Ur Apalategi eta Miren Agur Meabe, Euskadi Literatura Sariak
Ur Apalategi eta Miren Agur Meabe idazle eta euskaltzain urgazleek sari bana jasoko dute Euskadi Literatura Sarietako 2011ko edizioan: Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak ipuin bildumak euskarazko narratibako saria jasoko du; Miren Agur Meabe, aldiz, euskarazko haur eta gazte literaturaren atalean saritu dute, Errepidea lanagatik.
Fizkioaren izterrak liburua Susa argitaletxeak kaleratu zuen. Epaimahaikideen iritziz, "maisutasunez erakusten ditu Apalategik giza harremanen argi-ilunak -botere nahiak, arrakastaren obsesioa, amodio kontu gatazkatsuak, hizkuntz konplexuak- euskal literaturaren munduan, baita gure identitatearen iraupenerako funtsezko diren beste zenbait arlotan ere".
Errepidea liburua Erein argitaletxeak eman zuen argitara. Epaimahaiak hauxe azpimarratu du: "Road-movie baten antzera egituratua, idazkera poetikoaren eta gordinaren arteko oreka erakargarrian, betiere sujerentzia indartuz eta pertsonaiei itxaropena kendu gabe, 12 urtetik aurrerako irakurleentzako idazlan paregabe hau nabarmendu nahi dugu".
Bestalde, Joseba Sarrionandiak ere irabazi du 2011ko Euskadi Literatura Saria, euskarazko saiakera alorrean, Moroak gara behelaino artean? liburuagatik.