen egia. Trenak bazterrean utziko zuela diligentzia, eta bazterrean utziko ninduela ni. Urte batzuk pasatu, eta susmatutakoa egia bihurtu zen.

Maioral bizimodua hain maitea izan ez banu, ez nuen beharbada trenaren mundu berria hain gaizki hartuko. Baina oso gaizki hartu nuen. Amorrazioz aurrena eta etsipenez gero. Pentsatu nuen: “Gurditzar horri su emango zioat”. Baina joan nintzen Tolosa alde horretaraino nolakoa zen ikustera, eta izututa gelditu nintzen haren kearekin eta burdin-hotsarekin. Esaten den bezala, piztia hura handiegia zen ni bezalako ehiztari batentzat. Gainera, garbi-garbi ikusi nuen zaldiak zer eginik ez zeukala haren aurrean, alferrikakoak zirela diligentzia eta gurdizain guztien madarikazioak.

Mahaitik eroritako hondakinekin konformatzen den zakurrak bezala jarraitu nuen lanean, eta, bizitzan aurrenekoz, ikara hartu nion etorkizunari. Izan ere, bideak ez du dirurik: irabazi egiten da, baina sobratu ez. Irabazitakoa benta-zuloetan urtzen da gatza errekan bezala. “Arrastaka bizi behar al duk orain?”, esaten nion neure buruari. Baina ez nekien nondik jo edo zer egin. Eta halaxe jarraitu nuen hainbat urtez, ezinean. Nire azken bidaia iritsi zen arte.

Egun hartan, Frantziatik zetozen lau bidaiari hartu nituen Irunen Bitoriara eramateko enkarguarekin. Nahiz negu gorria izan eta bideak lokaztuta egon, nahikoa erraz egin genuen Astigarragarainoko bidaia. Baina hurrengo goizean eguraldiak txarrera jo zuen. Elurra hasi zuen gogotik, benetako erauntsia, haize zakarrarekin. Eguerdirako, arimarik ez zebilen bidean eta bakardadean egin genuen aurrera.

Tolosatik pasatzean galde egin nien Frantziako jaun haiei ea jarraitu nahi zuten ala bertan geldituko ginen. Haiek, orduan, presa zutela eta jotzeko aurrera erantzun zidaten, Bitoriara hurrengo goizean iritsiz gero zilarrezko duroa emango zidatela. Amore eman, eta aurrera egin genuen.

Bizpahiru ordu geroago, ordea, elurraren erasoa gaiztotu egin zen, eta zaldiak ezinean hasi ziren. Herrixka bateko etxeak ikusi nituen halako batean, eta gelditu, karrozaren atea zabaldu, eta egia aitortu nien jaun haiei: babesen bat bilatu behar genuela lehenbailehen, bestela hotzak hilko ginela. Irabazi nahi nuela zilarrezko duroa, baina biziak gehiago balio zuela. Ordurako ikaratuta zeuden berak ere, eta nik esandakoa onartu zuten.

Herrixkan aurrera, ezaguna egin zitzaidan elizako dorrea. “Non nago?”, pentsatu nuen. Hobeto begiratu eta Seguran nengoela konturatu nintzen, elurteak desbideratu eta nire jaioterriraino eraman ninduela. Halako zorabio bat sentitu nuen. Gero, neure onera etortzean, diligentziatik jauzi egin eta pauso batzuk eman nituen erauntsiarekin ozta-ozta sumatzen nuen etxe baterantz. Jaioterrian ez ezik, nire jaiotetxearen aurrean nengoela konprenitu nuen.

Umetako egun urrun hartaz gogoratu nintzen. Orduan bezala, elurra ari zuen eta diligentzia etxe atarian geldituta zegoen. Alde bakarra, neu nintzela orain maiorala, eta han umerik ez zegoela.

Ez dakit ustekabe hark zer egosketa mota eragin zuen nire barruan, baina kontua da bizitza osoa pasatu zitzaidala burutik, eta erabakia hartu nuela: lapurreta egingo nien Frantziako lau jaun haiei, bandidu bihurtuko nintzen neu ere. Ordubete geroago, haien diruak, zilarrezko ehun eta hogei duro, nire poltsikoan zeuden.

Gipuzkoan gutxitan egin den bezalako lapurreta izan zen nirea. Baina, berriro esango dut, nire denboran egin dudan bakarra izan zen, kinka larri batean burututakoa. Horregatik diot ez naizela benetako bandidua eta erregeak askatasuna eman beharko lidakeela. Kartzelan pasatu ditudan zortzi urteak ez al dira nahikoa ordain izan? Gainera, urte horietan idazten eta irakurtzen ikasi dut, eta beste gizon bat naiz orain. Hemendik ateraz gero legegizon ere egingo nintzateke agian. Baina, hasieran esan bezala, etsi-etsian idatzi dut aitorpen hau, esperantzarik gabekoen moduan.

Dilijentzia. Bidea... abentura zenean (erakusketaren katalogoa), Zumalakarregi Museoa, 1996, 12.-19. or.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper