Gipuzkoako Kutxak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute
Atzo, urriaren 26an, Gipuzkoako Kutxak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, Euskaltzaindiak Donostian izango duen Euskararen Ikergunetik sustatuko diren hainbat proiektu bultzatzeko asmoz. Izan ere, Euskaltzaindiak egiten duen ikerkuntza lana sendotzea da hitzarmenaren xede nagusia; hori dela eta, Kutxak 150.000 euroko kopurua emango dio Akademiari. Sinatze ekitaldia atzo egin zen, Donostian, hauek sinatu zutelarik: Kutxaren izenean, Carlos Ruiz Komunikazio eta Gizarte Ekintzako zuzendariak, eta Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Lankidetza hitzarmenak 2011n garatuko diren zenbait egitasmo zehaztu eta finkatzen ditu. Hala, Euskaltzaindiaren Hiztegia (Adierak eta Adibideak), Lexikoaren Behatokia, Herri Literaturaren Corpusa eta Euskararen Historia Soziala, egitasmoek bultzada jasoko dute.