NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

HIZKUNTZA-JAZARPENA ESKOLAN

Hainbat egile

Testu mota: Lekukotasuna

Garaia: 1761-2009

Atala: Hizkuntza

Euskaraz hitz egiteagatik zigortutako ume baten koadernoa, 1966. Lontxo Zubeldia ikasle bedaiotarrak (Gipuzkoa) mila aldiz kopiatu behar izan zuen “En la escuela no tengo que hablar vasco”.


ARABAKO KAPITAIN BALIENTE BATEK

Agustin Kardaberaz
(Hernani, Gipuzkoa, 1703 – Castelo de San Giovanni, Bolonia, Italia, 1770)

Hemen guraso eta maisuek falta handi bat erremediatu behar dute, eta gure euskarari oraindaino baino mesede gehiago egin: jendeen artean beste lenguajerik euskara baino ditxa gabeagorik ez da ikusi, eta, gure jatorrizko edo jaiotzako hizkera ez balitz bezala, eta euskaraz hitz egitea bekaturik handiena balitz bezala, giza artetik kendu eta lurpean hondatu nahi dute, eta eskoletan sortija edo sinalearekin, azote eta kastiguarekin, eragotzi nahi dute: Zer erokeria itsuagorik hau baino? Euskaldun prestuak, ez arren horrelako ofentsarik zuen lehenengo eta beti behar duzuen euskarari egin. Zuen juizioa non da? Euskalerrietan nola gauza onik izango da?

Araban nenbilen batean, hango adiskide eta Erregeren Guardietako kapitain baliente batek behin esan zidan: “Aita, nola euskal herrietan umeen haziera ona eta behar den dotrinarik izango da, baldin euskara hondatzeko ahalegin guztiak egiten badira, eta gure mutiltxo edo haurrei, beldur eta azotearekin, euskaraz hitz egitea eragozten bazaie?”.

KARDABERAZ, Agustin (1761). Eusqueraren berri onac. Iruñean Libruguille Antonio Castilla-ren echean. (17).


DURANGOKO ESKOLA UMEAK, 1802

Wilhelm von Humboldt
(Postdam, 1767 – Tegel, 1835)

Maisuak eraztuna ematen dio astearen hasieran umeren bati. Ume honek erregea du izena. Erne egon behar du umeetan nork egiten duen hitzen bat euskaraz eskolan edo eskolatik lekora eskolako besteren batekin, eta eraztuna ematen dio. Honek berriz kontu berari egon behar du erne, eta eraztuna eman, eta horrela batak besteari.

Astearen amaieran maisuak eraztunaren galde egiten du, eta nor eta nor diren elkarri eman diotenak. Hauek denak besoak gurutze jarri behar dira, atorra atzealdetik jaso eta zigorra ematen zaie. Horrela gorroto hartzen diote beren naturari.

Baina eskolako umeek saihestu egiten dute debekua. Baten batek zer edo zer esan nahi baldin badio inori, zuhaitzari esaten dio, izarrari, eta gisa berean erantzuten dio besteak.

EUSKO IKASKUNTZA (1925). «Guillermo de Humboldt y el País Vasco» in IZAGIRRE, Koldo (2010). Autopsiarako frogak. Zarautz: Susa. (266-267).


ERAZTUNAREN HELBURU BIKOITZA

Jose Migel Barandiaran
(Ataun, Gipuzkoa, 1889-1991)

Don Manuel Arresek —irakasleak— euskaraz hitz egiten harrapatzen zuen ikasleari eraztuna jartzen zion, eta eraztun hori ikaslez ikasle pasatzen zen hutsegiteak egin ahala. Gu, orduan, beldur ginen eraztuna poltsikoan zuen ikaskidearengana hurbiltzeko. Izan ere, ikaskide hori nahita euskaraz mintza baitzitekeen gurekin, guri hutsegitea eginarazteko eta zoritxarreko eraztun hori guri emateko. Eraztuna zuenari ihes egiten genion. Gauzak horrela, eraztunak helburu bikoitza betetzen zuen: eraztuna zuena bakarrik sentiarazten zuen, ikaskideak harengana hurbiltzeko beldur baitziren, eta bestalde, egurra jasotzeko beldurra ere hor zegoen, asteburuan eraztuna zuena zigortuta geratzen baitzen.

Jose Migel Barandiaranek Martin Ugalderi 1974an kontatutakoa. “Euskararen debekua”, Wikipedia.


ZOZOA

Eskola orduetan, gelan bertan ahapetik edo inguruko eremuan, atsedenaldietan, lagunen zelatan ibili behar du eraztundunak. Edo lakioak paratzen. Hona zer egin dioten Patxi dohakabeari:

Neuk euskaraz egitearren hark egin zidan egitekoa! Un nido tengo!, erdaraz esan zidan, un nido más hermoso…! De qué?, itaundu nion nik, eta berak, “De esos pájaros negros… Cómo es pues?... Cómo es pues? Eta nik, kirten honek, “Zozoak”, esan nion kokolo bat eginik. Eta berak orduan, Tómate anillo esan, eta anilloa eman zidan.

Umeendako antzerkitxo bateko pasartea da. Ez dakar sinadurarik, baina Resurreccion Azkuerena izan liteke, ageri den aldizkariaren sortzaile, zuzendari eta idazle nagusia izan zenez.

EUSKALTZALE (1898). «Sasi-eskola. Atal bateko eresi-erausi umeentzakoa» in IZAGIRRE, Koldo (2010). Autopsiarako frogak. Zarautz: Susa. (15).


EMETERIO ARRESE TOLOSAKO ESKOLAPIOETAN

Emeterio Arrese
(Ibarra, Gipuzkoa, 1869-1954)

Jose María Donosty, Gipuzkoako hiriburu frankistako kronista ofiziala, probintzia bisitatzen ari da 1944ko abuztuan. Maite ditu lekuak, lekuen historia eta historiaren lekukoak. Emeterio Arrese lagun daramala doa Tolosatik Ibarrarako bide zaharrean barrena, poetaren aitona eta poeta bera umetan bizi izan ziren Madariaga jauregia ikusteko asmoz.

¡Pobre Emeterio Arrese! Allí sentados, el poeta y el hombre —el hombre tan hombre que había en él— pasaron implacable revista, en cinematográfica visión, llena de melancolía, a las efemérides de su propia y más íntima existencia en la hora triste y tardía del ocaso. Recordaba como las más bellas, puras, poéticas e inefables horas de su existencia las que se deslizaron en Madariaga, justamente. Pero aun estas estaban ensombrecidas por penosos recuerdos: las muertes sucesivas de su viejo abuelo, de su padre, loco, y de su hermano, joven todavía, y las humillaciones y vejámenes que hubo de sufrir a su paso por el Colegio de los Escolapios, donde se le obligaba a hacer una cruz en el suelo con la lengua cada vez que esta se expresaba en vascuence.

DONOSTY, Jose Maria (1969). «Temas pueblos y paisajes de Guipúzcoa» in IZAGIRRE, Koldo (2010). Autopsiarako frogak. Zarautz: Susa. (18-19).


HAZPARNEN

Piarres Larzabal
(Azkaine, Lapurdi, 1915 – Ziburu, Lapurdi, 1988)

Euskaltzain oso izendatu zuten Piarres Larzabal 1963an. Bere biziaren berri eman zuen sarrerako hitzaldian:

Bai, eskerrak zor dizkiet Hazparneko ikastetxean irakasle ukan ditudan apaizei. Etxe honetan sartu nintzelarik hamaika urtetan, horko apaizek gain-gainetik debekatzen ziguten euskaraz mintzatzea! Eskola bakoitzak bazeukan ziri-mutur bat, “anti” ´[anti-basque] bataiatua… “Anti” hura, euskaraz mintzatzen zenari eskurat ematen genion, eta nork ere hura izaten baitzuen arratsean berekin, hark behar zuen berrogeita hamar aldiz idatzi erranbide hauxe: “Je ne parlerai pas en basque”. […]

LARZABAL, Piarres (1995). «Idazlanak VI» in IZAGIRRE, Koldo (2010). Autopsiarako frogak. Zarautz: Susa. (26-27).


SENPEREN

Honorine Borthaire “Chipy”
(Senpere, Lapurdi, 1919-2015)

Eskola frantsesez zen eta errekreazionean, ardoisea [arbela] eskuetan, euskaraz mintzatzen zenari eman ardoisea; eta eskolarat sartzean hura zuena, punizionea [zigorra].

Ez ginen trebe frantsesean; eta, trebatzeko, obligatzen gintuzten eskola barnean, eta euskaraz mintzo zenari ardoisea pasa, hark zuen punizionea. Orduan, orduko gisa. Zer nahi duzu?

Bakoitzak bere gisako punizionea: garbitze, zenbait lan…

Ez ginen, ba, trebe. Hitz bat ez genekien eskolan sartzean, zazpi urtetan. Ez etxean, ez karrikan, hitz bat ez genuen aditzen!

