NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

DESAGERTZEKO ARRISKUAN DAUDEN HIZKUNTZAK

Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961)

Testu mota: Saioa

Garaia: 2019

Atala: Hizkuntza

Ethnologue-ren mapa interaktiboa, hemen.


Oso egoera desberdinetan dauden hizkuntzak sartzen dira multzo honetan. Baina denek dute komunean babes edota hiztun gutxiko hizkuntzak izatea. Unescok bere sailkapenean azaltzen duen bezala, badira arriskuan daudenak, arrisku bizian daudenak, egoera kritikoa nozitzen dutenak eta desagertuak.

Iturria: www.ethnologue.com

Hauen artean, batzuk zahar belaunaldiek bakarrik hitz egiten dituzte. Beste kasu batzuetan, nahiz eta oso bizirik egon, oso hiztun gutxi dituzte (Amazonian, Afrikan edo Papuan asko daude egoera horietan) eta edozein inbasio, gerra, bizimodu-aldaketa edo sarraski naturalek desagerraraz ditzake. Ez dira denak desagertuko mende honetan (hala espero dugu!), baina denak daude, nolabait, sozialki desagertzeko arriskuan (hiztun bakanak geratu arren).

Estatu edo inperio zentralista eta bateratzaileek estrategia asko erabili izan dituzte hizkuntza-komunitateak deuseztatu eta desagerrarazteko: debekuak, komunitateen suntsiketak eta leku-aldaketak, haurren bahiketak eta deserrotzeak, inbasioak, gutxiengotze demografikorako estrategiak, gutxiespenak… Hizkuntza-komunitate askok ezin izan diote aurre egin “indarraren legea”ri. Eta estrategia horiek gabe ere, desoreka demografiko edo teknologiko hutsak edo premia ekonomikoak asko ari dira zailtzen munduko hizkuntza frankoren biziraupena.

Ohargarria da, bestalde, eleaniztasunaren eta biodibertsitatearen artean dagoen lotura. Biodibertsitate gehien duten inguruetan (tropikoan) pilatzen dira munduko hizkuntza gehienak, eta Unescok (1) ohartarazi duen bezala, hizkuntzen galerak ere eragin negatiboa du biodibertsitatean, besteak beste, izenen, esaera zaharren edo ahozko tradizioen araberako taxonomiek eskainitako informazioari esker salbatu izan dituztelako arriskuan zeuden espezieak, edo lurraldeak ekologikoki berreskuratu. Bestalde, klima aldaketaren ondorioz gerta daitezkeen populazio-mugimenduek hainbat hizkuntza-komunitateren desagerpena eragin dezakete.

Hizkuntza hauen artean, Ethnologueren arabera, badira 10 hiztun baino gutxiago dituzten 114. Kasu askotan, azken hiztun hauek oso kontzienteak dira beren mintzoa eta beren kultura beraiekin batera desagertuko direla (Mariano Mendigatxa eta Fidela Bernat gogoan!). Hizkuntza horiek dokumentatzeko hainbat egitasmo dago munduan zehar. Esate baterako, ELDP delakoa (Endangered Languages Documentation Programme).

Belen Marko, «Fidela Bernat: tenpra gaixtoak eraman duen Uztarrozeko euskalduna. Erronkarieraz mintzatzen zekien hondarreko "uskalduna" zen beharbada», Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka, 1991-02-13.

Azken hiztun hauen inguruko hamaika artikulu eta dokumental aurkitu daiteke sarean. Batzuk aipatzearren, Peruko Kultura Ministerioak sustatutako Amadeo García, la voz de los taushiro (Amazoniako atontu’tua hizkuntzaren azken hiztunari buruz), Txileko telebistako Indígenas notables programak Patagoniako hegoaldeko yagan hizkuntzaren azken hiztuna den Cristina Calderóni 2018an eskainitako atala, edo Kaliforniako zenbait hizkuntzaren azken hiztunen lekukotzak jaso dituen Language keepers egitasmoaren barrukoak, adibidez, wukchumnieraren azken hiztun Marie Wilcoxi buruzkoa.

“Azken hiztunen” inguruko istorio hunkigarri asko, ordea, ez dira etnozidio baten ondorio gisa aurkezten, munduaren garapenaren saihetsezinezko albo-kalte gisa baizik. Gizateriaren kultur ondarearen galera gisa erakusten dira, eta oso gutxitan giza eskubideen urraketatzat. Eta horrelakorik berriro errepika ez dadin hartu beharreko neurrien inguruko hausnarketak baino gehiago, ikuspegi folkloriko-paternalistak gailendu ohi dira artikulu eta dokumental askotan.

Nolanahi ere, euskal hiztun gisa, ez dugu asko irakurri edo entzun behar, azken hiztun horien hausnarketa eta kontaketetan, gure komunitateak sufritutako jazarpen edo gutxiespen-mekanismoen antzekoak topatzeko. Historia garai edo leku gehiegitan errepikatu da hizkuntza gutxituei dagokienez.

AMONARRIZ, Kike (2019). Euskararen bidegurutzetik. Donostia: Elkar. (34-36).

ERREFERENTZIA

(1) Unesco: Biodiversidad y diversidad lingüística. www.unesco.org

IKUS HAU ERE

Fidela Bernaten audioak, hemen.

Fidela Bernaten biloba Jone Alastuey Garcíari egindako elkarrizketa, hemen.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper