NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EUSKARAREN JATORRIAZ

Luis Villasante (Gernika, Bizkaia, 1920 – Oñati, Gipuzkoa, 2000)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1978

Atala: Hizkuntza

Lergako hilarria, II. mendea. Idazkunean: UMMESAHARF, hau da, "umme sahar(i) f(ilius)".


Ez daukagu hemen euskararen jatorri ezkutua argitzeko proposatu diren lan hipotesi guztien bilduma azalik ere egiterik eta, beraz, hiru teoriarik entzutetsuenak bakarrik aipatuko ditugu: teoria eusko-iberiarra, eusko-kaukasiarra, eta berberera delakoarekin bildu nahi duena.

Wilhelm von Humboldtek antzinako iberieraren hondar bat zela uste zuen, penintsulako herri inbasoreen erasotik bizirik apartatzea lortu zuena. Manuel Larramendi aitzindari zuen eusko-iberismoaren teoria honi beste izen handi asko batu zaizkio, Mogel, Astarloa, Cejador, Schuchardt eta baita Menéndez Pidal bera ere, baina iberiar idazkiak deszifratzea lortutakoan, hizkuntza honen —indoeuroparra ez zena noski— eta euskararen konparazioak ezezkoa ematen duela dirudi.

Gaur ere oraindik defentsore ospetsuak dituen beste teoria batek euskara Kaukasiako hizkuntzekin ahaidetzen du. Pablo Roca (1824-1880) antropologo frantsesa, Sur l'origine et la répartition de la langue basque (1875) liburuaren egilea izan zen Kaukasiako hizkuntzetan euskararen leinukideak zientifikoki bilatzen saiatu zena. Eusko-kaukasiar teoriak gure egunotan eusle gogorrak ditu, hala nola Georges Dumézil, René Lafon eta Karl Bouda, beste batzuen artean. Luis Mitxelenak, ordea, ez dio baliorik ematen.

Beste batzuek Afrikako hizkuntzetara jotzen dute, berbererara batez ere. Vienako K. Mukarosvky-ren teoria da hau. Irakasle jakintsu honen ustez, euskara eta berberera eIkarrengandik aislaturik geratuko ziratekeen, tartean beste hizkuntza batzuk sarturik. Inkomunikaturik eta inguru txit desberdinetan iraunik, desberdinki eboluzionatuz joan dira. Teoria honi ere muzin egiten zaio. Gainera, aise sumatzen da honen eta eusko-iberismoaren artean egon daitekeen zubia edo lotura.

Badira euskarak hazkunde lokala eduki duela uste duten autoreak ere. Hauen ustez ez dago herritik kanpora joan beharrik euskararen ahaide —guraso edo ahizpa— bila, zeren hizkuntza hau in situ sor baitzitekeen, hots, mendez mende bizi izan den lekuan bertan, nahiz eta, jakina, lur hedadura handiagoz.

Duela zazpi mila urte ingurutik letorke, hau da, Prehistoria deritzanaren azken alditik.

Baina gaur arte euskarari ahaide genetiko argirik eta duda gabekorik aurkitu ez bazaio ere, bai, ordea, izenda daitezke auzotasunezko harreman eraginkorrak.

Gerhard Rohlfs-en ustez, euskara da latinetik ez datozen europar hizkuntzetan latinak gehien eragin diona, "baina bertako hizkuntzaren indar bizia ahuldu gabe horregatik". (1) […]

Gutxiago, baina hizkuntza zelten eta arabieraren eraginak ere nabari dira. Guzti honetatik ateratzen da Euskal Herria ez dela aislamendu osoan bizi izan. Joandako mendeetan herri honi "lekore lurra" edo "tierra apartada" deitu bazitzaion ere, euskaldunak auzo herriekin erlazionatu dira, haien kultura partekatu dute eta denena izan duten europar zibilizazioaz onuratu dira.

VILLASANTE, Luis (1978). «Euskararen kanpo historia apur bat», in Euskararen liburu zuria, Bilbo: Euskaltzaindia. (154-155).

2. Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada (Mexiko, 1607). Egilea: Baltasar de Echave Orio. Euskara Babelgo dorrearen hondamenetik sortutako hizkuntza zela defendatzen zuen Echavek, Euskal Herrira Noeren iloba Tubalek ekarria.

ERREFERENTZIA

(1) ROHLFS, Gerhard (1933). «La influencia latina en la lengua y cultura vascas», Revista Internacional de Estudios Vascos 24: 323.

IKUS HAU ERE

PEREZ GAZTELU, Elixabete (2000). Luis Villasante. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

  1. Nafarroako Gobernua - Gobierno de Navarra, via Wikimedia Commons . Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.
  2. , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper