Glasgowtik, 1915eko maiatzaren 11n
...Itsaso arriskuz betekotik goaz, baina Ama Birjina da gure alde, eta orain arte legez helduko gara gu ostera ere goazen tokira hari eskerrak.
Ibaian behera goaz, eta ibai ertzetako ontzioletan ez da besterik ageri gudaontzi berria baino. John Brown & Co. ontziolan daude oraindino uretara jaurti barik lau itsaspeko eta lau kanoi-ontzi, eta uretan korazatu bat guztiz handi eta ederra, gertu noiznahi irteteko. Bere albotxoan beste dreadnought bi, gutxi falta zaiela amaitzeko. Horietaz gainera daude lau kanoi-ontzi eta bi itsaspeko gertu gudara joateko.
John Brown & Co. ontziola baino itsasorago dago Deaslow deritzon beste ontziola bat, eta hemen daude ia amaituan lau kanoi-ontzi, korazatu bat eta itsaspeko bat. Eta uretan, gudarako gertu, dreadnought bat eta lantxa kanoidunak. Deaslow ontziola utzi atzetik eta berehala aurkitzen da Glasgow Corporation Bewage Purification Works deritzon fabrika handia. Hau utzi eta beste ontziola bat dago eskumatik; bertan lau zamaontzi egiten dihardute. Gerotxoago idorotzen ditugu ibai ertzean haitz handi baten atzetxoan beste ontziola bi. Bertan ageri dira hor hamabiren bat ontzi berri, uretan eta lehorrean, seguru ez dakit gudaontziak ala merkanteak diren.
Hau utzi atzetik eta agertzen zaizkigu hainbat baserri-etxe, eta ibaiertzean hainbat ardi, txahal, oilo eta faisan deritzen hegaztiak. Baserriok uzteaz batera agertzen dira hiri alai eder bi ezkerretik eta eskumatik etxe eder eta zuhaitzez beteriko kaleekin.
Horiek atzetik ditugu agertzen garenean ostera ere hainbat ontziola eta fabrika dagoen herri eder batera. Bertan dakuskigu hainbat bidaiari-ontzi eta osterantzekoak. Hiri eder honetatik igarotzean alaiek dihardute jotzen eliza denetan. Bederatziak dira.
Hamarretan irten gara itsaso zabalera, eta hantxe gelditurik utzi dugu , berari emanik geure eskutitzak sendientzat, eta zuentzat, abertzale anaientzat. Idazkitxo hau ere berak daroa. Uste dut jaurtiko duela idazki-kutxara.
Agur ba neure kutunak, Genovara arte, Jaungoikoak nahi badu.
Oraingoxe daramatzagu eskegita geure txanelak, gertu ezer jazoko balitz.
BILBAO, Juan Bautista “Batxi” (1997). Hau mundu arrano hau. [Edizioa: Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirre]. Zarautz: Susa.
Egile berarenak: Ingalaterran zer berri
Ikus hau ere
Juan Bautista Bilbao Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.
Irudiak
- Royal Navy official photographer , via Wikimedia Commons.
- , via Wikimedia Commons.
- , via Wikimedia Commons.