NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

MAITE-ZOKOETAN

Mariasun Landa (Errenteria, Gipuzkoa, 1949)

Testu mota: Ipuina

Garaia: 2009

Atala: Literatura

Jatorrizkoa

Argazkia: Mateo Gamón, Paris, 1989.


Goizeko 7:45ean:
Enaren liburua

Oraindik ohean etzanda dagoela, hegaztien liburu hura ikusten hasten da.

Aita, autoaren giltzak falta dituela eta, alde batetik bestera ibili da txoko guztiak arakatzen. Hasieran, ama ere ibili da aitari lagundu nahiz baina, beti bezala, eztabaidan hasi, elkarri hitz garratzak esan eta azkenean, ateari danbateko handi bat emanez, etxetik aldegin du aitatxok.

Horrek guztiak ez du mutikoa asaldatu. Ohikoa baita. Berak etxeko eremuak aztertzeari ekiten dio maiz, batez ere oin azpikoak: geletako zorua, moketako apurrak, entxufeak, hormetako pintura, zokaloak, altzarien hankak eta ate azpietako hari mutur txiki-txikiak. Aitatxori ez baina berari bai, berriz, atsegin zaio miaketan ibiltzea, zerbait aurkitzeak eman ohi duen poza sentitzearren, ziur asko. Aulki batera igotzeko aukera izanez gero, kaxoiak eta apalak ere maite ditu. Batez ere, amaren kaxatxo hura, txirlaz egindakoa, Recuerdo de Donostia, non botoi desberdin mordoa aurki daitekeen: girlatxe koloreko gabardinaren botoi handi eta potoloak, neska txikien soinekoen botoi arrosak, kristal antzekoak, menda berde kolorekoak, zilar modukoak, malbazurizkoak… Botoi haiek, sarritan, soldadu, itsasontzi eta tren-bagoi bihurtu ohi ditu.

Baina, ordu horretan, badaki ohean jarraitu behar duela, laster ama hurbilduko zaiola...

—Berriz ere, enarak ikusten? Jantzi egin behar duzu, gosaldu, ikastolara joan...

Ama, liburua eskutik hartuz, eseri egin zaio ondoan inoiz baino samurkiago, apur bat lotsatuta, ezpainen eta eskuen dardarak barne haserrea ezkutatu ezinik.

—«ENARA (Hirundo rustica). Martxoaren bukaeran, edo apirilaren hasieran, Afrikako negu tokietatik datozen ohiko enara ezagunek gure lurretako haranak apaintzen dituzte, beren hegada azkar eta akrobatikoez...»

—Zer esan nahi du «akrobatiko»k, ama?

Azken boladan, aitak dena galtzen du. Mutikoak badaki pertsona helduek gauza txiki asko eraman ohi dituztela berekin: betaurrekoak, diru-poltsa, penwrite-ak, txiskeroak eta giltzak, giltza mota desberdin asko. Eta aitak egunero falta du zerbait! Miaketan ibili behar. Gatazka. Ateari danbatekoa eta gero ama bere ondoan. Ama eta bera bakar-bakarrik, liburu eder hari begira: enaren hegada geldituak, papar txuriak, batzuk binaka, besteak bakarka, airean zintzilik inoiz erori gabe. Harik eta amaren aurpegia lasaitu, irribarrea azaldu eta muxu bat ematen dion arte. Zoriontsua sentitzen da orduan mutikoa.

Goizeko 8:15ean:
Garbigailua

Berari gosaria eman ondoren, garbigailuan arropa sartzen hasi da ama. Gertaera pozgarria mutikoarentzat. Begi biribil handia duen tresna, suge moduko tutu luzea duena, makina bizigabe zein izaki bizidun izan daitekeena. Xaboi hautsak bota makinaren ahotik, zapaldu botoi txiki asko errenkan eta esnatu egiten da garbigailua, bera esnatu den bezalaxe. Mutikoak maite ditu zarata haiek: ura borborka ateratzen denekoa, geroz eta zurrumurru handiagoz, arropak uretan egiten dituen palasta txikiak, bustiz doan heinean. Arroparen zirti-zarta hotsa, alde batera eta bestera, itotzen ari balitz bezala. Arropen kexu -hotsak. Noizik behin, ur lasterra eta txipli-txaplak gelditu egiten dira, olatuen antzeko zurrumurru hots monotono bati hasiera emateko.

Ama, nonbait, ez da bera bezainbat dibertitzen. Eguerdirako bazkaria prestatzen hasi da. Berak, berriz, txunditurik jarraitzen du tresnaren aurrean. Han barruan, garbigailuaren sabelean, sarritan ikusten du beraren niki horiak duen aingura urdina uretan dardarka, ezkutatzen eta agertzen, gorde-gordeketan jolasean ari balitz bezala.

—Martxan dabilenean ez ezazu inoiz atea ireki! –esan dio amak askotan.

Umeak telebista xelebre horren aurrean egoteko gogoa sentitu ohi du. Batez ere, makina edaten ari dela ematen duenean, ur trago handiak irensten dituela, eztarritik pasatu ezinean ari balitz bezala.

Aurpegia garbigailuaren kontra jarri du, badaki hori amari ez zaiola batere atsegin.

