Ikastaroa goizeko 9.00etan hasiko da eta euskara, hirigintza eta kultura alorreko teknikariei zuzenduta dago. "Helburua euskara teknikariek eta hizkuntzaren bestelako erabiltzaileek eguneroko jardunean dituzten arazoetan laguntzea da”, azaldu dio 'Plazaberri'ri Patxi Salaberri euskaltzain eta Onomastika alorreko buruak.
Burlatan jorratuko diren gaiak ere aletu ditu euskaltzainak: "Batetik, toponimiaren eta, oro har, onomastikaren arautzeak euskararen normalizazioan duen munta nabarmenduko dugu ikastaroan; toponimiaren ikerketaren zergatia azaleratzea eta toponimia ikerketa batek egin behar dituen urratsak zein diren ere zehaztuko da; horrekin batera, toponimiak gizartean eta administrazioan duen eta izan behar duen rola agertuko dugu, kale-izenak bataiatzeko tenorean ibiltzen diren irizpideak erakutsi, eta, azkenik, onomastikan erabiltzen diren irizpide horiek zergatik diren nahitaezko eta zertarako behar ditugun azalduko dugu".