Euskaltzaindia "Izanaren izena" hitzaldi zikloan
Amaitu da urrian zehar "Izanaren izena" izenburupean Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Udalak burutu duten hitzaldi zikloa. Ziklo horren bigarren hitzaldian Jesus Mari Makazaga euskaltzain urgazle, Akademiako Gramatika batzordeko idazkari eta EHUko Euskara Zerbitzuko buruak Elgoibarko ahozko euskara liburua aurkeztu zuen. Liburua EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratu zuten, Akademiaren Iker bildumaren 25. zenbakia da eta 2011ko apirilean aurkeztu zen Akademiaren egoitzan.
"Izanaren izena" zikloaren lehen hitzaldia urriaren 5ean egin zen, hauek hitz egin zutelarik: Amaia Pinacho eta Nerea Alaba Elgoibarko Toponimia lanaren egileek, eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkari eta lan horren tutorea izan denak. Zikloaren azken saioan Mikel Gorrotxategi izan zen hizlari, urriaren 26an. Gorrotxategik "Amaia, debekatuta zaude!" izeneko hitzaldia eman zuen.