Hitza eta musika hizpide Bilbo Zaharra Forum Jardunaldietan
Etzi, azaroaren 9an, hasiko dira Bilbo Zaharra Forum jardunaldi berriak. Hiru emanaldik osatuko dute "Hitza eta musika" izeneko egitaraua, eta, betiko legez, Euskaltzaindiaren egoitzan egingo dira, Bilboko Plaza Barrian, iluntzeko 19:00etan.
Miren Agur Meabek eta Ibone Ibazetak emango diete hasiera "HItza eta musika" jardunaldiei. Esan bezala, etzi izango da saioa, Meabek eta Ibazetak "Bitsa eskuetan" emanaldia eskainiko dutelarik. Astebete geroago, azaroaren 17an, Xabier Amurizak eta Jon Maiak osaturiko bikoteak "Mende baten aldarria" emankizuna eskainiko du. Hirugarren saioan, abenduaren 1ean, Joseba Tapiak "Eta tira eta tunba" emanaldia aurkeztuko du.
Jakina denez, Bilbo Zaharra Forumaren ekitaldiak Euskaltzaindiak babesten ditu hasieratik. Irailaren 22an, Bilbo Zaharra euskaltegiaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana berretsi zen, bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu zutelarik.