NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ETXE IZENAK ETA DEITURAK

Juan Carlos Etxegoien Juanarena “Xamar” (Garralda, Nafarroa Garaia, 1956)

Testu mota: Saioa

Garaia: 2006

Atala: Hizkuntza

Gako hitzak: deituraketxea

1. Etxebeste baserria, Usurbil (Gipuzkoa), 1940. Argazkia: Pascual Marín.


Etxea izan da euskal gizartearen oinarri eta funtsa. Etxea, familiaren bizitokia izateaz gain, lantegia, eliza eta hilerria izan da. Herriko bizitzan eskubide osoz parte hartzeko behar zen maila etxejaun edo, honen faltan, etxandre ─etxeandere─ izatea zen.

Gizarte osoa etxearen inguruan zegoen antolaturik, bai ekonomia mailan, bai eta sinesmen mailan ere. Etxea ez zen osoki unean uneko biztanleena, familia osoarena baizik, hildakoena eta sortuko zirenena ere, alegia; horregatik, garai bakoitzeko biztanleen kezka nagusia etxea eta zegozkion ondasunak ─etxaldea─ mantentzea eta, ahal izanez gero, handitzea zen, hurrengo belaunaldiei uzteko. Usadio mundu honetan etxetiarrek ezin pentsatu zuten etxea berena zenik, haiek etxearenak zirela baizik. Ideia hau zen beren jarduera guztien oinarria eta iparra. Etxeen izenek agerian uzten dute aipatu ohitura hori.

Etxeak izena du eta izen hori da, preseski, etxetiarrek hartzen dutena gainerakoengandik bereizteko; denborarekin, familiaren deitura bihurtu zen. Horrela, hasiera batean, etxeek eta beren biztanleek izen bera zuten, esan nahi baita, Iturralde etxekoak, adibidez, Iturralde zirela, jakina.

Deiturak oraindik finkatu gabe zeudelarik, Iturraldeko seme bat Zubiondo etxera ezkonduz gero, ez zen gehiago Iturralde bezala ezagutua izango, Zubiondo bezala baizik. Aurrerago, (erdal) administrazioak zabaltzen hasi zirelarik, deiturak finkatuz joan ziren udaleko eta elizako paperetan eta jadanik Iturraldeko semeak, Zubiondora ezkonduta ere, Iturralde deitura gordetzen zuen ofizialki. Horrela bereizi ziren hasieran bat zirenak: deiturak eta etxeen izenak.

Hala ere herrietan, eguneroko bizitzan, jendea maiz etxearen izenez ezagunagoa zen deituraz baino. Hau hain zen horrela non, are XX. mendearen hasieran, 18-20 urteko gazteek ez baitzuten askotan beren deitura ofiziala jakiten, armada espainol edo frantsesera joan eta erregistroetan ofizialki zein zen ikusi arte.[…]

2. Pedro Agerre Azpilkueta “Axular” idazlearen jaiotetxea Urdazubin (Nafarroa Garaia). Argazkia: Josu Goñi Etxabe.

Aitaren/amaren izena

Badirudi X-XI. mendea arte jendearen deitura sortzeko izen bat baizik ez zela erabiltzen. Garai horretan bi izen erabiltzeko joera nagusitu bide zen: gehienetan aitaren erreferentzia ─patronimikoa─ edo, gutxiagotan, amarena ─matronimikoa─ lehenengoa, eta toki edo etxearen izena bigarrena.

Lehenengoek normalean -ez, -iz eta -z (edo, ahoskeraren arabera, -etz, -itz eta -tz) bukaerak izaten zituzten. Hauen jatorriari buruzko hamaika teoria daude eta ez dago adostasunik; latinetik heldu direla dirudi eta haien esanahia garbi dago: norbaiten semea edo alaba izatea adierazten dute. Esan nahi baita, Gonzalo baten semea/alaba Gonzalez dela, Pero batena Perez edo Periz, Fernando batena Fernandez, Lope batena Lopez/Lopiz...

Horrela, izena eta bi deitura motak ─izena + patronimikoa + toki/etxe izena─ biltzen hasi zirenean, gisa honetako deitura bikoitzak sortu ziren: Johan Lopez de Abetxuko, Lope Díaz de Zerio, María Ibañez de Artazubiaga, Gonzalo Gonzalez de Baztan, Juan Periz de Etxegapare, Pero Perez de Jauregi...

Deiturak sortzeko era hau Herri osoan (Iparraldea barne, bistan da) zabaldurik egon zen XV-XVI. mendea arte eta, iritzi arruntaren kontra, ez daiteke pentsa erdal kulturarena edo erdaldunena bakarrik zenik, artxibategiek garbiki eta zabalki erakusten duten bezala: Ortiz de Latchalde (Uztaritze, 1256 urtekoa), Lopiz de Yriverry (Hiriberri, Garazi, 1249), Peritz de Guermieta (Donazaharre, 1393), Yniguez de Arostegui (Bermeo, 1456)...

Deitura bikoitzen sistema hau Araban eta Lizarra aldean mantendu da orain arte bizirik. Gainerakoetan, patronimikoak (Ortiz, Lopiz, Peritz, Velez…) baztertuz joan ziren, asko errepikatzen baitziren eta, ondorioz, jendea identifikatzeko balioa galdu zutelako. Horrela, bigarren parteak bakarrik (Latxalde, Iriberri, Germieta, Arostegi…) iraun zuen deitura gisa.

ETXEGOIEN JUANARENA, Juan Carlos “Xamar” (2006). Euskara Jendea. Arre: Pamiela. (92-93).

3. Idauze-Mendi (Zuberoa), 2011. Michel Duvert. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. Etxea eta familia. Etniker Euskalerria Taldeak.
4. Arbin etxea, Zalduondo (Araba), 2023.
5. Boliña baserria, Abadiño (Bizkaia), 2005. Rosa Mª Ardanza. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. Etxea eta familia. Etniker Euskalerria Taldeak.

IKUS HAU ERE

Juan Carlos Etxegoien “Xamar” Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. Kutxa Fototeka / KUTXATEKA / Marin Funtsa / Paco Marín. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.
  2. , via Wikimedia Commons.
  3. Etniker Euskalerria Taldeak.
  4. Euskaltzaindia.
  5. Etniker Euskalerria Taldeak.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper