Plazaberri

2008 - 09 - 12      57. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
III. ONOMASTIKA JARDUNALDIEN AGIRIAK LIBURUA KALEAN DA GASTEIZKO URREZKO DOMINA HENRIKE KNÖRRI
Hitzarmenak
BERGARAKO IRIGOYEN PATRONATUA
Batzordeak lanean
UZEIREKIKO HITZARMENAREN JARRAIPEN BATZORDEA
Erreseinak
KONTRAKO BIDEAN HITZAK ORBAINETAN TXOMIN PEILLENEN JENDE EDERRAK LANEAN

Berriak

III. Onomastika Jardunaldien agiriak liburua kalean da

Uztailaren 30ean, III. Onomastika Jardunaldien agiriak (Lizarra, 1990eko iraila) liburua kaleratu zuen Euskaltzaindiak. Egun horretan, egoitzan egin zen ekitaldi batean, eskura eman zitzaien ale bana hauei:

- Txari Santiagori -Henrike Knörren alargunari- eta Eneko Knörri, Henrikeren semeari, Henrike Knörr izan baitzen argitalpen honen arduradun.

- Maria Ángeles Líbanori, argitalpena gainbegiratzen Henrike Knörri lagundu zionari.

Esan bezala, Henrike Knörr zenak egin zituen liburu honen koordinazio lanak, Maria Angeles Líbanoren laguntzaz. Knörrek berak sortu zuen Akademiaren Onomasticon Vasconiae bildumaren zazpigarren zenbaki hau inprimategiko bidean utzita hil zen, eta ez zuen ikusi argitaratuta. Hori dela eta, zabaltzen hasi baino lehen, Akademiak Henrikeren familiari eman nahi izan zion liburua, baita Líbanori ere. Iker sailburua zena gogoan edukitzeko ekitaldi xumea izan zen.

Ekitaldian, aipaturikoez gain, hauek izan ziren: Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Andres Iñigo, Manu Ruiz Urrestarazu, Ricardo Badiola, Pello Telleria eta Jon Artza.



III. Onomastika Jardunaldien agiriak (Lizarra, 1990eko iraila) Akademiaren Onomasticon Vasconiae bildumaren 7. liburua da. Liburu horrek, 1990eko irailean burutu ziren III. Onomastika Jardunaldietan aurkeztutako ponentzia eta komunikazio guztiak biltzen ditu. Lizarran egin ziren, herri horren Foruaren 900. urteurrenaren ospakizunekin bat eginez eta bertako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesaz.

Guztira, 27 lan jaso dira, Europa mailako aditu eta ikerlari puntakoen eskutik. Horietarik askok Lizarrerriko toponimia dute hizpide -euskarak eskualdean izan zuen bilakaera historikoa ere azaldu zuen Jose Mari Satrustegi zenak-, baina beste ikerketa-arlo batzuk ere nabarmendu daitezke.

Liburuaren aurkezpenan azpimarratzen den bezala, "Lizarra XI. mendetik aurrera bizi handiko ingurunea izan zen, batez ere jatorri ezberdineko zenbait komunitatek bertan bat egin zutelako, eta horrek eragin zuzena izan zuen, bai politikan eta bai hizkuntzan ere". Testuinguru hori aintzat hartuta, honako gaiak jorratzen dituzte hainbat artikuluk: Lizarrako frankoen onomastika, Erdi Aroko kulturak toponimian izan zuen eragina, toponimiaren bilakaera Goi Erdi Aroan, edota X. mendeko Iruñeko antroponimia.

Gai-esparru nagusi bi horietaz gain, bestelako ponentziak ere aipagarriak dira, hala nola, euskararen mugaren barruan izan ziren eremuetako -Galdames, Ezcaray edo Goi Aragoi- toponimiari eskainitakoak, edota Euskal Herriko eta Balkanetako toponimia eta etnografia aztergai dituena, besteak beste.

Liburuaren aurkibidea

Liburuaren aurkezpena

Ondorioak

Liburua eskuratzeko

Gasteizko Urrezko Domina Henrike Knörri

Abuztuaren 5ean, Andra Mari Zuriaren egunean, Gasteizko Udalak Urrezko Domina eman zion Henrike Knörri. Domina Txari Santiago Henrike zenaren emazteak jaso zuen, ekitaldi hungikarri batean.

Euskaltzaindiaren aldetik, hauek izan ziren: Andres Urrutia euskaltzainburua; Jose Luis Lizundia diruzaina; Andres Iñigo Jagon sailburua; Miren Azkarate eta Joseba Lakarra euskaltzain osoak; Manu Ruiz Urrestarazu, Arabako ordezkaria; Gidor Bilbao, Pruden Gartzia eta Peli Martin Latorre euskaltzain urgazleak; eta Jose Antonio Gonzalez Salazar eta Elena Martinez de Madina batzordekideak.

Argazkian, Txari Santiago Patxi Lazcoz Gasteizko alkatearen eskutik domina jasotzen.

Manu Ruiz Urrestarazu Arabako ordezkariaren artikulua

Hitzarmenak

Bergarako Irigoyen Patronatua

Irailaren 5ean, Bergarako Irigoyen Patronatuaren eta Euskaltzaindiaren arteko akordioa sinatu zen, herri horretan euskararen aldeko ekintzak bultzatzeko asmoz. Akordio horren arabera, eta Bergarako euskara eta euskal kultura sustatze aldera, Euskaltzaindiak urtero bultzatuko du Bergarako herriko euskalgintza alorrean eragitea edo babestea merezi duen ekintzaren bat.

Irigoyen Patronatuaren sorrerak Jose Mari Irigoyen euskaltzale zenarekin lotura zuzena du. Irigoyenek bere testamentuan, zenbait ondasun utzi zizkion Bergarako herriari, bertan euskara eta euskal kultura bultzatzeko. Asmo hori aurrera eramateko, Irigoyen Patronatua izeneko batzorde bat eratu zen, herriko kultura-elkarteetako kideez osaturik. Horren ekimenez, ordutik aurrera hainbat kultura-ekintza bultzatu dira Bergaran.

Orain, lanean jarraitzeko zenbait zailtasun sortu direla ikusirik, Jose Ramon Irigoyen eta Miren Goñi batzordekideek batzordea desegin eta gelditzen den diru-funtsaren titulartasuna erakunde baten esku utzi nahi izan dute. Erakunde hori Euskaltzaindia da eta, esan bezala, Bergarako euskalgintzaren aldeko ekintzetan erabiliko du diru hori.

Batzordeak lanean

UZEIrekiko hitzarmenaren Jarraipen Batzordea

Azken urteotako elkar-lanarekin jarraituz, aurten ere lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk. Hitzarmen horren Jarraipen Batzordea UZEIren egoitzan bildu zen uztailaren 22an. Aurtengo hitzarmenean jaso diren eginkizunak nola gauzatzen ari diren aztertu da bilera horretan.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Pello Telleria, Juan Jose Zearreta, Miriam Urkia eta Imanol Urbieta.

Erreseinak

Kontrako bidean

Argia astekariaren 2.147. zenbakian (2008-7-27) Pilar Iparragirrek egiten duen "Liburutegia" atalean, Pablo Barrioren Kontrako bidean liburua aipatzen da.

Lan honek 2007ko Toribio Altzaga antzerki saria eskuratu zuen, Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatutako lehiaketan.

Argia astekariaren aipamena

Liburua eskuratzeko



Hitzak orbainetan

Bestalde, 2008ko irailaren 5eko El Diario Vasco egunkariaren ostiraleko gehigarrian, literaturari eskainitako atalean, Euskaltzaindiak eta BBK-k argitara emandako Karmele Igartuaren Hitzak orbainetan liburuaren berri ematen da.

Lan honek 2007ko Felipe Arrese Beitia olerki saria eskuratu zuen.

El Diario Vasco egunkariaren aipamena

Liburua eskuratzeko



Txomin Peillenen Jende ederrak lanean

Azkenik, Argia astekariaren 2.149. zenbakian (2008-9-7), Pilar Iparragirreren "Liburutegia" atal berean, Txomin Peillenen Jende ederrak lanean liburua komentatzen da. Gainera, Peillenekin berarekin hitz egin du astekariak.

Utriusqe Vasconiae argitaletxeak publikatu du Txomin Peillenen azken liburua. Ipuinez osatua dago.

Peillen: "Zoritxarrez edo zorionez ezagutu ditudanak agertzen dira liburuan"