Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzaina omenduko dute, bihar, Meñakan
Luis Baraizarra Txertudi, Meñakabarrenan jaioa, 1940. urtean, Urezandigoikoa baserrian, ibilbide luzeko irakasle, itzultzaile eta euskaltzalea. Meritu horiek guztiak kontuan hartuz, omenaldia egingo diote bihar karmeldarrari bere jaioterrian.
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Meñakako Udalak, herritar guztien izenean, gorazarre egin nahi dio Baraiazarrari: Udalbatzak onartuta, aurrerantzean herriko Udal liburutegiak bere izena eramango du.
Egitaraua: 12:00etan: 'Santa Teresa Jesusena, idazlan guztiak' liburuaren aurkezpena; 12:30ean: udal liburutegiari 'Luis Baraiazarra Txertudi, karmeldarra' izena emateko ekitaldia. Ostean, berari eskainitako ohorezko aurreskua eta bertso saioa. Eta 13:00etan, hurbiltzen direnentzat 'koputxue' agindu du Udalak.
Gogoratu behar da Espainiako Itzulpen Onenaren Sari Nazionala eman ziotela meñakarrari azaroan, ordu batzuk geroago kendu ziotena, Euskaltzaindiaren eta euskal gizarte osoaren harridurarako.