Itsas kurkuiluen zurrumurrua, sirena hotsak, ia entzun ezinezko izurdeen txipli-txaplak entzun ohi ditu holakoetan.

—Atera zaitez hortik! –amaren hots garratzak.

Baina makina hura ustegabeko mugimenduak egiten hasi da, dar-dar batean. Alde batetik bestera, barru guztia astinduz eta burrunba izugarria sortuz.

—Zentrifugatzen ari da! –aldarrikatzen du mutikoak, zentrifugatu hitza ikastea eta ondo esatea asko kostatuko baitzaio, eta errepikatzea maite du.

—Gaur ere berandu helduko naiz! –entzuten dio amari esaten.

Telebista moduko ontzi hartan, amaren eta bere arropak nahasian ikusten ditu, eta horrek sentsazio berezia sortzen dio. Bat-batean, isiltasuna. Garbigailua isildu egin da, baina ez da isiltasun osoa, oraindik ere zaratatxo bat nabari daitekeelako barru-barruan.

Amak janzten laguntzen dio mutikoari, urduri dabil, «gaur ere berandu», garbigailuaren isiltasunari ez dio garrantzirik ematen, nonbait.

Goizeko 8:45ean:
Isiltasuna

Mutikoak ondo aztertutako zerbait da isiltasuna. Belarriak tapatzen ditueneko isiltasuna, telebista edo irratia itzaltzen duenekoa, udan hondartzan galtzen denekoa, gurasoak haserretzen direnekoa, eta batik bat pasillokoa… Bere gelatik gurasoen gelaraino dagoen pasillokoa. Gau batzuetan, esnatu eta, bakardade isil hura! Jaiki eta oinutsik ohe ondoko alfonbra gainean egoten da, ea barrengo negar zotina sentitzen duen jakiteko. Ito egiten du. Beste gauza batzuetan pentsatzen saiatzen da. Alferrik.

Bart gauean ere, pasillotik abiatu zen. Gurasoen gelara iristeko nahitaezkoa zen pasillo ilun hori igarotzea. Isiltasuna. Ilunaren hormetako margolan misteriotsuak. Gero, atearen oztopoa, itxita aurkituko ote zuen edo agian batuta, besterik ez. Eta bihotza, airean zintzilikatutako enara baten hegada bezala sumatu zuen. Begiak zabal- zabalik sentitzen zituen, besoetan eta sabelean hotza… Azkenean, gelako ate ondora ailegatu eta ozta-ozta begiratu zuen, babesgabezia handienean: aita etzanda, gora begira, zurrungaka, ilea nahasita. Ama forma zehaztezin bat zen haren alboan, izaraz estalia, ezpainak erdi irekiak, arnasa isila… Mutikoa, ilunpean, bidea eginez joan zen, zaratarik txikiena atera gabe. Horretarako, pauso bat eman eta itxoin egin behar. Beste pauso bat eta gelditu, eta zelatan geratu. Beste pauso bat, beste bat, eta arnasa eten, parketaren hotza oinetan sentituz. Amaren ondora iritsi zenean, aski izan zen ukitu txiki bat sorbaldan. Ama erraz esnatu zen eta segundo batean iruditu zitzaion haserretu egiten zela semea han ikusita...

—Zer zabiltza? Gaur ere bai?

—Ama, utzi!

Ez zuen gehiagorik esan behar izan, bihotz txikia lehertu egin zitzaion eta negar zotinka hasi zen.

—Ez da posible! –marmartu zuen aitak, beste aldera jira eginez.

Amak, oraingoan ere, lekua egin zion bere habian, toki goxo eta epel hartan, puzzle bateko piezatxoaren antzera moldatu zen ohe ertz gogorraren eta amaren sabelunearen artean. Leihora begira, amaren besoek gerritk bueltan heltzen ziotela, lo sakonak hartu zuen.

Beti bezala.

Goizeko 8:55ean:
Aitak galdutako
giltzak

Oso urruti geratu da bart gauekoa. Goizean, bere ohean esnatu da, ez daki nola eta ez zaio axola, gainera.

Aurki, amak eta berak etxetik alde egingo dute. Lantokira amak eta txikien eskolara berak. Baina jadanik ez du negar egiten amarengandik apartatzen denean. Behin, amak esan zion andereñoari amets txarrak izan ohi zituela gauetan. Amets hitza ez du ulertzen, amets txarra are gutxiago. Aitak esan ohi duenean mainontzi hutsa dela, berriz, ulertzen du eta amorrua sentiarazten dio hitz horrek. Dakiena da aitatxo hori amatxoren eta beraren artean oztopo eta muga dela, eta goizetan, zerbait falta duenean, aita eta ama haserretzen direla eta, orduan, beti hurbiltzen zaio amatxo enaren liburua irakurtzera. Horregatik, batzuetan, aitaren giltzak hartu eta gorde egiten ditu. Zokoak miatzeaz gain, gauzak ezkutatzea maite baitu.

Goiz horretan, mutikoak eskua sartu du patrikan eta aitaren autoko giltzei begira jarri da. Aitatxo asko poztuko da aurkitzen dituenean eta, kontu handiz, sukaldeko mahaiaren atzetik erortzen utzi ditu.

LANDA, Mariasun (2009). «Maite-zokoetan», Erlea 1: 21-23.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper