NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

KARMELE JAIOREN HIRU POEMA

Karmele Jaio (Gasteiz, Araba, 1970)

Testu mota: Poesia

Garaia: 2015

Atala: Literatura

Gako hitzak: gaurko literatura

Katu bat lotan. Sortze-data: 1800 eta 1899 artean.
Iturria: Wellcome Collection.


EHUN METRO

Ehun metro izan ziren,
ehun metro bakarrik.
Euria ari zuen,
zaparrada,
eta denda baten aterpean sartu nintzen,
zapata berriek irrist egiten zidaten eta
hau kasualitatea,
aterki batekin agertu zinen.

Zatoz.

Ezetz esan nizun lotsati,
segi lasai,
hemen bertan bizi naiz,
zapatek labain egite didate,
besterik ez,
pixka bat ixarongo dut.

Zatoz.

Zure besoari heldu nion
ez labaintzeko,
eta bat-batean,
aterkiaren gerizpean,
larretik trostan dabiltzan bi zaldi ginen.

 

BANDERA ZURIA

Ospitale honetan jaio nintzen.
Izara zuri baten gainean
jarri ninduten
aitak bere alaba jaioberria ikus zezan,
amak ohean etzanda
eta gorputza erdibituta
arnasa sakon hartzen zuen bitartean.

Mantal zuridun batek
egiaztatu zuen nire jaiotza
eta paper batean apuntatu zituen
ordua eta minutuak eta segundoak,
eguna eta urtea eta lekua.

Gero aita zegoen ospitalean
eta ni nintzen bisitaria.
Ospitale honetako besaulkian
egin ditut gauak
gelako leihora begira,
gortinen mugimenduari adi,
aitaren ur eskaera
eta eztulen artean.

Ospitale honetatik deitu nuen etxera
aitaren heriotzaren abisua emateko.
Orri batekin irten nintzen hemendik,
jakako poltsikoan tolestuta,
ordua eta minutuak eta segundoak,
eguna eta urtea eta lekua
idatzita zeuden bertan.

Ospitale honetan ikusi nuen lehenbizi
nire barruan zapaburu bat mugitzen,
eta ospitale honetako erditze gelako sabai zuriari begira
erditu nintzen bi aldiz,
Gabonetan bildotsa bezala.

Ospitale honetako kontsulta batean
eman zidaten nire gaixotasun
kronikoaren berri
eta gero bizikletaz bueltatu
nintzen etxera,
oso azkar,
haizeak nire estutasuna
sikatuko zuela sinetsi nahian.

Poltsikoak paper tolestuz
beteta dauzkat.
Jaio nintzenetik hona
gauza asko gertatu dira
ospitale honetako horma zurien artean,
baina bitan laburbildu daitezke:
batzuetan haizeak gelako gortina zuria astindu du,
eta beste batzuetan ez.
Orain bai, orain ez.

 

KATUAREN ILEAK

Autobus barneko argi zuriak
zurbiltasuna indartzen dio,
eta jaka beltzean
ile zuriak ikusi dizkiozu,
eta orban zuri bat,
esnea
edo jogurta agian.

Zutik gosaltzen imajinatu duzu,
umeei agiraka,
azkar, ez gara helduko eta,
jan galletak,
bukatu esnea,
non duzu galtzerdia.
Igogailuko ispiluan
orraztu da,
atzamarrekin.
Bi ume zintzilik dituela
irten da korrika etxetik,
erlojuari begira,
lantokira berriz berandu
heltzeko beldurrez.

Orain bakarrik doa
autobuseko leihotik urrunera begira,
etxean geratu den
katua izatea desiratuz,
sekretuan.

Karmele Jaio, 2015

Susa argitaletxearen Basquepoetry ataria.

IKUS HAU ERE

Karmele Jaio Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean .

Irudia

Wellcome images, , via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper