Colin Williams Galesko hizkuntzalaria Euskaltzaindian
Gaur, urriaren 13an, Colin Williams hizkuntzalari galestarra Euskaltzaindian izan da, eta Xabier Kintana idazkariak lagundurik, Akademiaren egoitza bisitatu du. Williamsek parte hartuko du bihar, Bilbon, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu duten "Euskara biziberritzeko bi ekinaldi XX. mendean. Aitzol eta bere lagunak: Euskal Pizkundea (1927-1936) eta mende bukaerakoa (1980-2011)" izeneko jardunaldian, bi erakundeok Aitzol eta Euskal Pizkundearen omenez burutuko dutena. Jardunaldia Bilbon egingo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan (Abandoibarra hiribidean)
Jardunaldi horretan, Colin Williamsek "Europe's Long Century of Language Recognition: Policies and Outcomes’" izeneko hitzaldia emango du, goizeko 9:30ean. Hitzaldian aldibereko interpretazio-zerbitzua izango da, ingelesetik euskarara.
Colin H. Williams Galesen jaio zen 1950ean. Cardiff-eko Unibertsitateko irakaslea da. Gizarte zientzetan, giza geografian eta hizkuntza plangintzan aditua da. 2000. urtean, Hizkuntzaren Galesko Kontseiluko kide izendatu zuen Galesko Batzar Nazionalak. 2010. urtean, Galesko hamalau taldek gutun irekia bidali zioten hango Kultura ministro Alun Ffred Jonesi, eta bertan eskatzen zioten galesa hizkuntza ofizial egiteko, eta hura eskoletan nahiz kalean bultzatzeko neurriak hartzeko. Sinatzaileen artean Colin Williams zegoen.