Aita Ameriketan aberastu ondoren, Euskal Herrira itzuli eta bera baino askoz ere gazteagoa zen andre batekin ezkondutakoa zen. Bost seme-alaba izan zituzten, azkena Pierre; ez zuen, ordea, aita ezagutu, bera jaio baino hilabete lehenago, hain juxtu ere, hil zitzaiolako aita. Ama handik sei urtera berriz ere ezkondu zen, Baionan, militar frantses batekin, eta berehala umeak kanpora igorri zituzten, barnetegietan ikastera. Jende aberatsa izan zen beti, gizarte-maila onekoa. Ondorioz, sei urte zituelarik Hazparne utzi zuen eta, berrogei urterekin itzuli zen herrira. Hala eta guztiz ere, herria eta hizkuntza ez zituen inoiz erabat ahaztu; honela esan zion gutunez euskaltzain-karguan bere ondorengo izango zen Georges Lacomberi:
«Hogoi urtetan eskuara guti nakien, sei edo zazpi urte arteo haurrek ikasten duten poxi hura ikasirik eta gero eskolan hoinbertze urte egonik, eskuaraz batere mintzatu gabe. Ene amaren belaunetan ikasiriko mintzaia hainbertze nuen arroztua nun ahalge bainintzen eskuaraz aritzeko. Orduan buruan ezarri nuen behar nuela ikasi eta emeki emeki hartan trebatu niz, ez ordean frantsesean bezenbat. Hasteko liburu eskuarak irakurtu nituen, atxeman ahalak oro, eta gero eskualzale arrotzek eskuararen gainetik izkiriatu dituzten liburuak eskuratu nituen [...] bertzeen liburuen irakurtzeak irakatsi daut zoin ederra den gure mintzaire zaharra eta hola piztu zaut harentzat dudan amodio bizia. Gogoak eta eskolak emaiten dauteten zioaz bestalde, bertze bat badut eskuararen maitatzeko, hau da Eskualherriko gauza guzientzat dudan maitatze beroa, irrintzinatik hasirik eta pilotaraino, ezen badirudit ene aspaldiko arbaso guzien mintzoak bat egiten dutela ene bihotzean, harrabots handi batekin oihu eginez eta erranez: Eskualduna hiz, gu hire egile guziak Eskualdunak ginen, Eskualduntasuna maitatu behar duk!! Bai, segurki, ene arbaso maiteak, zien manuari jarraikiren natzayo…» [Euskera, 2. zk., (1920-1921), 52. or.].
Oinarrizko ikasketak Larresoron, Akizen eta Bordelen eginda, Parisa joan zen Medikuntza ikastera. Ia hogei urte eman zituen Parisen (1880-1899), formalki ikasle gisa, baina badirudi lehen zazpi urtean amaitu hurren zuela karrera eta mediku-tesia aurkeztea baino ez zuela falta; horrexetan eman zituen hurrengo hamabi urteak, Parisen beti. Hala ere, 1898an mediku-lanpostu bat gelditu zen libre Hazparnen eta, behin tesia amaituta, berehala jaioterrian jarri zen lanean. Handik bost urtera ezkondu zen eta bi alaba izan zituen, Maddalen eta Jenofa. Herri tarro baina hala ere erabat euskaldunean, mediku baten bizimodu arrunta izan zuen: pazienteak ugari eta hiri handietako burrundararik ez.
Hiru aldetatik azter daiteke haren bizitza, hots, mediku, euskaltzale eta politikari gisa. Badirudi hiruron «seaska» Parisen ezarri behar dela, berorrek Lacomberi aitortu zion moduan. Izan ere, Albert Constantin mediku zuberotarrarekin batera, betidanik izan du Broussainek Ipar Euskal Herriko lehen abertzalea izatearen ospea, ez arrazoi gabe, ziur aski. Orobat, Parisen zela hasi zen harremanetan Hego Euskal Herriko lagunekin eta, hortik aurrera, bizi guztian Ipar eta Hegoaren arteko zubia bihurtu zen, ezinbestekoa euskaltzaleen eta abertzaleen edozein egitasmotan.
Piarres Xarritton da haren bizitza eta lanak sakonkien ikertu dituena eta beti azpimarratu izan du Broussainen jendetasun naturala, hau da, harremanetarako erraztasuna eta, ondorioz, zeuzkan lagun eta ezagunen sare zabala. Hortik, bada, politikagintzan ere izan zuen arrakasta. Hazparnera itzulirik, berehala engaiatu zen herriko bizitzan; 1902an Frantziako gobernuak, 1903tik aurrera katixima euskaraz irakastea debekatu zuen; sektore euskaltzaleek gogor erreakzionatu zuten eta Broussain buruen artean zegoen. Ez zuten agindua ezereztatzea lortu, baina 1903an bertan zinegotzi udalean sartu zen eta 1905ean, auzapezaren ezusteko heriotzaren ondoren, bera hautatu zuten alkate. Postu horretan etengabe, luzaz, iraun zuen, hauteskunde guztietan irabaziz, harik eta 1919an bere kabuz utzi zuen arte, eskualdeko kontseilari nagusi izateko, hain juxtu ere. Hurrengo urtean hil zen, guztiz ustekabean.
Ez da erraza haren ibilbide politikoaren definizio bat ematea. Gaur egungo izendapenek eta alderdi sistemak, ziur aski, ez dute askorik balio. Egia da Broussainek Sabino Aranarekin berarekin harremana izan zuela eta, pertsonalki, abertzale sentitzen zela, baina eguneroko politikagintzan ez dirudi horrek pisu handirik izan zuenik: bestelakoak ziren orduko gakoak Lapurdin. Hori bai, Parisen bizi zen bitartean haren fede kristauaz egon omen ziren esamesak gorabehera, Hazparnera itzuli zenetik eliztar zintzo agertu zuen bere burua maila guztietan.
Euskalgintzari dagokionez, Resurreccion Maria Azkuerekiko harremana nabarmendu behar da. 1897an elkar ezagutu zuten, Donibane Lohizuneko Euskal Jaietan, eta hortik aurrera bi lagunok amets ugari partekatu zuten, elkarri izugarri eragin zioten. Azkuek, duda gabe, asko zor dio: lehenengo eta behin Ipar Euskal Herriko munduaz gain, Frantziakoa ere ezagutzeko atea zabaltzea, milaka xehetasun txikiren bidez. Baina hortaz haratago, ziur aski Azkueren proiektu euskaltzalea, euskara batuaren beharra bera, neurri handi batean Broussainengandik hartua da. Xarrittonen iritziz, gainera, horren euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak zor handia dute Parisen bizi zelarik ezagutu zituen ikasle quebectarrekin, haiexei ikasia baita, hein batean. Hipotesi erakargarria da, baina tamalez froga material gutxi daukana.
Eztabaidaezina da, ordea, Broussainen ekarpen intelektual nagusiak, hots, Euskaltzaindiaren aginduz Arturo Campionekin batera ondu zuen Informe […] sobre unificación del euskera (1920) izenekoak, zehatz-mehatz deskribatu zituela euskara batuaren gainean hartu beharreko erabaki nagusiak eta, modu berean, Broussainek bere gutunerian idatzita utzi zituen hausnarketetan argi eta garbi islatu zuela inork baino lehenago eta argiago ikusi zuela berak euskara batuaren beharra. Hala ere, ez zen Azkue bezalako ikertzailea izan, eta badirudi bere ekarpena batez ere ideiak barreiatzea izan zela eta, aldi berean, gizarte-harremanak eta harreman politikoak erraztea eta bideratzea.
Ildo horretan esku-hartze aktiboa izan zuen Hendaiako (1901) eta Hondarribiko (1902) kongresuen antolakuntzan; baita Cercle d’Études Euskariennes delakoaren sorkuntzan ere (1911), non laster buru hautatua izan baitzen, gerraren ondorioz haren jarduera amaitu zen arte (1912-1914). Arrazoi beragatik ez zuen parte hartzerik izan Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorkuntzaren kongresuan Oñatin (1918), baina berehala kargu garrantzitsuak eskaini zizkioten bietan: lehendakariorde hautatu zuten Eusko Ikaskuntzan (Julio Urkixorekin batera), eta euskaltzain oso eta Jagon sailburu (Arturo Campionekin batera) Euskaltzaindian.
Gutxi idatzi zuen; mediku-tesiaz gain, han eta hemen barreiatuta utzi zituen artikulu labur batzuk Eskualduna eta Eskualdun Ona kazetetan, Eskualdun Gazetaren Almanakan eta Argitzalea izeneko aldizkarian; orobat Euskaltzaindiaren Euskeran eta Euzko Ikaskuntza’ren deian. Hizlari trebea izan zen eta hainbat hitzaldi gogoangarri eman zuen euskaraz; propaganda politikorako ere erabili zuen, hauteskundeetan. Gutun ugari idatzi zuen, ordea, horietako hainbat euskaraz, eta horiexek dira haren pentsamendua eta ekintza ezagutzeko iturri nagusia; Piarres Xarrittonek ahal izan dituen guztiak bildu eta argitaratu ditu.
Sariz eta ohorez den bezainbatean, hil bezain laster anitz artikulu idatzi zuten Ipar Euskal Herriko prentsan, baina laster ahaztua izan zen; 1978an, ordea, zenbait hazpandarrek eta Euskaltzaindiak omenaldia eskaini zioten jaioterrian, haren bi alabak eta familiakoak aurrean zirelarik. 1993ko urriaren 29an Maider de Courson andereak, Jenofa Broussain zenaren alabak, amaren nahia betez, Euskaltzaindiari eman zion aitona zenaren artxibo pertsonala. Piarres Xarrittonek Euskal Ikasketetako doktorego-tesia eskaini zion eta hitzaldiak eta argitalpenak egin ditu sarri haren ohore eta oroitzapenetan.
1899, Les Manifestations nerveuses de l'alcoolisme [mediku-tesia] (Paris: Vigot frères).
1920, Informe de los señores académicos A. Campion y P. Broussain a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del euskera (Imprenta Ave María).
1986, Resurreccion Maria de Azkue eta Pierre Broussain-en arteko elkarridazketa [Piarres Charrittonek paratua] (Euskaltzaindia). PDF
Euskera agerkarian
1919-1920, «“J”-ren otsa eta idazkera / (Pierre Broussain zanak (G. B.) 1920ko epailla’ren 24eko batzarrean egindako ikerpena)». PDF
1919-1920, «Le son et l’ortographe du “J” (Pierre Broussain zanak (G. B.) urte berako iorrailaren 25ko batzarrera bialdu zuan ikerpena)». PDF
1920, «Informe de los señores académicos A. Campion y P. Broussain a la Academia de la Lengua Vasca sobre la unificación del euskera». PDF
1930, «Documento interesante, manuscrito de P. Broussain» [Resurreccion Maria Azkueren itzulpena eta edizioa]. PDF
2004, «Pierre Broussain-en gutundegia: bosgarren gutun azaoaren aurkezpena» [Pierre Charritton eta J. P. Ouretek paratua]. PDF
Iker bilduman
1997, «P. Broussainen gutunak J. Urkijori; P. Broussainen gutunetako izenez zerbait ohar; F. Krutwingen gutunak J. Urkijori» [Piarres Xarrittonek paratua]. PDF