Mayi Altzuaga Valencia
(Senpere, Lapurdi, 1923)

Eskola, frantsesez, ez ginen libro euskaraz mintzatzea. L’anti hura baldin bazen… Zortzi urte hurbil nituen. Non ikasiko genuen frantsesa? Ez zen ikasten lehenago. Sufritzen zen, ez genuen fitsik konprenitzen. Hastean, ezin ikas, ez genekien, gauza guti ikasi dugu.

Beti debrouillatu [moldatu] naiz, halere!

DOLOSOR, Franck (2009). Senperetik Senperera. Begirada bat XX. mendeari. Donostia: Elkar. (110. eta 112).


GUK MAKILA HARTU GENUEN ETA ERAZTUNA ERABILI

Jose Maria Satrustegi
(Arruazu, Nafarroa Garaia, 1930 – Iruñea, Nafarroa Garaia, 2003)

Gerra ostean aipatzerik ere ez zegoen euskararen arazorik. Guk makila hartu genuen eta eraztuna erabili dugu euskaraz hitz egiteagatik. Gurasoei presio handia egin zitzaien guri euskaraz ez egiteko, eragozpena zela eskolarako. Eta gerra ondoko trauma horiek guztiek lor jota utzi zuten gure herria eta gure euskara. Ni seminarioan nengoenean ere, beldurra genuen, zigortuak ginen, eta euskara baztertu nuen nik han. Seminariotik Luzaidera joan nintzen eta han euskara ikasi behar izan nuen, ez bainuen deus ulertzen hasieran. Eta han konturatu nintzen zer aberastasuna zegoen herrian.

Egunkariaren “Nafarkaria” gehigarria, 1997-02-28, 4.-5. or. (Luis Azanzaren elkarrizketa).


HAU GERTATU DA, HAIN ZUZEN ERE, EUSKAL HERRIAN

Jose Maria Satrustegi
(Arruazu, Nafarroa Garaia, 1930 – Iruñea, Nafarroa Garaia, 2003)

Ikasgelan euskaraz hitz egitea erabat debekaturik egon ohi zen, eta berdin atsedenaldietan.

Zenbat haurretan ez du ikastaroko eraztun beldurgarriak oroitzapen mingarria utzi? Irakaslea herritarra suertatzen zen tokietan makurrago izaten zen askotan. Gizaldi askotan maisu arrotzek lortu ez zutena egin zuen nire herrian bertako errotariaren semeak. […] Banan-banaka gurasoak hartu eta etxean haurrei euskararik ez egiteko sartzen zien buruan. Bere eskuetatik igaro zen gizartearen euskal giroa eta euskara zainetik kentzea lortu zuen gizon honek.

Nafarroan nik ezagutu dudan zapalketarik gogorrenetakoa beste herri batean maisuak egiten zuena da. Ergoiena herrian, denak euskaldunak diren lekuan, eskolan euskaraz hitz egiteagatik jo egiten zituen haurrak. Neu joan nintzen zer gertatzen zen ikustera, eta hamahiru urteko mutiko bat ikusi nuen maisuak buruan irekitako zuloa urte batean itxi gabe zeukana. Bere amak aitortu zidan egunean bi garbiketa egiten zizkiola sendagileak agindutako erremedioez. Herriko maisuak aho biziko erregelarekin irekitako zauria omen zuen. Haurrak minberatzeko ezin esan diren bidegabekeriez baliatzen zen.

Beste neska bati konpasaren orratz bien muturrekin estutu zion mihia, eta mihi azpiko lokarria eten. Bere amaren aitortza da, eta odola zeriola bidali omen zuen gero etxera. Behin eta berriz Inspekziora salakuntza egina zuten, baina ez kentzen. Legez auzitara eramateko mehatxuarekin lekuarazi zuten.

Kontuan izan gaur gaurko gertakizunez ari garela, 1968an gertatuez, alegia.

Bai hizkuntzaren aurka egiten den politikak, hala nola hizkuntza horretan mintzatzen direnen politika ezak, ofizialtasunik gabeko mintzaira ezeztatzera daramate.

Aurkako giroak, hala ere, badu bere alderdi ona: begiak irekitzen dizkio herriari eta harresiak sortzen, galtzera zihoan hizkuntzari hiltzen ez uzteko; politizatu egiten da gauza, zaletasuna piztu eta, hitz batean esateko, iraupenaren bidean jartzen du hizkuntza.

Hau gertatu da, hain zuzen ere, Euskal Herrian.

SATRUSTEGI, Jose Maria (1978). Euskararen liburu zuria. Bilbo: Euskaltzaindia. (319).

IKUS HAU ERE

Jose Migel Barandiaranen lekukotza. Elkarrizketatzailea: Manu Leguineche. Iturria: Manu Leguinecheren artxiboa.

Irudia

1. Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper