NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

XALBADORREN HERIOTZEAN

Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 – Donostia, Gipuzkoa, 2010)

1. Jorge Oteizak Aita Donostiari eskainitako monolitoa Agina mendian
(Lesaka, Nafarroa Garaia).


XALBADOR GOGOAN

Xalbadorrekin ez nuen harreman pertsonal handirik izan, baina niretzat oso pertsona hunkigarria zen eta nahiko misteriotsua ere bai. Eta joan zenean, oso umezurtz bezala sentitu nintzen eta galdera hori izan nuen: “Joan haiz, joan duk Urepelego artzaina, mendi hegaletan gora alde egin dik, nora joan ote da? Nora ezkutatu ote zaigu? Guri begira ote dago?”.

Kanta honekin, badakit ez dela egokia, baina batzuetan neroni ere hunkitu egiten naiz, eta zergatik? Ba burura ekartzen dizkit, Xalbador bezala, maitagarriak ziren pertsonak, maite nituenak eta joan zirenak, nire aita zena adibidez, eta egia esan, hilezkortasunik baldin bada, ba horretarako nahiko nuke, maite izan nituen pertsona hauek, Xalbador bezalako pertsona hauek, nonbait egunen batean hor, batzuetan, belaze eder batzuetan topatu ahal izateko. Nik hori nahiko nuke izan dadin hilezkortasuna. Eta horregatik hunkitu egiten naute, ez hitzek eta ez kantak, baizik Xalbadorri buruzko gogorapenek eta oroitzapenek, eta bera bezala maite nituen eta joan ziren pertsonenek.

Badago Oiartzundik Lesakarako bidean, karreteran, Agina mendixkan, monolito bat oso bikaina, oso hunkigarria; kaperatxo bat eta Oteizak Aita Donostiari eskaini zion monolito bat. Eta monolito haren atzeko aldean esaldi bat dago beti Xalbadorrekin erlazionatzen dudana […]. Kanta zahar batetik hartutako esaldia da: “Xori kantazale ederra, non ote haiz kantatzen?”.


Arantxa Artza (Euskadi Irratiko elkarrizketa, 2000-12-24), in MUJIKA IRAOLA, Inazio (2011).

Xabier Lete. (Auto)biografia bat. Irun: Alberdania. (103-104).

2. Fernando Aire Etxart Xalbador
(Urepele, Nafarroa Beherea, 1920-1976 )

XALBADORREN HERIOTZEAN

Adiskide bat bazen orotan bihozbera,
poesiaren hegoek,
sentimenduzko bertsoek, antzaldatzen zutena.
Plazetako kantari, bakardadez josia,
hitzen lihoa iruten
bere barnean irauten oinazez ikasia.

Nun hago, zer larretan,
Urepeleko artzaina,
mendi-hegaletan gora
oroitzapen den gerora
ihesetan joan hintzena...

Hesia urraturik libratu huen kanta,
lotura guztietatik,
gorputzaren mugetatik, aske sentitu nahirik,
azken hatsa huela bertsorik sakonena,
nehoiz esan ezin diren
estalitako egien oihurik bortitzena.

Lore bat, zauri bat, 1978.

Maite izan zituen pertsonekin elkartu nahi zuen Letek han nonbait, larre eder batzuetan. Urepeleko artzainarekin, eta baita berak musikatutako “Izotz-ondoko eguzki” edo “Ondar gorri” bezalako kanta ederren egilearekin ere, Jose Maria Agirre “Lizardi” poetarekin. Leteren kantako “Nun hago, zer larretan…?” oihuak Lizardiren heriotzaren oihartzuna dakar. Izan ere, oihu bera jaulki zuen Nikolas Ormaetxea “Orixe”k Lizardi adiskidea hil berritan: “Non hago? Non haut?”.

3. Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi
(Zarautz, Gipuzkoa, 1896 - Tolosa, Gipuzkoa, 1933)

Beti lagun

Non nago? Non haut? Ez ote da hauxe
neretzat Tolosa?
Ez al dezaket entzun berriro
mintzo goxo haren hotsa?
Bego negarra, lurrindu bedi
begian malko mingotsa,
halere ez huke nik hiregatik
negar egitea, lotsa.

ORMAETXEA, Nikolas “Orixe” (2000).

Orixe, XX. Mendeko Poesia Kaierak. Zarautz: Susa.

Idazleen arteko elkarrizketa horretan, Lete, Xalbador, Lizardi, Orixe, laurak zituen gogoan Bernardo Atxagak, Mikel Laboari Agina mendian eskainitako azken agurrean “Beti lagun” poema irakurri zuenean.

Mikel Laboa (Donostia, 1934 – 2008)
https://www.youtube.com/watch?v=gKqRNXsB8ug

Beti lagun

Orixe Lizardiren heriotzan galdezka 1933. urtean:
Non hago? Non haugu?
Ez ote da hauxe guretzat lehengo herria?
Non hago? Non haugu? Bego negarra…
Ani, aine, nei, nei aini...
Beti lagun, lurrindu bedi begian malko mingotsa,
hala ere, ez huke guk hiregatik negar egitea lotsa…
Ani, aine, nei, nei aini...
Orixe Lizardiren heriotzan, gu Mikel Laboarenean,
2008ko abenduaren batean. Beti lagun.
Ez ote da hauxe guretzat lehengo herria? Bego negarra.
Ani, aine, nei, nei aini... Beti lagun.
Non hago, zer larretan, Urepeleko artzainarekin? Beti lagun.
2008ko abenduaren batean,
hala ere, ez litzateke lotsa guk hiregatik negar egitea.
Ani, aine, nei, nei aini... Beti lagun.
Non hago? Non haugu?
Orixek Lizardiri eta guk Mikel Laboari. Beti lagun
Non hago, zer larretan… Beti lagun.
Bego negarra.
Ani, aine, nei, nei aini...
Beti lagun,
beti lagun,
beti lagun!

Bernardo Atxaga, 2008

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper