NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ELIZAKOAK ETA GORPUTZ-BIDEAK

Nikolas Zendoia (Aia, Gipuzkoa, 1941)

Testu mota: Memoriak

Garaia: 2008

Atala: Herri-kultura

Jatorrizkoa

Hilerrirako bidean, ca. 1950. Izurdiaga (Nafarroa).
Carmen Jusué. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. Heriotza Ohikuneak Euskal Herrian.
Etniker Euskalerria Taldeak.


Oraingoan, kontu serioekin nator, ba, lagunok. Bizitzan denetik daukagulako.

Gure txiki-denboran, elizakoak zer ziren ikasi genuen; ikusiz, gainera. Gure etxean ere baziren zaharrak, eta auzoetan ere bai. Orduan ez zegoen errepiderik, orain bezala, baserrietara. Eta aitona-amonaren bat gaizkitzen zenean, Jauna etxera ekartzen zitzaion, edo eramaten zitzaion. Gertukoa bazen eta urrutikoa bazen. Hari deitzen zitzaion elizakoak.

Nola eramaten ziren, ba, elizakoak? Edo nola eramaten zen Jauna?

Apaizak, betiko sotanaz gain, beste jantzi zuri bat sartzen zuen burutik behera, gerria baino beheraxeagokoa. Ez dakit zer izen zeukan. Eskuetan esku-kutxa txiki bat hartu, barruan Jauna zuela, eta zapitxo batekin estalita eraman ohi zuen elizatik gaizki zegoenaren etxeraino.

Baina apaiza bakarrik ez zen joaten. Sakristaua izaten zuen laguntzaile, edo serora-etxekoren bat, arropa txukunak jantzita, eskuan zintzarria zuela. Elizako zintzarria, jakina: Santuseko txilina jotzeko erabiltzen zuena. Edozeinek galdetu lezake: sakristauak zer eginkizun zeukan, ba, eskuan zintzarria zeramala? Hark adierazten zuen Jauna zeramatela gaizki zegoenarengana. Eta bidean zihoazela norbait ikusiz gero, txilin-txilin-txilin jotzen zuen.

Bidez bide joaten ziren elizakoak eramatera. Ez zegoen joaterik lasterbideetatik. Errespetu falta izango zatekeen edo apaizaren hutsegite bat. Gurdibideak izaten ziren errespetagarriak ekintza haietarako.

Bide berean norbait gurutzatzen bazuten, norbait hura zegoen-zegoenean belaunikatu egingo zen. Urrun samar ikusten zenari ere txilina jotzen zitzaion. Soroan aitzurrean edo zelaian belar-lanetan ari zirenek txapela erantzi ohi zuten txilin-hotsa entzuteaz bat, harik eta urrutiratu arte. Eta Paternosterren bat errezatu.

Gaixoaren etxekoak ere zain egon ohi ziren elizakoak noiz helduko. Arropa txukunak jantzita baita ere, errespetu handiz, Jauna etxera zetorrela eta. Gero, bakoitza bere lanetara. Eta apaizari eta sakristauari zerbait eskaini ohi zitzaien plater txuri batean: gaileta batzuk eta ardo pixka bat, edo horrela.

Orain artekoa ari naiz kontatzen egunez eta eguraldi ona buruan dudala. Kontu atera gauez ere gertatzen zela elizakoak eraman beharra. Orduan, sakristauak esku batean zintzarria eta bestean farola edo esku-argiren bat izaten zuen. Okerrena, berriz, eguraldi txarra zenean. Orduan, aterkia edo mantaren bat burutik hartuta, ahal zen bezala. Baina errespeturik galdu gabe.

Tristura handia sortzen zuen, etxeren batera elizakoak zihoazela ikustean. Eta are handiagoa, norberaren etxera zetozenean.

Lehenago nioen gurdibidea edo bide zabala errespetagarri zela zenbait ekintzatarako. Bai horixe. Bide zabala gorputz-bidea baitzen. Baserrian norbait hiltzen zenean, hilotz-kutxa sorbaldetan lau lagunen artean eramaten zen oinez elizaraino, nahiz eta kilometroak izan bidean.

Sei gizonezko, sei mutil, hautatzen ziren hartarako. Lauk eraman, baina bi txandakatzeko. Orain aurrekoak txandakatu eta gero atzekoak. Ez baitzen neke berdina izaten beti, aurrean eta atzean. Bidearen arabera. Goraka zenean, atzekoentzat zen nekea. Eta beheraka zenean, aurrekoentzat. Baina nioena: beti bidez bide.

Baziren bideak erreka ondotik pasatzen ziren uneak zituztenak ere. Eta ur handiak zirenean, bidea pixka bat urak hartuta egon arren, handik pasa beharra zegoen hilotza, ondoren zihoan jendea nahiz eta pixka bat alderatu.

Eta elizkizuna amaitzean, berriro lehenago nioen bezala eramaten zen hilotza kanposanturaino: sorbaldetan.

Badakizue herrietako kanposantuak beti herritik gora izaten direla; eta toki batzuetan nahiko urruti, gainera. Huraxe izaten zen nekagarria. Lehenago bi edo hiru kilometroan joan bazinen hilotzarekin, gero, berriz, eliza nagusitik kilometro erdi edo kilometro bat kanposantura. Eta goraka.

Ni ere izan nintzen behin gorputz-jasotzaile, eta aipatu ditudan bide-luzera haiek egin genituen. Sasoikoa nengoen, baina jolaserako gogoak alde eginda geratu nintzen. Begira egoteko ere ez zen atsegina hura. Eta azpian joateko, txarragoa.

Jasotzaile nioen, bai. Jasotzaileak deitzen zitzaien hilotza zeramatenei. Gero, hamaiketakoren bat ematen zitzaien, orduko hiletak beti goizez izaten zirenez.

Gehienean, auzoetako mutilak izaten ziren lan hartarako hautatuak. Eta lehenago ez dut esan, baina hilkutxa etxera eramatea ere oinez eta bidez egiten zen. Hartarako ere auzoko edo auzoetako bi izaten ziren. Alde banatan jarrita, bat aurrean sorbalda batez eta bestea atzean beste sorbaldaz.

Horra, ba, garai bateko ohiturak eta eginbeharrak.

Illotza sorbaldatan
nunai mendiz mendi,
atera izandu zan
amaika izerdi.
Oiturak berdin ziran
alderdiz alderdi.
Gaur erosoago da,
eta ala bedi.
Tristurari nekea
kenduta, gaitz erdi.

El Diario Vasco, 2005-11-16

ZENDOIA, Nikolas (2008). Sasi guztien gaiñetik. [Argitalpena: Pello Esnal]. Donostia: Auspoa liburutegia 308. (235-237).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper